GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Idazleen biltzarrak, 25 urte

Sarako hitzorduaren zauri goxoa

Oren guztiek dute gizona kolpatzen», dio Sarako kanpandorreko erlojuko esaerak. Alabaina, Saran bertan bada urtero, Bazko astelehenean, inor, larri behintzat, zauritzen ez duen hitzordu bat: Idazleen Biltzarra.

p039_f01.jpg

Martin ANSO

Egun euritsu eta hotza zela kontuan izanik, inork gutxik espero zuen Sarako kiroldegian hainbeste jende biltzea. Bildu zen, ordea; ez, baina, Biltzarrak orain dela 25 urte sortu zenez geroztik ezaugarri nagusitzat izan duena zapuzteko adina; ez idazleen eta irakurleen arteko harremanari traba egiteko adina, alegia.

Xipri Arbelbidek -Txomin Peillenekin batera atzo omendu zutenak- ondo gogoan du lehen edizioa: «Hogei bat idazle baizik ez ginen, gela txiki batean bilduta; hau, emeki-emeki, handituz joan da; ez da Durango, halere».

Horretan denak datoz bat, baita atzo salmahaiz salmahai ibili zen Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariak bera ere: «Hemen idazlearekiko harreman zuzenari eusten diogu; ez dut esango Durangon guztiz galdu denik, baina, neurriagatik, beste modu batean egiten da».

Iritzi berekoa da Pello Eltzaburu Pamielakoa. Dena dela, Sara merkatu gisa ere sendotzen ari dela nabarmendu du: «Gero eta gehiago saltzen da, baina oso gutxitik hasi ginela kontuan izan behar da; esaterako, etorri ginen lehen urtean bizpahiru liburu baino ez genituen saldu».

Azken urteotan, gero eta gehiago dira, Pamiela bezala, Biltzarrean presente diren argitaletxeak. Batzuen ustez, gehiegi. «Gero eta toki gehiago hartzen dute eta nahiago nuke gutxiago hartuko balute -aitortu du Arbelbidek-. Hemengo filosofia idazlea eta bere liburua da, ez argitaletxea».

Etorkizunari begira, oreka bilatu beharko, baina beharbada ez argitaletxeei dagokienez soilik. Ur Apalategik, Utruisque Vasconiaekoak, zera ohartarazi du: «Idazle gazte mordoxka dago eta gazte horiek ez ditut ikusten hemen, salmahaietan, adin batetik gorakoak dauden bezala».

Apalategik ondoan du Txomin Peillen. Izan ere, Utriusque Vasconiaek plazaratu berri du zuberotarraren «Jende ederrak lanean». «Ipuinak dira -adierazi du idazleak berak-, irri egitekoak, nolabaiteko karikaturak. Hor azaltzen dira bi polizia mota, epaile bat, mediku pare bat, ministro bat...». Liburua inprentatik atera berria da. «Oraindik aurkezpen formalik egiteko aukerarik ere ez dugu izan -desenkusatu da Apalategi-, baina Biltzarraren karietara atera nahi genuen, Txomin omentzen dutelako. Ipuinotan Txominen estiloak daukan onena uztarturik dagoela uste dut, hots, erritmo bizia, ironia eta satira soziala. Beharbada liburu honek izan dezake, Txominek gure literaturaren historian duen tokiagatik, merezi duen oihartzuna».

Liburu berri asko

Peillenena ez zen atzo plazara atera zen liburu bakarra. Maiatz-en mahaian, aldizkariaren zenbaki berriaz gain, Marikita Tambourinen «Singapurreko gutunak» eta Andre Peesen «Euskararen irakurketa matematikoa» eskaintzen zituen, besteak beste, Luzien Etxezaharretak. Etxezaharreta bera euskal komunikabideei buruzko liburu berri baten egilea da, Michel Oronosekin eta Xipri Arbelbiderekin batera.

Arbelbide, bistan da, arrazoi askorengatik zen atzo protagonista, eta arrazoi horietako bat beste liburu bat zen: «Xuri-gorriak». Bertan, duela ehun urteko ezkerraren eta eskuinaren arteko liskarrak aztertzen ditu garai hartako euskal prentsaren argitan. «Gorrien artikuluak agertzen diren lehen aldia da, orain arte beti zurienak (eskuinarenak) agertu direlako», nabarmendu du.

Saran liburuak bakarrik saltzen ez direlako, Peio Serbielle zegoen, izkin batean, «Naiz», bere azken diskoa, eskaintzen. Pozik da, arazoak arazo, lana bere bidea egiten ari delako. Adorez ere «ongi» dago, baina epaileak ezarritako mugak hor daude: «Belgikara joan behar nuen kantatzera eta ez dut joaterik izan; noiz arte?».

Dakit argitaletxean, «L'aménagement du territoire en Pays Basque» zen nobedade nagusia. «Eusko Ikaskuntzak antolatutako jardunaldi batzuen txosten bilduma da -adierazi du Sabin Oregi editoreak-. Guztira, 18 dira egileak, Eguzki Urteagak koordinatuta».

Euskaltzaindiak ere izan zuen lan berriak aurkezteko tarterik, eta langintza horretan aritu ziren Jon Casenave eta Piarres Xarritton, aldean Andres Urrutia eta Jean Haritschelhar zituztela. Casenavek Pierre Lhande izan zuen mintzagai; Xarrittonek, berriz, Pierre Broussain. Ohi duen bezala, jakintsu bezain sutsu hitz egin zuen Xarrittonek. Esaterako, Claude Lévi-Strauss jatorriz euskalduna dela esan zuen, bere ama Baionako rabinoaren alaba zelako. Lapurdiko hiriburuan unibertsitate indartsu bat egitearen alde agertu zen, eta, irakasle gisa, Sarrionandia eta Alvarez Santacristina proposatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo