GARA > Idatzia > Herri-kirolak

harri-jasotzea

Irigoienek apusturako deia egin dio Izetari

p058_f02.jpg

Jon LEUNDA | TOLOSA

Aimar Irigoienek apusturako deia egin zuen atzo Tolosako Kantabrikon, eta Izeta II.ari zuzendu zitzaion. Aimarrek oraintxe bete ditu 22 urte eta Izetak, 41 ditu.

Izeta II.ak joan den asteazkenean edozeinekin jokatzeko prest zegoela iragarri zuen, eta baldintza batzuk jarri zituen; atzo errezildarrak bota zuen berea.

Errezildarra jokatzeko prest legoke, eta 150 kiloko harri kubikoa izango litzateke jokatzeko erabiliko luketena. Lanerako, berriz, hamar minutuko hiru txanda izango lituzteke. Jokatu, berriz, azaroaren 15etik, abenduaren 31ra bitarte jokatuko lukete. Dirutan, berriz, alde bakoitzeko 30.000 euro izango lirateke.

Aimar Irigoien bere lagun taldearekin agertu zen, eta beraiek hilaren 12an Tolosako Kantabriko tabernara agertuko dira, 18.00etatik 20.00etara eta han egongo dira aiarraren zain.

Apustua bere horretan onartuko balitz, herri kirol munduan inoiz jokatu den diru kopururik handiena izango litzateke, orain arte ez baitira apustu batean 30.000 euro inoiz jokatu.

«Guk apustua serio eta ondorio guztiak kontuan hartuta bota dugu. Aimarrek denbora asko behar du hau prestatzeko. Berak ez du lan hau inoiz egin, eta ez dakigu moldatuko den ere. Beraz, horrek lan asko eta sakrifizio handia eskatzen du, eta horregatik jarri dugu diru kopuru hori», esan zuten bere laguntzaileek. Argi dago apustu horrek sekulako ikusmina piztuko lukeela, harri horiekin gaur egun dauden bi onenak baitira. Horregatik, apustua gauzatuko balitz non jokatuko litzatekeen ere galdetu zitzaien, eta zera esan zuten: «Hori azkenean erabakitzeko kontua da. Badakigu jende asko batuko dela, eta agian Tolosako zezen-plaza izango da egokiena, Azpeitian baino jende gehiago sartzen delako, baina Ilunbe ere ez da baztertu behar. Han jende asko sartzen da, eta estalita dago, eta neguan izango litzatekeela kontuan hartuta, leku aproposa izan liteke, baina aurretik apustua egin beharko da, eta orduan ikusiko da», aitortu zuen.

Erantzuna

Izeta II.ak atzo Euskadi Irratian esan zuenez, bera hitz egitera agertuko da, nahiz eta berak besterik gabe atzoko baldintzak ez dituen onartuko. Besteak beste, diru kopurua gehiegizkoa dela onartu zuen. Berak, 10.000 euro jokatzea eskatu zuen, eta atzo askoz ere gehiago eskatu zuten errezildarrek.

Dena dela, hitz egitera agertuko zela iragarri zuen, eta hori berri pozgarria da, izan ere, hitz eginez konpontzen dira gauzak, eta apustuak beti ez dira egiten desafioa bota duenaren arabera; gero hitz eginez, bi aldeak ados jarri behar dira.

Jendeak poztasunez eta ilusio handiz hartu zuen atzo Aimarrek egindako deia, eta apustua gauzatzen badute, poz handia hartuko dute herri kirolaren zaleek eta, batez ere, harri-jasotzearenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo