GARA > Idatzia > Musika

«Taldearekin badago atzetik harreman sare bat kantuak aberasten dituena»

p057_f03_199x112.jpg

Andoni Tolosa «Morau»

musikaria

Kantu egile, irrati esatari, musika kritikari, disko jartzaile... azken finean musikazale amorratua dugu besteak beste Info 7 irratiko eta Mugalari gehigarriko kolaboratzaile den Andoni Tolosa hernaniarra. Orain, «Morau» musikariaren azalean sartu da berriro, Agotak taldearen laguntzaz Gaztelupeko Hotsaken «Kalamidadeak» argitaratzeko. Apiril bukaera aldera, zuzenean ikusteko parada izango dugu.

A. BILBAO | BILBO

Andoni Tolosa hernaniarra Morau-ren azalean sartu da berriro Gaztelupeko Hotsak disko etxearekin bosgarren lana plazaratzeko. Oraingoan, inguruan dituen kalamidadeen bilduma egin eta Agotekin batera pop rock moldean emanak datoz hamabi kantuak, elkarlanean. Tartean, Imanol eta Amurizaren «Mendian Gora» eta Balerdi Balerdiren «Lore etxean» kantuen bertsioak ageri zaizkigu. Baita Mattin marrazkilari lagunaren marrazkiak ere, ohi duen legez.

«Satorrak» poesia liburua argitaratu geroztik musikari emana zabiltza.

Bai. Erosoago sentitzen naiz kantuak idazten poesia idazten baino. Azken batean egiten ditudan poemek badute musikaltasuna, kanturako aproposak dira eta bide horri eutsi diot modu naturalean.

Bakarka luze jardun ondoren, Agoteen laguntza duzu orain.

Aurreko diskoa egiteko sortu genituen Agotak eta oraingoan sakondu egin da harremana. Kantuak neureak badira ere, moldaketak taldean egin ditugu eta disko honetan pisu handiagoa izan du taldelan horrek.

Zuzenerako talde bat baino zerbait gehiago dira Agotak, beraz.

Bai, badago atzetik harreman sare bat kantuak aberasten dituena. Beñardorekin lotura handia dut. Gustu izugarria du musikarako, zabala baina zorrotza, eta oso ondo somatzen ditu nire kantuek izan ditzaketen beste ikuspuntu batzuk, agian nik neuk ere ikusten ez ditudanak. Bestalde, Jexuxen lana oso inportantea izan da disko honetan. Ekoizpenaz arduratu da, oso ideia garbikoa da, eta soinu maila orokor bat eman die kantu guztiei. Eta baterian aldaketa bat izan dugu. Aurrerantzean Ander Barrenetxeak beteko du zuzenean Igor Mendiaren tokia.

Soinuan ere bada aldaketarik, «Txukalda»rekin gonbaratuz.

Kantuak pop rock klabean idatzi izana du berrikuntza nagusi. Aurreko diskoarekin alderatuta, garapen bat antzematen da soinuari dagokionez eta, aurrekoan doinu countryak baziren nagusi, oraingoan berriz power popera jo dugu.

Kantatzerakoan berriz ahots propioa lortu duzu.

Kantuak egitean nire tamainan egiten ditut, ni eroso sentitzeko. Betiko Morau da, baina, hori bai, azken lan honetan inoiz baino hobeto kantatu dudala uste dut. Gainera, hastapenetan legez, azken disko honetan hitzak idatzi ditut aurrena, hauei garrantzi handiagoa eman nahian.

Kantautoreak gizarte kronista izan behar zuela irakurri genizun behin.

Nik gustuko dut autobus geltoki batean edo autobus barruan jendeari entzundako kontuak kantatzea, inguruan gertatu edo ikusten dudanari kantatzea. Disko honetarako kantuak egitean, adibidez, garbi neukan kalamidade zerrenda bat egitea. Jendeak, hala ere, inoiz baino gai serioagoak landu ditudala, baina kantuak inoiz baino alaiagoak direla esaten dit.

Morauren kantagintzan etengabe nabarmentzen da umorea eta ironia.

Nire izatearen parte da, baina saiatzen naiz zorrozten kantuak egiterakoan eta lan honetako kantu bat baino gehiago hamaika aldiz idatzita dago bata bestearen gainetik, umore hori ahalik eta zorrotzen ager dadin.

Irrati esatari, kanta egile, disko kritikari, disko jartzaile...

Musikazale amorratuak gara, ez gara profesionalak, eta moldatzen gara, ahal bezala.

 

KALAMITATEAK

«Hitzetan inoiz baino gai serioagoak landu ditudan arren inoiz baino disko alaiagoa egin dudala esaten dit jendeak»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo