GARA > Idatzia > Kirolak

XIBA Aurten ere GARAK Herrien Arteko Euskal Jokoen V. Topaketen berri emango du

Iritsi da herri kirolaren festarik parte hartzaileena

Gipuzkoako lehen jaialdia larunbat arratsalde honetan bertan ospatuko da Hernaniko kiroldegian

p047_f01_199x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Herrien Arteko Euskal Jokoen V. Topaketak larunbat honetan hasiko dira Hernanin. Urtero legez, Euskal Herri osoko neska-mutilek gure kirol eta joko tradizionalekin gozatzeko aukera izango dute, festari ere uko egin gabe. Jakina denez, Ikastolen Elkarteko kide den Xiba proiektuak antolatzen ditu jaialdiok.

Egutegiari dagokionez, aurten bi topaketa antolatu dira Gipuzkoan, beste bi Nafarroan, eta jaialdi bana ospatuko dituzte Lapurdin, Araban eta Bizkaian. Gipuzkoako lehen topaketa larunbat honetan iritsiko da Hernanira eta, oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, baliteke bigarrena ere bertan antolatzea, ekaina aldera. Nafarroan lehena Baigorrin egingo dute apirilaren 19an -Elizondo inguruko zenbait herrik eta Zuberoako taldeek parte hartuko dute bertan- eta bigarrena, maiatzaren 24an, Leitzan kokatu dute.

Bestetik, Lapurdiko kanporaketa maiatzaren 10ean jokatuko dute Saran -Herri Urrats ospatuko den asteburuan-; Arabakoa maiatzaren 17an, Gasteizen; eta Bizkaikoa maiatzaren 25ean, Zornotzan -Ibilaldiaren barruan ospatuko da-. Azken jaialdian 24 taldek parte hartuko dute; lekua, ordea, antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu. Herrialde bakoitzetik sailkatuko den herri kopurua topaketa bakoitzeko parte-hartzaile kopuru osoaren arabera erabakiko da aurten ere. Gutxi gorabehera hiru eta bost talderen artean ibiliko da.

Kirolariek lau multzotan banatutako 14 bat probetan parte hartuko dute. Lehen txandan harri-jasotzea, ingudea, lasto-altxatzea eta musa leudeke; bigarrenean trontza, lokotxa, txingak eta zakua; hirugarrenean toka, xiba, dantza eta egur-pila; eta laugarrenean sokatira. Gero, herrialde bakoitzean beste jokoren bat gehituko zaio zerrendari; Araban bola-jokoa, esaterako.

Zenbait berrikuntza

Baina esaerak dioen moduan, berritu ala hil. Aurtengo topaketetan hiru berrikuntza nagusi egongo dira. Lehenik, harri-jasotzen edota lasto-altxatzen erabiliko diren pisuak pixka bat jaitsi egingo dituzte, kirolarien gaitasunera hobeto egokitzeko. Bigarrenik, zenbait probatan -zakua eramaten edota egur-pilan, esaterako- bi herri batera arituko dira talde bakarra osatuz, hala, herrien arteko harremana bultzatzeko. Azkenik, markagailua probaz proba berrituko da, kirolariek eta ikusleek une oro jakin dezaten talde bakoitzaren egoera zein den -aurreko urteetan amaiera arte itxaron behar zen emaitza ezagutzeko-.

Araudiari dagokionez, orain arteko baldintza berak eskatuko dira. Esate baterako, 16 urtetik gorako pertsonek bakarrik parte har dezakete topaketetan eta talde bakoitzak 12 kidez osatuta egon behar du, eta 6 mutil eta 6 neska izan beharko dira. Talde bakoitzeko mutil bat eta neska bat bakarrik egon daitezke federatuta eta kirolari horiek ezin izango dute beren ohiko jardunean aritu. Talde bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu, eta izena emateko posta elektroniko bidez jarri behar da antolatzaileekin harremanetan honako helbide honetara idatziz: xiba@ehik.ikastola.net

Donostiako aurkezpenean Iñaki Kortaberriak, Ione Larrañagak eta Ellande Alfarok, Xibako kideek, eta Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, hartu zuten hitza. Kortaberriak topaketen helburuak aipatu zituen: herri-kirolak sustatzea gizarte mailan erreferentzia izan daitezen, ez elite moduan, auzolan moduan baizik; herrien arteko harremanak bultzatzea; aisialdi eredu ezberdin bat proposatzea, ikusle soila izateari utzi, eta modu aktiboan parte hartzeko aukera emanez; eta hori guztia euskaraz egiten saiatzea. Tellituk, aldiz, euskal curriculuma aurkeztu berri duten egunotan, Xibak soinketari eman dion balorea, kirol eta joko propioen lanketa, eta aisialdi-eredu berriei emandako bultzakada nabarmendu zituen.

GIPUZKOARRAK

Orain arteko lau ekitaldietan Gipuzkoako herriak nagusitu dira: Zizurkil 2004an, Asteasu 2005 eta 2006an, eta Beasain iaz. Beste herrialdeetako taldeek erronka polita dute gipuzkoarrei behingoz aurrea hartzeko.

EGIBAR GOGOAN

Atzo Donostian egindako aurkezpenean, Xibako kideek Mikel Egibar gogoan izan zuten. Zoritxarrez, Egibar kartzelan dago gaur egun 18/98 auzia dela-eta, baina bere lagunek ez dute ahaztu hark egindako lan guztia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo