Akordiorik gabe ez dela hezkuntzan erreformarik izango ohartarazi dio PSEk Lakuako Gobernuari
GARA |
Atzo Isabel Celaa PSE-EEko bozeramaileak Lakuako Gobernuari ohartarazi zion akordio zabalik gabe hezkuntzan ez dutela erreforma garrantzitsurik egiterik izango. Abertzaleen bozekin soilik aurrera ateraz gero, ez duela baliorik izango azaldu zuen.
Bere ustez, legegintzaldia bukatzear denez, une politiko honek ez die Tontxu Camposen asmoei laguntzen. Duela hilabete batzuk, galdeketari «erabateko lehentasuna» emanez, Juan Jose Ibarretxek legegintzaldiari ba- lioa kendu ziola kritikatu zuen Celaak. Bere iritziz, hezkuntzaren erreforma lehendakari «sozialista» batek zuzendutako gobernu batek egingo du beste garai historiko batean.
Toki guztietan hiru hizkuntza ereduen eskaerari jaramon egiteko eskatu zion PSE-EEko eledunak Lakuako Gobernuari, baita ikasleak dauden bitartean eredurik ez kentzeko ere. Gainera, bere alderdiak legezkoa ez den proposamen bat erregistra-tu duela jakinarazi zuen. Hezkuntza curriculumaren arauak garatzean hizkuntzari erreferentziarik ez egitea dute helburu, legearen esparruan erreforma bat egiteko ados jarri arte behinik behin.
Bestalde, diru publikoari esker funtzionatzen duten itunpeko ikastetxeek eta Lakuako Gobernuak finantzaketari buruz egindako negoziazioaren berri prentsaren bidez izan dutela adierazi zuen. Horregatik, Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek, negoziazio hori ganberan azal dezan nahi dute.
Legebiltzarkideak nabarmendu zuenez, Camposen politikaren ezaugarriak nahasmena, inprobisazioa eta eragile sozialekin eta legebiltzarreko taldeekin adostasunik eza dira. Beraz, argitasuna eskatu zuen.
Eskola publikoa sustatu
Hezkuntza Legea aldatu arte ezin dela dekretuz curriculumeko alderdirik aldatu oroitarazi zion Celaak Camposi; hizkuntzari ematen zaion tratamendua ere ez (gaurko A, B eta D ereduak kendu eta euskara komunikazio-hizkuntza izateko proposamena egin du Lakuak).
Legeak ezarritako hiru ereduei muzin egin eta «irakaskuntzan hizkuntza eredu bat inposatzeko» asmoz, itunpeko ikastetxeen finantzaketa osoa diru publikoarekin egitea nahi duela aurpegiratu zion sailburuari. Horren harira, itunpeko ikastetxeen finantzaketa osoa baliabide publikoekin egiten bada, hauek sare publikoak eskaintzen dituen zerbitzu berak eskaini beharko dituztela aipatu zuen, tasak ez kobratzea barne. Ikastetxe hauek, askotan, ikasleak arrazoi sozio-ekonomikoengatik aukeratzen jarraitzen dutela gaine- ratu zuen. Eskola publikoak, berriz, «ikasteko laguntza jasotzeko behar bereziak dituzten ikasle gehienak» hartzen ditu, Celaaren ustez. Hori dela eta, eskola publikoa sustatzeko eskola-itun berri bat eskatu zuen.