GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Justiziaren azken ostikoa

Arrasateko alkate Ino Galparsorok, nik dakidala, ez du Euskal Herriaren existentzia bera ukatzen dutenak mapa politikotik desagertzerik nahi; aitzitik, nik dakidala, horiek ere erabaki dezaten nahi du, beren proposamena aldeztu eta gauzatzeko aukera izan dezaten; esate baterako, Estatu espainolak eta frantsesak euskal herritarren antolaketa erabaki dezaten. Gaur egun indarrean dagoen egoera, alegia.

Baina Galparsorok mapa politikotik desagertzerik nahi ez duen horietako askok kosta ahala kosta Galparsoro eta bere proiektua desagertzea nahi dute. Kosta ahala kosta, bai, demokraziaren izenean hitz egiten badute ere, ondo asko dakite-eta hori demokrazia sakrifikatzea dela. EAE-ANVkoen jokaera, haien itxura edo hizkera ez-etikoa, itsusia edo desegokia begitandu dakizkieke, baina horiek arrasatearren botorik gehien jaso zituzten herri ordezkariak dira. Arrasaten ere bada-eta gizartea, nik uste. Eta hark erabaki zuen, hamaikagarrenez erabaki ere, alkatea ezker abertzalekoa izatea.

Espainia eternalaren etika ez da demokraziarekin bat etorri. Ezta demokrazia espainolarekin ere. Etika kaskarra, gero. Eta etika eta demokrazia bat ez etortze hori konpondu behar izan du Baltasar Garzonek. Epaile jauna irudikatu dut: «esto lo arreglo yo de dos patadas», Zapaterok PPkoak zein karka eta eurak zein progre diren errepikatzen duen aldi berean. Eta zuzenbideari, etikari eta euskaldunei ostikoak jotzen ohituta dagoenak berriz ere unean uneko gobernuari babak eltzetik atera dizkiola usteko du, inork ostikadarik sumatu -eta batek hartu- ez balu bezala.

Atzo Maiatzaren 1a izan zen. Langileen eguna. Munduko langileok, lan gaitzean zailtzeko prest zaudeten langileok, bat egin ezazue, bat egin dezagun, lanak emango dizkigu-eta aurrean dugun zeregina, etikaren kontrako borroka latza, alegia. Gaur egun etikak Euskal Herrian jende ona kartzelatu ez ezik, mundu osoan jende ona hil ere egiten du-eta. Kapitalaren etika. Gobernuek bere egin eta haren araberako arauak ezartzen dituzte, betetzen ez dituenak justiziaren ostikoak jaso ditzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo