GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Ontza bat txokolate

Medikuak irribarre egin zion Manolitari. Esan zion egia zela bere semeak gezurrak esaten zituela, baina ez zen Aitzol mutil maltzurra zelako edo gurasoak engainatu nahi zituelako, gezur horiek sinistu egiten zituelako baino

Ontza bat txokolate goizetan onena», dio kanta zaharrak. Egunero-egunero txokolate pixka bat jatearen onuraz ohartarazten gaitu Ondarroako kanta tradizionalak, bizitza gozatzeko premiaz ari da.

«Un poco de chocolate» du izena Aitzol Aramaioren estreinako filmak. Txokolatea bertan ere. Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» nobelan oinarrituta dago filma, eleberriaren irakurketa zinematografikoa da. Eta kanta zaharrak bezala filmeak ere bizitza gozatzeko premiaz ohartarazten gaitu. Baina, hori bai, bizitzaren alderdirik latzenak ahaztu gabe. Ontza bat txokolate jatea egunero ona da, baina horixe da neurria.

Aitzol Aramaio umetatik ezagutzen dut, gure etxeko pareko atean bizi baitzen bere amona; solairu berean bizi ginen, bosgarrenean. Txiki-txikitatik joaten ginen Aitzol eta biok hondartzara udan eta mendira neguan. Banaezinak ginen. Eta txiki-txikitatik joaten ginen igandero zinemara, garai haietan ez baitzegoen plan hoberik igandeetan, zer edo zer erakargarria egiteko.

Igandeak haurrentzat arropa berria janzteko egun aspergarriak baino ez ziren orduan. Garai haietan hiru zinema areto zeuden gure herrian: Bide Onera, Alameda eta Pesca. Gaur egun bakarra baino ez da geratzen, Bide Onera izenekoa, eta bera zaharkituta dago. Baina gure sasoian aretoak haurrez gainezka egoten ziren, arratsaldeko lauretan hasten zen emanaldirako. Sarrera berrogeita hamar pezeta ordaintzen genuen urte haietan.

Aitzolen ama, Manolita, kezkatuta joan zitzaion behin gure amari. Esan zion arduratuta zegoela semearekin. Izan ere, Aitzolek gezur asko esaten zituen. Horren kezkatuta zegoen ezen medikuarengana joatea erabaki zuten, Aitzolek gaitzen bat izango zuela susmatzen zuten. Baina medikuak irribarre egin zion Manolitari. Esan zion egia zela bere semeak gezurrak esaten zituela, baina ez zen Aitzol mutil maltzurra zelako edo gurasoak engainatu nahi zituelako, gezur horiek sinistu egiten zituelako baino. Aitzolentzat gezur horiek egiak ziren, benetan gertatzen ziren fantasia haiek. «Zure semeak irudimen handia du, horixe da dena» esan zion medikuak. Horixe zen haurrak zuen gaitza. Lasaitu egin zen medikuaren bisitarekin Manolita, eta gauzak beste era batera hartzea erabaki zuen ordutik aurrera.

Geroztik, Manolitak egia izango balira bezala hartzen zituen semearen gezur txikiak, ez zen haserretzen semearekin. Jolas hari jarraitu egiten zion amak. Eguna joan eguna etorri, haurra handitu egin zen eta egun batean gezurrak esateari utzi zion Aitzolek. Irudimena beste gauza batzuetarako erabiltzen hasi zen gutxika-gutxika. Susmoa dut Aitzolen antzekoa izango zela Unai Elorriaga bera ere txikitan.

«Un poco de chocolate» filmean nabari da zuzendariaren irudimen handia. Pasarte bakoitzean ikusten da hori, eszenarik eszena. Eskerrak eman behar dizkiogu Manolitari, eskerrak zinez, bere sasoian semearen gezur txikiei bidea ematearren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo