GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aniztasunaren Agenda, hedabideen lana aberasteko

Immigrazioa eta gutxiengo etnikoen gainean igortzen den informazioa normalizatzeko eta kolektibo hau era positiboagoan ikusarazteko helburuarekin Mugak eta Xenomediak webgune bat jarri dute abian. Ekimenak kazetari, erakunde eta partaideen artean sare sozialak sorrarazi nahi ditu. Jada lortu dute 500 informazio iturri baino gehiago batzea bertan.

Maider EIZMENDI |

Urteak daramatzate Mugak eta Xenomediak immigrazioa eta gutxiengo etnikoen gainean zabaltzen den informazioa ez dela egokia ohartarazten. Oraingoan pauso bat gehiago eman, eta «positiboan jardutea» erabaki dute, informazioa hobe dadin tresnak eskainiz.

Atzo aurkeztu zuten Donostian Aniztasunaren Agenda, immigrazioa eta gutxiengo etni- koei buruzko direktorioa. Dagoeneko 500 informazio iturri alternatibo eta gehiago jaso dituzte bertan. Inmigranteak, inmigrazioan adituak, kazetariak... Helburua, «hedabideek immigrazioari eta gutxiengoei buruzko informazioa emateko modua normalizatzea eta kolektibo hau era positiboagoan ikusaraztea» da; izan ere, beraien ustez, gutxiengoei hitza emanez lortzen da gizartearen ikuspegi errealistagoa ematea.

Egun, ohartarazi zutenez, hedabideek immigrazioa eta gutxiengoak «delinkuentziarekin eta gatazkarekin lotuak aurkezten dituzte», oro har, eta informazio iturri nagusiak instituzioak eta polizia izan ohi dira. «Etorkinak, aldiz, hamar albistetatik behin baino ez dira ageri informazio iturri nagusi gisa».

Atzodanik abian den webguneak, http://ad.mugak.eu/, tresna izan nahi du, kazetariek nahiz gaian interesa dutenek «iturri alternatiboetara, migrazio prozesuarekin loturikoetara jotzeko aukera izan dezaten modu azkarrean, eta era berean, horiek ere informazio iturri baliagarri direla ikus dezatela, etorkinen jatorrizko herrialdeen edo beren bizi baldintzen berri jasotzeko».

Baina, aldi berean, bi noranzkoak landuko ditu ekimenak, izan ere, «gutxiengoek ere hedabideetako profesionalekin harremanetan jartzeko lotura zuzenagoa izan dezatela bilatzen dugu». Azken batean kazetari, erakunde eta partaideen artean sare sozialak sorrarazi nahi dituzte. Etorkizun hurbilean, gainera, webgunean bildutako informazio iturriak ugaritzea espero dute eta «immigrazioaren eta gutxiengo etnikoen gainean esatekorik duten guztiei» gonbita egin zioten webgunean sartu eta izena eman dezaten.

Ekimena XenoClipse proiektu europarraren barnean dago. Azken honen funtsa, hedabideetan aniztasuna sustatzeko xedearekin, Internet bidez erabiltzeko diren tresnak garatzea da eta Mugak eta XenoMediaz gain, Stavanger, Gante, Kolonia eta Bartzelonako unibertsitateek parte hartzen dute proiektuan.

guztion eskura

Nahi duenak ahal izango du webgunean izena eman eta, hori eginez gero, aukera izango du aditu, elkarte, kazetari eta etorkinekin harremanetan jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo