GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA | Aste Nagusia

Egunez giro lasaia da nagusi Donostiako aste nagusian

Astebururako indarrak gordetzearren edo, giro lasaia zegoen atzo goizean Donostian. Asko ziren eguneroko lanetan zihardutenak, baita, goiza hondartzan eman zutenak ere. Hala ere, kolore guztietako jolas, ikastaro, ikuskizun edo txapelketarik ez zen falta izan egun osoan.

p015_f02_111x111.jpg

Janire ARRONDO

Lehen orduetan eguzkiari agertu edo ez erabakitzea kosta bazitzaion ere, azkenean, eguraldia lagun izan zuten atzo Donostian goiz pasa ibili zirenek. Aste Nagusiaren baitan antolatutako ekitaldi ugari zeuden hainbat lekutan, baina, ohiko zereginetan ere jende ugari zebilen.

Alde Zaharreko kaleetan, ohi baino jende gehiago ibili arren, egunerokoa zen nagusi. Banatzaileak aurrera eta atzera zebiltzan bertako denda eta tabernak hornitzen. Goizeko hamaikak inguruan, pertsianak erdi igota zituzten oraindik tabernariek, aurretik zain zuten egun luzerako prestatzen arituko ziren. Kale garbitzaileak ere lanean ari ziren, baina, bazterrak presio handiko ur zorrotadekin garbitzen bazituzten ere, zaila zen bezperako parrandaren arrastoak ezkutatzea. Oraindik erretiratu gabe zebiltzan gutxi batzuk ere baziren. Baita, motxilak bizkarrean, iritsi berriak zirenak ere. Bazen Alde Zaharrean dendaz denda zebilenik ere. Jende ugari ari zen denboraldi amaierako beherapenak aprobetxatuz erosketak egiten.

Bretxa ondoko azokan, ohiko jardunean ari ziren. Mahai gainak barazkiz eta frutaz beteta zituzten baserritarrek; erosketak egiten ari zen jendea, hango eta hemengo kontuei errepasoa emateko aprobetxatuz. Handik gertu zegoen mahaitxo baten gainean hamarren bat kopa jarri eta, bakoitza ur neurri ezberdinez beteta, musika doinuak jotzen zebilen gizon bat. Hasi orduko jende mordoxka bildu zuen inguruan.

denetariko aukera

Jai itxura gehiago zegoen Boulevard inguruan. Han, jende gehiago zebilen han-hemenka zer ikusiko. Bertara, autobusak ere jendez beteta iristen ziren. Kioskoaren alboan, egunero legez, haurrentzat jolasak zeuden. Gustura ibili ziren eguerdi partera han elkartu ziren etxeko txikiak, zotz baten gainean platerei bira eraginez, bolatxoak urrunetik jaurtiz zegozkien zuloetan sartu nahian, edo batetik bestera, arrautzadun koilara ahoan jarrita orekari eusteko ahaleginetan. Udaletxe aurrean, berriz, zaharxeagoentzako gunea zegoen, bertan, saskibaloian ari ziren. Aste Nagusiko XI. Street Basket Txapelketa jokatzen ari ziren. Sei eremu prestatu zituzten, bakoitzean saski bat, eta bi talde elkarren aurka arituko ziren eremuko. Askok eman zuen izena goizeko hamaiketarako, eta geroxeago ere gehiago agertu ziren.

Eguerdi partean, bestelako ikuskizuna zegoen Easo plazan, bertsolarien emanaldia izan baitzen bertan. 12.30ean hasita, Anjel Mari Peñagarikano, Uxue Alberdi, Xabi Paya eta Beñat Gaztelumendi aritu ziren.

Hondartzan berriz, jende andana bildu zen eguerdirako. Goiz partean, izan zen aukerarik hondartzan ohiz kanpokoak diren jarduerez gozatzeko. Kontxako hondartzan «partxis erraldoia» zegoen. Bakoitzak kolore bateko oihala jantzi eta dado erraldoia jaurtiz ederki pasa zuen batek baino gehiagok.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo