GARA > Idatzia > > Kultura

«Askatasuna eskaintzen duen musika tresnarik bada, horixe da txalaparta»

p040_f01_97x140.jpg

Xabi HERNANDEZ |

Pertsonaia ezaguna da Paxkal Indo (Senpere, 1968) Euskal Herriko bazter anitzetan, baina ez horrenbeste bere musikari portreta. Izan ere, «tipia» zelarik ezarri zuen musikarekiko duen harremana, bere gurasoengandik lehenik eta bere kaxa gero. Musika irakaslea ere bada, eta txalaparta eskolak eskaintzen ditu Ipar Euskal Herriko toki askotan «benebolki», Seaskako lehendakari kargua bezalaxe.

Heldu den hilaren 7an Txalaparta Besta ospatuko dute Izpegiko Lepoan. Nafarroa Behereko eta Baztango txalapartarien topalekua izanen da.

Zein da Paxkal Indo eta musikaren arteko harremana?

Lehenengoa profesionala, ni berez musikaria bainaiz, nahiz eta ez dut hori soilik egiten; eta bigarrena, aldiz, bihotzekoa. Ezin dut musikarik gabe bizi, musika jotzea barne behar bat delako; edozer instrumentu, gainera.

Gero, jakin-minez oso betea naiz; txikitan irrati edo telebista zaharren funtzionamendua nolakoa zen ikustea maite nuen bezala, musika-tresnekin antzera gertatzen zait. Eta horretarako ditut, hain zuzen, bai Euskal Herriko bai beste herrialdeetako hainbat tresna. Ez ditut denak ongi jotzen, baina teknika jakitea maite dut.

Zerk seduzitu zintuen txalaparta bezalako tresna batetik?

Tipi-tipia nintzen, bospasei urte ukango nituen aita-amek Donibane Lohitzuneko ikastolarentzat kontzertuak antolatzen hasi zirenean. Garaian, Laboa eta Artze etorri ziren Ez Dok Amairurekin. Orduan inork ez zuen ezagutzen txalaparta zer zen; garaian zerbait arraroa balitz bezala erori zen hona. 1974a izango zen, eta gerora ere irudi hori gelditu zitzaidan; izan ere, oso gutxi ikusten genuen.

Ondoren, egun batez, Hazparnen lagun batek erran zidan ezagun batzuk Usurbilera joaten hasi zirela Joxan Artzerekin txalaparta jotzen ikasteko. Nik joan ote nahi nuen galdetu eta, baietz esanda, berehala hasi ginen Txomin Larronde ziburutarra eta biok ikasten, orain dela 22 urte inguru. Txalapartan erori nintzen, ez bainekien oraindik ere zer nolako harremana lortuko nuen tresna honekin. Geroztik geroz eta sakonago sartu naiz instrumentuan, eta iruditzen zait zuloa geroz eta barnerago dela, makilaren ingurua ez dudala oraindik egin.

Anitz ari dira txalapartarekin esperimentatzen, ez da?

Milioi bat gauza dago oraindik egiteko txalapartarekin. Bertze lagun batzuk atzeman, emozioak trukatu, leku batzuen erresonantzia edo oihartzuna bilatu, oholen harremanean sakondu eta abar. Mila erronka dira tresna honetan sartzeko. Anitz zabaldu da, bai instrumentua bera bai egiteko manerak ere.

Txalapartan maite dudan gauzetako bat elkarrenganako errespetua da. Norberak berea sortzen du, eta inguruan errespetuzko tratua dela uste dut. Askatasuna eskaintzen duen musika tresnarik baldin bada, horixe da txalaparta. Musika estilo anitzetan borrokan izan dira haien instrumentuen ahalmena askatzeko eta horrela estiloa garatzeko. Guk berez askea den musika dugu, nire ustez txalaparta musika bat delako eta ez musika-tresna bat. Idatziz ematen hasi dira eta horrek mugatzen du nolabait. Ahoz aho transmititu izan da, aktibotik aktibora eta, hola jarraituz gero, norberak bere ekarpena gehitu ahalko dio.

Seaska eta txalaparta, txanpon bereko alde bi?

Bai, niretzat gauza bera dira. Egia erran txalaparta jotzen jakiteak zeregin honetan laguntzen du, anitzetan inprobisazioa behar izaten baita. Biak emozioetan oinarritzen ditut. Bestalde, txalaparta euskararen salbatzeko erabil daitekeen elementuetatik bat izan daiteke, biak loturik baitira. Errazagoa da tresna euskaraz azaltzea, musikaren lengoaiaz gain, berezko hizkuntza duelako.

Beltranek hauxe dio: «Erritmoa beharrezkoa izaten da bakarka nahiz taldeka egiten diren lanetan». Ados zaude?

Ados naiz. Ezin da bertzearekin komunikatu erritmorik gabe. Mintzatzerakoan hutsune batzuk uzten ditut eta horiek nire erranaldiari zentzua ematen diote, erritmo bat markatzen diotelako. Aldi berean norberaren erritmoa ezagutu behar da; izan ere, erritmo gabe gure gorputzak, adibidez, ez du funtzionatzen. Bihotzak bere ttakuna ez balu, ez ginen biziko. Gure baitan dugu erritmoa, biziaren mamia da, lehen elementua.

Bestearekin lan egiteko edo harremanetan ezartzeko erritmo horiek uztartu behar dira; batzuetan oposizioan, besteetan, aldiz, denbora berean. Txalapartarekin gauza horiek sentitzen dira anitz. Maite ez dudan batekin jo ahal dut eta zerbait interesgarria sortuko da. Hor sortzen da benetako komunikazio gaitasuna eta ez beste inon.

Erraten da komunikatzeko erabilia izan dela eta hori mito bat da, neurri batean behintzat. Besteak deitzeko bai, baina benetako komunikazioa barnean da. Komunikazioa bi jotzaileen artean hasten da eta ondoren entzuleenganaino iristen da. Telefonoak jotzen duenean, noiz hasten da komunikazioa, tirrinarekin edo mintzatzerakoan?

Beti ez bada ere, txalaparta biren arteko komunikazioa izan ohi da. Nor da zure ttakun edo herrena?

Ez naizela ez ttakun ez herren erran ohi dut. Orain Thierry Bizkargirekin jotzen dut, baina luzaz anitzekin jo izan dut, gehienak nik irakatsitakoak. Jotzen hasten garelarik trukatzen ditugu rol horiek hausteraino, elkar anitz ezagutzen dugulako. Momentu batez ttakunetik irten eta bikotea kanpotik ikustera heltzen zara eta hor biek egindako musika entzuten duzu.

paxkal indo
musikaria eta seaskako lehendakaria

Ezaguna da Indo euskalgintzaren alorrean, batez ere Seaskako lehendakari kargua Ixabel Xarritonengandik hartu duenetik. Nolanahi ere, berak «lehenik eta behin musikaria» dela dio, musikaren munduan 22 urte inguru baitaramatza. Talde anitzetan ibili da eta tresna ugari jotzen daki, baina, batez ere, txalapartari «lotua» da.

SEASKAKO LANA

«Txalaparta jotzeak Seaskako lanean lagundu izan dit, anitzetan inprobisazioa behar izaten baita. Biak, gainera, emozioetan oinarritzen ditut»

komunikazioa

«Komunikazioa bi jotzaileen artean hasten da zinez, eta gero entzuleengana zabaltzen da. Barnean hasten da eta ez beste inon. Mito horrekin apurtu behar da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo