GARA > Idatzia > > Mundua

Gerrillari maoista ohiak Nepaleko Armadan sartuko dira, presidentearen hitzetan

Nazio Batuen esku dauden kanpamentuetan bizi diren gerrillari ohiak, 19.000 inguru, Nepaleko Armadan sartzeko aukera izango dutela iragarri zuen Ram Baran Yadav presidenteak. Adituen ustez, bake prozesuaren arrakasta bermatzeko ezinbestekoa zen pauso hori ematea.

GARA |

Gerrillari ohi maoistak Armadaren parte izango dira sei hilabeteren buruan. Hala iragarri zuen atzo Ram Baran Yadav presidenteak, Nepaleko Kongresua talde politikoaren kide. Gobernuaren egitasmoak aurkeztean, gerrillari maoista izandako 19.000 lagun Armadaren kide bihurtuko direla adierazi zuen. Hori izan da, hain zuzen, PCN (m)-eren aldarrikapen nagusia.

Erabakia hartuta bai, baina aurreikus daitezkeen oztopoak ez dira nolanahikoak. Monarkiaren garaiko errepresio gordinaren erantzule gehienak Armadaren buru izaten jarraitzen dute maoisten mesfidantza eraginez.

Gerrillari ohiak Nazio Batuen esku dauden kanpamentuetan egoera larrian bizi dira. Elektrizitaterik ia ez dute eta osasun baldintza kaskarrei nahiz garbitasun gabeziari loturiko gaitzak pairatzen hasi dira.

Armadak behin eta berriro uko egin dio maoistak sartzeari, orain arte izan dituen pribilegioak galtzearen beldur. Jarrera hori, ordea, aldatu behar izan du eta Gobernuaren aginduak beteko dituela esan du. Kalean eta, bereziki, Katmandun Armadaren barruan nolabaiteko altxamendua egon daiteleka diote. Oraingoz, zurrumurruak besterik ez diren arren, egoeraren zailtasuna agerian uzten dute.

Zazpi Partiduen Aliantzarekin hitzarmena sinatuta eta hamaika protesten ostean, erregea boteretik botatzea eta Nepal errepublika izendatzea lortu zuen maoistek maiatzaren 28an.

Hauteskundeak %30rekin irabazi bazituzten ere, presidentzia lurjabeez eta atzerakoiez osatutako Nepaleko Kongresuarena da. Presidente ordea, berriz, Madhesi Herriaren Eskubideen Forokoa da. Nepaleko zonalde aberatsaneri, monarkiaren aldekoa, autonomia zabala ematea eta Indiarekin egun dituzten harremanak mantentzea dira bere funtsezko proposamenak.

konstituzio berria

Gobernuak Konstituzio berria idazteari ekingo dio. Bi urteren bueltan bukatuta egon behar du. Horrez gain, diru ezartze pribatua eta nekazal erreforma bultzatuko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo