GARA > Idatzia > > Kultura

Maule eta Baiona bitartean, ondarea ikusle guztien eskura izango da bi egunez

Ondarearen Eguna ospatzekotan dira gaur eta bihar Europa osoan, eta, horren karietara, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri askok, beren «altxorren» ateak zabaldu nahi izan dizkiete ikusleei. Eliza, jauregi edo ezohiko guneetan mota guztietako animazioak aurkitzen ahalko dira, hala nola: bisita, erakusketa, tailer, ibilaldi eta olerki irakurketak. Orotara, berrogeita hamar bat ekitaldi eskainiko dira, eta gehienak, izan ere, Baionan izango dira.

p050_f01_148x88.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Ondarea eta sorkuntza» gai nagusia aukeratu dute aurten Europako Ondarearen Eguna ospatzeko. Gaur eta bihar, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat herritan egun berezi horiek handizki ospatuko dira. Eta, hiru herrialdeetan egun horiei loturiko berrogeita hamar bat animazio antolatu dira.

«Ondareak eta sorkuntzak, finean bat egiten dute, biek garai zehatzak adierazteaz gain, biak gizakiaren asmakizunaren ondorioak dira», argitu zuten ekitaldiaren antolatzaileek gaiaren aukeraketaren berri ematerakoan.

Hendaian hasi eta Maulera bitarte, herri guztiek egun horiek aukeratu dituzte beraien herrietako «altxorren» ateak ikusleei zabaltzeko. Animazioak ugariak eta era askotakoak izango dira. Angelun, esate baterako, Jean Lesquiben elizetako beiragilearen tailerra zabalik izango da, eta bertan erakustaldiak eskainiko dira.

Halere, gaur hasi eta bihar arte izango diren hitzordu nagusietan, nabarmentzekoak dira Baionan eskainiko dituzten emanaldiak. Sorkuntza garaikideak eta ondareak bat egingo dute asteburu osoan azalduko diren erakusketa, hitzaldi, bisita eta irakurketetan, edo Poterne gunean egingo den performance bisualean. Santa-Espirituko judu auzoa, Tenplo protestantea, Casemat gunea dira Baionan doan bisitatzen ahalko diren lekuak. Gainera, Escumayres Talasta elkarteari esker, Aturri ibaiko ontzi zaharretan ibiltzen ere ikasten ahalko da.

Baionakoekin batera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eraikin, jauregi, eliza eta erakustoki guztiek ateak zabalduko dituzte bisita gidatuak edo erakusketa bereziak eginez. Kanboko Arnaga etxeak lekuari egokituriko olerki irakurketak eginen ditu. Irizarriko Ospitalean tailerrak, erakusketa eta bisitak izango dira.

Horiekin batera, Donibane Lohizungo Louis XIV.a eta Infantaren etxeak eta Recollets-en seroretxean sartzen ahalko dira ikusleak. Baita, Arrangoitze, Maule, Iholdi, Abbadia eta Urtubi jauregietako ateak ere zabalik izango dituzte. Gaur goizetik preziatzen ahalko dira animazio eta bisita guzti horiek.

ATEAK ZABALIK

Asteburuan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako jauregi gehienek ateak irekiak izango dituzte, besteak beste, Iholdi, Abbadia, Arrangoitze, Urtubi edo Maule jauregiek.

Ondarea gauez ezagutzeko aukera baiona, ezpeleta eta garazin

Ondarearen gauaren XX. edizioa izango da gaur gauean. Ondarearen Egunari gauez ere jarraipena emateko gisa, Baiona, Ezpeleta eta Donibane Garazin, herria ohi ez den bezala ezagutzeko aukera emango diote bertaratu nahi duenari. Lapurdiko hiriburuan, arratseko bederatzietan jarri dute hitzordua, Chaho Pelletier kaian, Baiona Ttipia auzoan bi orduko bisita bat egiteko. Han eta hemenka, karriketan, bisita egiten den bitartean behin-behineko emanaldiak izango dira. Ezpeletan, berriz, dantza eta kantua goraipatuko dituzte, kandelak lagundurik bisita egin bitartean. Eta Donibane Garazin, azkenik, herriko karrikak zeharkatuko dituzte kandela argitan. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo