Internet eta musika zuzenean. Nor baino nor?
Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea
Azken boladan ematen du Internet gauza guztien jaun eta jabe egin dela. Internet sarearen eraginak orokorrean ez ditut aztertuko, nahiz eta hainbatean ezbaiak eduki. Neroni, bederen, zalantzak sorrarazten dizkit. Dena den, Internet eta zuzeneko musikaren bilakaeraren inguruko azterketa egingo dut. Hedabideetan irakurri dut, Internetek musika industriari aurre hartuta, zuzeneko musikaren atala ere konkistatu duela eta, CD euskarriari gertatu bezala, kontzertuei antzeko zerbait gertatuko zaiela; hots, jango dituela. Teoria horrek indar gutxi duela uste dut. Egia da Interneten musikari ospetsu askoren ekitaldiak zuzenean ematen ari direla baina euren lanei hedapen handiago lotzeko. Ez dut uste Madonna multiartistaren asmorik txikienak bide horretatik doazenik. Hedapen sakonagora iristea du xede, eta ez besterik. Interneten zuzenean eskainiko diren emanaldi horiek ez dute inoiz kolokan jarriko zuzeneko kontzerturik. Madonnaren adibidearekin segituz, nola muzin egin zuzenekoei, hortik aterako badu urrezko neskak inork baino txanpon gehiago? Beste gauza bat da zuzeneko emanaldiak grabatzea eta Apple enpresak iTunes atarian saltzea. Microsoft ezin zen atzean geratu, eta Control Room enpresaren laguntzarekin, sareko kontzertu eskaintzarik mardulena du. Jokaera hau, ordea, diskoak saltzea bezala da. Musikari askoren segitzaileek bere idoloek egindako edozein zuzeneko grabaketa erosteko gogoa dute eta diskoak bezala har daitezke. King Crimson taldeak zuzeneko hamaika grabaketa jarri ditu bere webgunean azken hamabost urteetan. Fermin Muguruzak kontzertua bukatu bezain pronto jarri izan du salgai kontzertuaren grabaketa CDan. Latzen taldeak ere bai. Baina ezin duguna ahaztu da Internetek ezin izango diola inoiz itzalik egin musikari bat zuzenean ikusteari. Internetek artista baten emankizuna transmititzeko derrigorrezko gauza bat gertatu behar da: zuzeneko kontzertua bera. Derrigorrez. Beraz, nola jango du bada Internetek kontzertuen gaia? Maiz entzun diet ETBko arduradunei esaten musikak gutxi saltzen duela telebistan eta tesi hori bermatzeko «Phil Collins efektua» jartzen dute adibide. Telebista kate batek Phil Collins kantariaren kontzertu bat eskaini zuen eta sharean oso emaitza negargarriak eman zituen. Ondorioa, telebistatik musika saioak ia desagertzea. ETB3 kate berriak zuzenekoak emango ditu, ideia bikaina Fernando Lopetegi (Delorean taldeko Ekhiren aita) arduradunak izan duena.