GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

Letra larriz idatzitako historia

Garai eta toki desberdinetan kolektibo dinamikoa eta iraultzailea izan da ikasleria. Ezezaguna da askorentzat, historia liburuetan protagonismorik aurkitzen ez duena; baina, isilpean bada ere, historia letra larriz idatzi duen kolektiboa da.

Gaztetasunak dakarren konpromiso eta ausardiak munduko hainbat iraultzatan aitzindari papera jokatzeraino eraman ditu ikasleak, Grezian edota Nikaragua sandinistan kasu.

II. Mundu Gerran ere halabeharrezko protagonismoa eskuratu zuten ikasleek eta hor du jatorria azaroaren 17ak, Ikasleen Nazioarteko Egunak alegia. Ikasleria nazien okupazioaren aurka altxatu eta borrokatu ondoren, 1939ko egun seinalatu horretan kasik bi mila ikasle eta irakasle gatibu hartuta, naziek Pragako Unibertsitatea itxi zuten. Ikasle horietako asko unibertsitate atarian bertan fusilatu zituzten, eta beste askok kontzentrazio-eremuetan aurkitu zuten heriotza.

Txekoslovakia, Grezia eta Nikaragua. Urruneko hiru aurpegi, historiako hiru pasarte besterik ez dira. Baina ikasleriaren aztarnaz ohartzeko ez da hain urrutira joan beharrik, euskal ikasleriak urteak baitaramatza gurean historia idazten.

Bi hamarkada igaro dira jada Iruñeko Txantrea auzoan Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundea sortzea otu zitzaienetik. Hogei urte eta makina bat ikasle igaro dira IAko barrunbeetatik. Hasierako horiek OTAN, Golkoko Gerra eta intsumisioa borrokatuz igaro zituzten eskola orduak; urteekin ordea, euskal ikasleen problematika finduz joan da.

Hazia loratuz joan da. Utopiazale eta ameslaritzat jo zituzten lehen ikasle horiek, sastrakak kenduz, bidea egiten jardun zuten. Euskal Eskola Nazionaleranzko bidezidorra eraikitzen, belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatuz.

Bidea ederra izan da, malkartsua batzuetan, baina ibiliaren ibiliaz etorri dira lorpenak, batzuk objektiboak: Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea... eta besteak, IAko parte izan diren horietan utzitako ondarea. Eskola helburu izateaz gainera, IA bera ere eskola da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo