Rego Vidal preso gaixoa astebetean bitan aldatu dute lekuz, bere osasun azterketei traba eginez
GARA |
Osasun egoera larrian den Juanjo Rego Vidal euskal preso politikoa Euskal Herrira ekarri zuten joan den urrian, urte luzeetako eskaeraren ostean, osasun azterketak eta operaziok behar bezala egin ahal izateko; duela astebete, ordea, Langraizeko presondegia atzean utzi eta Dueñaseko espetxera eraman zuten gaixorik dagoen presoa.
Gipuzkoako hiriburuko ospitalean makina bat proba eta azterketa egiten ari ziren preso donostiarrari, eta, amnistiaren aldeko mugimenduak adierazi bezala, lekualdatu zuten unean, artean, proba eta operazio ugari egiteke zituen. Azaroaren 21ean izan zen lekualdaketa hori eta errepresioaren aurkako mugimenduaren esanetan, «oso modu txarrean» egin zen. Osteguna bitarte eduki zuten Rego Vidal Dueñaseko presondegian. Ostegun arratsaldean berriz ere lekualdatu, eta Langraizeko espetxera eraman zuten, atzera, larriki gaixorik dagoen presoa.
Amnistiaren aldeko mugimenduak komunikabideei helarazitako oharrean dioenez, baliteke une hauetan preso donostiarra erietxean egotea, aste honetan bertan hainbat operazio egin behar baitizkiote.
Gaixorik dauden presoekin Gobernu espainolak «jarrera krudela» duela deritzo amnistiaren aldeko mugimenduak. Gainera, donostiarraren egoera oso larria dela ohartarazi du eta «zentzu gabeko lekualdatzeekin jolasean ezin dela egon» adierazi du. Era berean, herritarrei preso gaixoen askatasuna galdegitera dei egin die.
Rego Vidalen osasun egoera larriaz ohartarazteko ekimenak gauzatzen ari dira aste hauetan Donostian.