GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA Durangoko liburu eta disko azoka

Liburu eta diskoen irudigintza ardatz hartuta eman du lehen pausoa Durangoko Azokak

Aurreko hilabeteetan beroketa saioak eginda, abian da Durangoko Azoka, berrikuntzez beteta eta atzean geratu diren kultur emariak gogoan hartuta. Urteroko zita martxan da berriro.

p044_f03_250x144.jpg

Ariane KAMIO

Mikel Laboaren «Kantuz» abestiaren doinu leunak eman zion hasiera ofiziala Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 43. edizioari. Berarenganako oroimenaz gain, begirada atzera bota, eta azken urtean zendu diren kultur sortzaileak oroitu dituzte, Mikel Errazkin, Gotzon Garate, Gorka Knorr eta Karmelo Etxenagusia, kasu. Berrikuntzaz beteta dator azoka eta, aurtengoan, disko eta liburuen argitalpenetan irudiak duen garrantziari emango dio Gerediaga Elkarteak leku berezia. Urtero bezala, irekiera ekitaldi ofizialean irakurri ohi den testua aurtengoan Eneko Olasagasti aktore eta zinemagileak bistaratu du. Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Josune Ariztondo Kultura diputatuak lagunduta, euskal kulturak eta irudigintzak duten garrantziaz mintzatu zen. Mendeetan atzera eginda, kultur ondarea ahozkotasunaren bitartez belaunaldiz belaunaldi igaro izana nabarmendu zuen, baina, garai berriei ateak irekitzeko, beste elementu batzuek hartzen duten garrantziari egin zien aipamen berezia. Bertatik kultura idatzirako jauzia gertatu zen baina, bere iritziz, «berandu» jazotakoa eta, «azken jauzi hori ematen ari ginenean hasi ginen kultur transmisioa irudi bitartez egiten».

«Haragijaleen azoka batera arraina saltzera» etorritako gizaseme baten gisara sentitu zen atzo Olasagasti liburu eta diskoen artean, «eta DVDak?» galdetu zuen pikardiaz. Hiru esparru horiek ardatz hartuta, musika, literatura eta irudia, euskal kulturaren «sakoneko arazoa» transmisioan dagoela azaldu zuen. Lakuako Kultura sailburua alboan zuela esan zuen gaur egun Euskal Herrian «saritzen den kultur arlo bakarra» literatura dela; ondoren «elite» gisa definitu zuen. «Hierarkiaren goialdean kokatzen da literatura. Ez da gauza txarra, baina ez du lekurik uzten beste batzuentzat, oraindik atzeratuta gaudelako». Batek baino gehiagok pentsa lezake zer egiten duen zinemagile batek liburu eta disko azokarik garrantzitsu eta ospetsueneko inaugurazio hitzaldia ematen, baina «errezitaldia» entzun ostean, badaude loturak saltoki horrekin eta zinemarekin edo, bai behintzat, irudien bidezko mintzairarekin.

Gutenberg galaxia

Izan ere, Olasagastik esandakoaren arabera, euskal kultura «atzeratuta» dago, «euskal kultura Gutenberg galaxian dago». Azokako gai nagusira salto eginez eta hierarkiarekin jolasean jarraituz, piramide horren goialdean zinema kokatzen dela azaldu zuen. «Aspaldian ikusi ez dudan norbaitekin topo egiten dudanean beti gauza bera galdetu ohi dit: «Eta noizko hurrengo filma?». Eta nik nire artean pentsatzen dut: «Eta zergatik ez telesail bat?»». Baina goialde horretan hotz egiten omen du, eta jotzen duen haizea ere ez da goxoa, aitzitik, gogorra omen da, zurruna.

Ildo horretatik, euskal gizarteak duen «ezjakintasunaz, desinformazioaz» jardun zuen, «kanpoko industriak markatzen baitu dena». Produktuak modu batean banatu eta kontsumitzen dira, eta «hori aldatzea ez dago gure esku». Egitasmo berriak aurrera eramaterako orduan teknologia berriei gehiegizko garrantzia ematen zaiela iritzi zion, euskarriari garrantzia handiagoa emanez eusten dionari baino. «Teknologia berbera da mundu guztian, bai hemen bai Brasilen, baina zerbaitetan nabarmendu nahi badugu edukian izan beharko du». Horrela, «jendearen irudimenean inbertitu» behar dela azaldu zuen.

Eta badoa...

Inaugurazio ofiziala arratsaldean jazo bazen ere, Durangoko Liburu eta Disko Azokak goizean goizetik hasi zuen urteroko ibilbidea. Egungo krisia dela-eta bidea malkartsu bihur baliteke ere, Euskal Herrian ugariak dira mendizaleak eta, aldapak aldapa, tontorreraino iristeko ohitura aise zabaldua dago, harri koskorrak saihesten aritzea beharrezkoa bada ere. Edizio guztietan bezala, ohiko «ohorezko» gonbidatuekin zabaldu zituen ateak milaka euskal kulturzale biltzen dituen azokak; hots, haur eta gazteenekin. Durango kasik kaosean murgildu zuten auto-ilara -edo, hobe esanda, autobus-ilara- luzeekin esnatu zen eguna bisitari guztientzat. Euripeko ongietorria izan zen atzokoa, nahiz eta lehen orduko eurijasak nahikoa ez izan kulturazaleen jakin-mina itzaltzeko.

Behin ateak irekita, festa giroa izan zen nagusi. Haur eta gazteen itsasaldi agortezinarekin blai geratu ziren Goienkale, Artekale eta Barrenkale eta, bere helburua, nola ez, Azokako txoko guztietan kuxkuxean ibiltzea nagusitu zen. Lagun koadrila egin eta aurrera: Liburuak hemen, diskoak han, egutegiak, agendak... Aukera sorta ederra begirada salmahaietatik une bakar batez mugitu ere ez egiteko eta, zergatik ez, apurka-apurka euskal kulturari gaztaroko atea irekitzen joateko.

Landako guneak, baina, argi erakutsi zien lehenengo bisitari haiei Azokak eskaintzen duena ez dela literatur irakurketa hertsia edota liburu eta diskoen salmenta hutsala. Hori baino gehiago da. Arrakasta handiena, beraz, graffiti marrazkigileek, makillaje saio bereziak, eta hip-hop erakustaldiak izan zuten. Atea gurutzatu bezain laster zur eta lur uzteko moduko «moldaketa» lanak izan ziren ikusgai. Hankarik gabeko neskato bat, On Kixote zonbi bat, ahotik odola zerien bizidunak, edo hesgailuz jositako monstruo belarriluzea izan ziren Laudiko Canciller de Ayala ikastetxeko ikasleek erakutsitako lanak. «Hankarik gabeko emakumea dago!», «Benetako bihotz bat daukate mahai gainean!» edo, «Hau nazka!» izan ziren gazteenen artean bildutako erreakziorik esanguratsuenak.

Pausatua

Eguerdia igarota, ordea, autobusera itzuli, eta etxerako bidea hartu zuten berriro. Itsasaldi hark hartutako txokoak lasaitzen joan ziren orduan, egundoko dunbotsa iragan izan balitz bezala. Helduen presentzia areagotzen joan zen orduek aurrera egin ahala. Ruper Ordorikaren «Martin Larralde», edo Mikel Laboaren kantutegi zabaleko doinu gozo eta pausatuak lagunduta eguna ezin hobea izan zen bisita pausatua egin eta, jendetzaren artean borrokan aritu gabe, salmahai bakoitza patxadaz aztertu eta egin beharreko erosketak hurrengo egunetakoa ez bezalako lasaitasunarekin egiteko. Liburuak sinatzen aritu zirenekin berriketaldi laburrak egiteko aukera paregabea izan zen, eleberri sinatua etxera eramateko jendetzaren artean ukabilkadaka aritzeko beharrik eskatzen ez duen horietakoa. Landakon bisita egiten izan ziren atzo, besteak beste, Harkaitz Cano eta Peru Magdalena idazleak, eta Mikel Markez, Fermin Muguruza eta Xabi Strubell musikariak.

Durangoko Azoka, baina, egun eta gau aritzen da buru-belarri beharrean. Landako guneko ateak ixten dituztenean, Plateruena Kafe Antzokiak hartzen du erreleboa, eta zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera izaten da. Atzokoan, Rafa Rueda izan zen protagonista eta, gaur, Kautako kideak izango dira oholtza gainean. Saltsa eta giroa, ziurtatuta daude, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo