GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xabier Aranburu Rodriguez Euskara irakaslea (Gasteiz)

Sinbolo iraingarriak

Berriak aparteko oihartzunik izan ez badu ere, duela gutxi Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki batek zeharo harritu nau. Sinbolo «iraingarriak» dituzten euskaltegiak diru-laguntzarik gabe geratzeko arriskuaz ari naiz

Sinbolo horiek zeintzuk diren, norentzat izan daitezkeen iraingarri eta zer den iraingarri zehaztu gabe plazaratu dute erabakia. Baina, noren esku geldituko da «iraingarritasun» hori neurtzea? Bezeroen esku? Langileen esku? Epaile baten esku? Akaso Azkarate anderearen esku?

Berriki entzun dut Gasteizko euskaltegi batek euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko zeukan ikur bat kentzea erabaki duela, lege hau dela eta. Giza eskubideen aldeko aldarri bat iraingarri? Hurrengoa zein? Euskal Herriko mapa edo terminoa erabiltzea iraingarri?

Agian gure Parlamentuaren urratsak segituz eta egunen batean legeak hala erabakiko balu, geuk ere bandera espainiarra jarri beharko dugu euskaltegietan diru-laguntzak jasoko baditugu. Zergatik ez?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo