GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Gabon egunetan, haurrei eskainitako antzerkia protagonista

Iruñea eta Bilbo haurrak liluratzeko agertoki bihurtuko dira Gabonetako egunotan; etxeko txikientzat pentsatuak badira ere, helduei ere irakasgai bat baino gehiago emango dizkiete antzezlanek. Bi estreinaldi izango dira protagonista, Hortzmuga taldearen «Metro bateko ametsak» eta Javier Izcuek idatzi eta Nafarroako Antzerki Eskolak antzeztutako «Historia de Muri, un lémur con mochila», nahiz eta ikuskizunik ez den faltako Euskal Herriko txokoetan.

p048_f01_148x88.jpg

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Gabonetako oporrak igarotzeko hamaika ikuskizun eta emanaldik beteko dituzte Euskal Herriko txoko gehienak. Esaterako, etxeko txikietatik hasi eta helduek ere goza dezaten, bi antzezlanen estreinaldien lekuko izango dira Bilbo eta Iruñea. Bata Hortzmuga taldearen lana da; bestea, aldiz, Javier Izcuek idatzitakoa eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako antzezlan idatzien lehiaketan irabazlea suertatu zena. Biek, halere, badute antzekotasunik: baloreen eta errealitatearen jabetzea dute xede. Horregatik, hasieran txikiei begira idatzitako lan horiek, berez, heldu bat baino gehiago ere aho zabalik utziko dute.

«Historia de Muri, un lémur con mochila» lana Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleek antzeztuko dute gaurtik asteartera arte eta urtarrilaren 2tik 4ra arte, 18.30ean, Eskolan bertan. Urtero legez, Gabonetan euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako antzerki testuen lehiaketako irabazleak ematen dituzte ezagutzera. Oraingoan, Izcueren lan hori izan da garaile gaztelaniazko kategorian, eta Ramon Vidalen zuzendaritzan izango da antzeztua agertokian.

Banaketa eta emigrazioa

Istorioak Muri lemurrak bere gurasoen banaketaren ondorioz sentitzen duen gorrotoa irudikatzen du, eta zuzendariak hasieratik jotzen du haurren ipuinen fantasia eta esentziara halako gorabeherak azaltzeko. Protagonistaren haserrea aitaren etxera joateko behar duen motxila prestatzean azaltzen da. Orduan agertzen da amona, elementu magikoak sartuko dituena. Hala, gurasoen banaketa ez dela zerbait traumatikoa izan behar ikasiko du Murik; aitak eta amak, «banatuta egon arren, berdin maiteko dutela», alegia.

Aurten antzerki ikasketak bukatuko dituzten ikasleak izango dira lana oholtza gainera eramango dutenak, eta funtsa berdina izan arren, testu idatziak agertutako ezaugarri batzuk ikuskizunerako aldatu egin dituzte. Izcuek, adibidez, eszenografia handi eta aldaketa espazial ugari ezarri ditu testu idatzian, eta antzezlanean, ordea, espazioa «biluzik» ageri da, lau edota bost giro fantastiko kendu egin baitituzte. Hala ere, emanaldian parte hartzen duten hamaika kideak ez dira inoiz agertokitik at geratzen, autoreak pentsatutako giroak ezartzea errazten duelarik.

Urtarrilaren 2an, bestalde, Bilboko Euskalduna jauregia publiko familiar bati zuzendutako «Metro bateko ametsak» antzezlanaren estreinaldiaren lekuko izango da, urtero antolatzen den Gabonetako programaren baitan. Hortzmuga taldeak Julen Gabiriaren «Metro bateko letrak» lana antzerkirako moldatu du, eta emigrazioa du hizpide.

Nadia neskato errumaniarra da protagonista. Haren ametsa Nadia Comaneci izatea da, herrialde horretako gimnasta handia. Haur eta helduei etorkina izatea zer den azalduko die. Berak mundu erreal bezain fantastiko batean aurkituko du heldulekua, matxuratutako metro baten barruan, etorkinez jositako hiri batean. «Etorkizunarekin amestu, errealitatea disekzionatu eta akuarelaz pintatu» egingo du. Haur eta ikusleen interakzioa bilatzen duen muntaiaren bitartez eraikitzen dira ekintzak eta euskaraz antzeztua den arren, gaztelaniara itzulita agertuko da pantaila batean.

Bost aktoreen lanak osatzen du istorioa eta antzezpenean beste hamalau kidek ere parte hartzen dute, Kukubiltxo taldeak besteak beste. Nadia urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ere izango da Euskalduna jauregian.

Gabonetan emanaldi ugari

Bi estreinaldi horiez gain, haurren antzerki gosea asetzeko aukerarik izango da Bizkaia eta Nafarroako beste herri batzuetan, baita Gipuzkoan ere.

Iruñeko Gayarre antzokiak, urtero egiten duen moduan, «Gabonetan Antzerkia Familian» zikloa antolatu du eta hala, haurrei zuzendutako emanaldiak izango dira urtarrilaren 4a arte. Gaur, 12.00etan eta 18.00etan, haurrei zuzendutako betiko Hamelingo txirulariaren historia musikaz lagundurik eskainiko dute «El flautista de Hamelin» lanean. Horrez gain, «Kika superbruja», «La reina de las nieves» eta euskaraz antzeztuko den «Eta zer?» antzezlanek umorea eta fantasia islatuko dituzte. Datorren urtarrilaren 4an, berriz, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek txikien algarak eragingo dituzte.

Zallan, Balmasedan eta Sestaon ere antzerkiaren olatuan murgilduko dira egunotan. Hala, bihar «Irudimeneko hiria» eta «Joanen ilargia», eta urtarrilaren 2an «Magiaren teilatuan» lanak taularatuko dira.

Tolosako Leidor aretoan gaur eta Donostiako Victoria Eugenian hilaren 30ean, berriz, «Inalanbrikak» haur antzerkia izango da ikusgai. Antzezlanaren gaia musika da. Izan ere, taldea bere lehenengo kontzertua eskaintzeko prestatzen ari da eta jendea sartzeko ordubete falta denean, abestiak egitea ahaztu zaiela konturatuko dira. Umorea gailenduko den emanaldian, antzerki taldeko hiru kideek musika estilo ezberdin asko erakutsiko dituzte.

Horiez gain, emanaldi ugari izango dira beste hainbat herritan eta horiekin guztiekin antzezlanez gozatzeko parada izango da, beraz, Gabonetako egunetan. Aipatu berri dugun bezala, emanaldiak ikusteko aukera izango da, baina horietan parte hartzeko aukerarik ere izango da. Izan ere, Bilboeszenan umeentzat eta familiarterako antzerki tailerrak antolatu dituzte gaur, bihar eta etzi. Goizean, 11.00etatik 12.00etara, sei urtetik gorako publiko guztiarentzat, izaera ludikoa duten jarduerak izango dira nagusi, horien artean, «interpretaziozko jolasei» lehentasuna eta «irudimen, entzumen eta sormenari» garrantzi berezia emango dietelarik. Sormen eszenikoaren mundura umeak erakartzea du helburu nagusi egitarauak, «kulturaren kontsumoa familiartean gozatzeko aukera» eskaintzen duelarik.

kultura

SORKUNTZA

Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleek gaurtik aurrera antzeztuko duten «Historia de Muri, un lémur con mochila» lanean entzungo den musika eta hitzak bertako aktoreek sortutakoa da.

ETORKINAK

Urtarrilaren 2an Bilboko Euskalduna jauregian estreinatuko den «Metro bateko ametsak» antzezlanak emigrazioari buruzko hausnarketa egotera bultzatuko du ikuslea, «azken finean, denok garelako etorkinak».

FAMILIAN

Iruñeko Gayarre antzokiak urtero antolatu ohi duen «Gabonetan Antzerkia Familian» zikloak, 13.000 haur bilduko ditu zazpi ikuskizun eskaintzen dituen egitarauarekin.

TXIKI ANTZERKIA

Bilboeszenan haurrentzat antolatutako antzerki ikastaroak Gabon egunak igaro osteko igande guztietan jarraipena izango duen Txiki Antzerkia programaren aurrerapena da.

Fitxa

«Historia de Muri, un lémur con mochila»: Iruñea. Nafarroako Antzerki Eskola. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra. 18.30ean.

«Metro Bateko Ametsak»: Bilbo. Euskalduna jauregia. Urtarrilak 2, 3, 4 eta 5. 16.30ean eta 19.00etan. Sarrera: 5 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo