GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Asmatu arte! 2009?

2008a bere azkeneko hatsetan da. Badoa iraganera, on degiola! Badoa, berak ekarria hemen utzita, momentuz sikiera. Bainuontziak eta hilkutxak, besteak beste. Eta era askotako krisiak, krisi nagusi bakarraren azpikoak guztiak. Lehengoan A8an izandako egundoko auto talkak ederto batean irudikatzen du gaurko jendarte honek daroan bidearen azkena, zibilizazioa dioten horrena, alegia, eskumatik datorrenari bidea eman beharreko bidearena. Baliagaiak hondakin bihurtuta; inongo energia berriztagarriak ez ditu auto-metaren nahaspilan geratu ziren auto asko berriro abian jarriko. Kazkabarra izan dela diote; azkenean klima aldaketarekin lotuko dute istripua, aseguru-etxeen pozerako. Hau kolpea! 2008 osoa pasatu dute batzuek trenen talka haizatzen eta, bai zera! azkenean talka bai, baina autoena!

Errepidearen nagusitasunaren beste adibide bat. Urtearen azken hatsekin batera beheko estatuaren monarkaren mezua ohi dator, uhinen kutsagarri. Niri, egia esan, SPAM modura agertzen zait mezu hori, eta nire uhinek segituan ezabatzen dute, pikutara! mezua eta mezularia! eta ez ordena horretan, prezisamente. Urtearen azken hatsekin batera ere beste monarka, kristauena kasu honetan, Urbi et Orbi Vatikanoko balkoitik. Eta apur bat haratago, hemendik ikusita, Palestinan gerra berpizten dago egunotan, inoiz etenik izan ez bada ere; hauxe ere kolpea! lur santuan etengabeko gerra! katolikoek oraindik azaldu gabeko misterioa. Egia da hirugarren munduko gerrak eta lehenengo munduko gatazkak ez zituela 2008ak ekarri, baina egia da ere urte hau joan badoala bere bizialdian ezer gutxi eginda horien konponketarako. Tira, harridurarik ez hortaz, aurreko urteek gauza bera egin zuten eta!. Eta horrela izaten segituko bide dute datozenek ere, guk aterabide eraginkorrak aurkitzen asmatu arte, iparrean zein hegoan, sortalde zein sartalde. Asmatu, bai. 2009a hortxe dago, izkinan. Epaitegian abiatuko da, elkarrizketa zigortzen. Ikusmina sortu du epaiketa horrek; ez nau harritzen, beste guztiak hemendik kanpo egiten dira eta!. Hainbat sarrera zozketatuko omen dute, kontzertu baterako balira bezala! Ertzaintza ilaran direnei erasoka. Kontzertu politikoak askoz ere gehiago du kontzertutik politikotik baino. Eta bestea Urbi et Orbi balkoitik! Ama, ama!. 2009a on egin dezagun! Asmatu, behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo