GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Ez zaigu ederra heldu

Politikariak xanpainaz betetako basoa eskuan ibiliko dira egun hauetan, sekulakoak dituzkete ospatzeko, benetako arazoei bizkarra emanez

Ehun eta berrogeita hamar hildako baino gehiago erori dira erasoaren pean. Palestinarrak. Beren herrian dira eta nahi adina hiltzen dituzte inoren protestarik gabe. Golden Meir, duela aspaldiko Israelgo lehen ministroak zioen gogorrena ez zela palestinarrek Israelgo haurrak hiltzen zituztela, baizik eta gogorrena zela palestinarrek haur palestinarrak hiltzera eramaten zituztela. Tripako min hori pasatuxea dukete, Israelgo ministroen pasabideetan gatazka honi aterabiderik ez baitzaio ageri. Norberaren etxetik kanporatua izateko aukera, edo hiltzera kondenatua. Gaur egun palestinarrak ba al du beste aterik? Etengabe segurtasun gabezian. Israelgo Gobernuak bortitzago eta gogorrago jokatzeko arazorik ez daukala ematen du. Iragan ditugun hilabeteek ez digute beste berririk ekarri, dirudienez agintean dauden taldeek bakea bilatzeko baino joran handiagoak dituzte gerlarako. Infernuen sortzeko mugarik ez dago, gatazkei gatazka gehiago gaineratzeko nahikeria dagoela dirudi, ezin gelditutako erokeria.

Politikariak xanpainaz betetako basoa eskuan ibiliko dira egun hauetan, sekulakoak dituzkete ospatzeko, benetako arazoei bizkarra emanez. Berrehun hildako inguru urtean Frantziako karriketan etxerik ez zutelako, hotz horiekin gerta daitekeenaz elkarteak biziki kezkatuak agertzen dira. Baina, gure Rousset jaunak, AHT gogoan. Ez dute beste proiekturik burdinbide horren inposatzea baino, horren onarrarazteko argudio berrien aurkitzea baino. Orain Roussetek dio bideko garraioari zerga emendatuko diotela. Baztertutako eremua garela eta elkartasun nazionala kontuan hartu behar dela dio Roussetek. Baztertuak garela bagenekien, aspalditik, gure eremuan oporren pasatzeko, edota gerlarako gazteak behar zituztelarik oroitu dira gure lurraldeaz. Ez dugu frantses Estatuaren elkartasun nazionalik behar, ez gara nazio bera. Zer-nolako garapena ekarriko digute oraindik, hamar milatik gorako kamioi, egunero, kostalde honetan zehar; ondoren, gure zerbitzurako izanen ez den AHT garraiobide garesti eta ingurumen suntsitzailea. Garapen apaindu batekin liluratu nahi dute, baina ekonomiaren antolaketak ez dio herritarraren beharrei erantzuten, herritarrari beharrak sortzen dizkio.

Hastera doan urtean ere AHTren gaineko eztabaidek eta prestatzen duten erasoaren kontrako lanek toki handia hartuko dute. Baina, beste asko dauzkagu mahai gainean, euskararen ofizialtasunaren aldeko bultzada, baita euskarazko irakaskuntzaren aldeko lanpostuen lortzeko eskakizuna ere, urte hasieratik hor izanen ditugu.

Gure eskakizunek goi mailako politikan ari diren politikarien izugarrikerien, gerlarako duten nahikerien artean ez dute lekurik; herritarrek dituzten beharrak entzuteko lekurik ez. Obama omen zen aldaketa ekarriko zuena. Afganistanera beste hogeita hamar mila soldadu igorriko dituela ikaragarria da. Hau baldin bada aldaketa, 2009a ez zaigu ederra helduko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo