GARA > Idatzia > > Kultura

Benetako kezkek ala aitzakia hutsek itxi dute Bilboko kafe antzokia?

Legezko edukiera bikoiztu izana leporatuta, Bilboko Udalak bi mila euroko isuna ezarri eta hilabete batez itxi zuen Kafe Antzokia urtarrilaren 9an, eta erabakiak kultur jarduera duten aretoen segurtasunari eta Udalaren hiri ereduari buruzko eztabaida piztu du.

p056_f02_250x128.jpg

Anartz BILBAO

Gaurko egunez gauzak zertan diren argitu eta Kafe Antzokiko arduradunen asmoak jasotze aldera, bertako bozeramaile lanak egin dizkiguten Xabier Monasterio eta Jabi Zabalarekin izan dugun solasaldia ekarri dugu orrialde hauetara.

Aretoaren segurtasun neurriez galdetuta, gauzak hasieratik argi utzi nahi izan dizkigute aretoko arduradunek. «Segurtasunarena gure kezka bizia izan da beti. Lehenengo eta behin, inoiz ezer gertatuko balitz, Kafe Antzokiko kideoi dagokigulako erantzukizuna. Gainera, gu geu, gure senideak eta lagunak etxe honetan egoten gara. Nola ez gaitu ba kezkatuko gure ingurukoen segurtasunak». Badirudi, hala ere, Bilboko Udalak segurtasunaren aldeko gurutzada bati ekin diola orain -«ez dakigu zertan ibili diren orain arte»-, beti ere gau giroa duten diskoteka eta aretoetan. Eta Kafe Antzokiko lagunak minduta azaldu dira, hamahiru urtetan arazorik eman ez duen aretoa zigortzerakoan (udaltzainek beraiek ere esan omen diete gatazkarik ia eragiten ez duen aretoa dela) «`castigo ejemplar' bezalako hitzak aipatu eta, gure ustez, beraien interesen alde eskarnio publiko gisa erabili gaituztelako, segurtasuna herritar guztion interesa denez gero alde biko portaera bat izan behar duenean. Udalak guri proposamenak egin, gauzak aldatzeko eskatu eta irtenbideak ere eman behar dizkigu, eta ez neurri hertsatzaile hutsak erabili».

Udal arautegiaren arabera, baina, laurehun eta hogei lagunekoa da Kafe Antzokiaren edukiera, eta aurrerantzean kopuru horretan beharko luke zaindu beharreko muga. «Aretoan egon den edonork badaki legeak ezartzen duen laurehun eta hogei laguneko kopuruarekin aretoa erdi hutsik dagoela». Beraz, «legea ez dator bat errealitatearekin», Monasterio eta Zabalaren esanetan. «Kafe Antzokiak askoz edukiera handiagoa du, eta segurtasuna areagotu eta bermatzeko aski da neurri zuzentzaile batzuk hartzea, hala nola atzealdean beste irteera bat irekitzea. Eta gainera, zorionez, fisikoki posiblea dugu hori egitea». Horregatik, jendearekin hitz egin eta gauzak bideratzeko prest gaude, eta obra horiek eta bestelako hobekuntzak ere egingo ditugu».

Puntu honetara helduta, oztopo bat aurkitu dute Kafe Antzokiko arduradunek, hiritarren atsedenerako eskubidea bermatu nahi duen udal ordenantza batek tabernaz saturatutako zonaldetzat baitu aretoa dagoen auzoa. Eta ordenantza horren arabera, bertan diren tabernek ezingo luketelako inolaz ere beraien jarduera areagotu. «Segurtasunaren aitzakia jarri digute, baina guk segurtasun irizpide hutsen arabera, nahi badugu kasu honetan edukiera eguneratu, benetako arrazoiekin topo egiten dugu, eta apur bat hazka eginez gero, estrategia soziopolitikoak agertzen dira». Eta hor dago, antza denez, benetako koska. «Udalak Bilborako estrategia bat erakutsi du, tartean gauetan ibiltzen den jende kopurua mugatzea, gauetako lokalen edukierak oso zorrotz neurtzen hasi baitira, beste jarduera batzuk -egunekoak eta- neurtzeaz ahaztuta». Kafe Antzokiko arduradunek ikusi dutenez, beraz, «argi dago ez dela edukiera eta segurtasunagatiko kezka hutsa; gaueko ordu bietatik aurrera kalean dabilen jende kopurua murrizteko plan bat da atzean dagoena. Eta horretarako, ostalaritza ordenantzak erabiltzen dituzte, gaueko aretoen jarduera mugatu eta ahal den neurrian gutxitzeko». Horregatik, «segurtasuna areagotzeko eta edukiera handitzeko obra txiki bat egitea proposatzen diegunean, saturazioa dagoela esan eta beraien asmoa azaleratzen digute».

Aretoko bozeramaileen hitzetan, «saturazioarena kontzeptu subjektiboa da. Saturazioa baldin badago, nork eman ditu orain arteko baimenak; ostalari baten jarduera ordenantza horren aurretikoa bada -Kafe Antzokiaren kasua-, zergatik erabili behar da bere jardueraren kontrako neurri murriztaile bat. Gure kasuan, are larriagoa da hori esatea, gure inguruan, nahiz eta Bilbo erdian egon, alde batean eliza eta bestean udal bulego bat dugulako, eta aurrean gehienbat bulegoz betetako etxe bat. Egon badira batzuk, baina bizilagun gutxi daude inguruan, oso gutxi». Udalaren iritziz, «taberna gehiegi (eta jende gehiegi gauez) dago Bilbo gehienean, eta dirudienez, `gauean denok etxera eta ohera, lotara' dute alternatiba bakarra. Esaterako, Bilbao.Gaua gazteen programa alternatibo hori ere (Udalak nerabe eta gaztetxoen asteburu gauetako aisialdirako sortua) finikitatzeko erabakia hartu omen dute, asteon jakin dugunez».

Segurtasuna bermatzetik hiritarron atsedenerako eskubidea babesteko `saturazioaren ordenantzara' igarota, Udaleko Segurtasun Sailetik ordenantza orain gutxi onartutakoa zela, eta aldatzeko beharrik ez zutela ikusten adierazi dutela aipatu diegu Kafe Antzokiko kideei. Azken hauen iritziz, «ordenantza berria izatea ez da argudio bat ez aldatzeko, ordenantza bat txarra bada, berehala hasiko delako igartzen txarra dela. Gainera, oso erraza da ordenantza bat aldatzea, udalbatzar bat eta gehiengoa baino ez da behar, goitik behera aldatzeko edo zuzenketak egiteko. Eta horrela eskatzen zaie ostalarion partetik». Izan ere, «guk ez ditugu kontrako ikusten loa eta dibertimendua, toki berean bateragarriak direla uste baitugu. Horretarako, portaera zibilizatu batean ere indarra jarri beharko genuke, hezkuntzan eraginez. Eta lokal bati eskatu behar zaiona barruan bete behar dituen arau guztiak, segurtasuna, intsonorizazioa eta abar bete ditzala bada ere, prest egongo ginateke Udalarekin batera, bion artean, akordioak lortu eta kontzientzia bat sortzeko, kalean ere denok gizalegez porta gaitezen».

Kultur sustatzaile

Baina Kafe Antzokiko arduradunek, aretoaren kultur jarduera ostalaritzatik harago doala iritzita, errealitatearen azterketa zabalago eta sakonago bat egin nahi dute. «Kafe Antzokiaren jarduera osoa geldiarazteko agindua Udaleko sail bakar batek eman du, Hiritarren Segurtasunerako Sailak. Eta jakin gura genuke, ikusita zer nolako proiektu globala den Kafe Antzokia, zer balorazio egiten duen udaletxeak orokorrean (Euskara Sailak, Kultura Sailak, Ekonomia Sailak, Turismo Sailak...) Antzokia ixteaz. Eta esan dezatela, mesedez, ea beraientzat Kafe Antzokia ezinbestekoa ez den, esan dezatela, argi eta garbi, zer suposatzen duen Kafe Antzokiaren itxierak euskal alorrari dagokionez, esaterako». Eta adibide bat ere jarri dute, ondo uler ditzagun, «Kultura zinegotziak ez luke izango zeresanik, edozein epailek Guggenheim itxiko balu?».

Benetako balorazio politiko bat nahi dute beraz, beraien ustez, Eduardo Maiz jaunak arauen mugak eta azalpen teknikoak baino ematen ez dituelako, «eta zinegotzi bat da, ez teknikari soil bat». Maizek zuzentzen duen Segurtasun Saila izan da, «Udalean hartu gaituen sail bakarra, bilera bat ere egin genuen berarekin, eta oso erantzun eta interpretazio murritzekin gainera, Antzokia beste edozein `local de copas' izango balitz bezala, oso jarrera gotor eta hertsiarekin. Eta ostalaritzari ezer kendu gabe, horretatik ere badaukagu, kultur esparruan Kafe Antzokia askoz gehiago ere badela uste dugu».

Bilbo euskaldun berri piloa sortu duen plataforma izanik, horiek puri-purian jarri eta euskararen inguruan mugimendu urbano polit bat garatzeko ahaleginean buru-belarri dihardu Zenbat Gara kultur elkarteko Kafe Antzokiak azken hamahiru urteotan, «eta negatiboki diskriminatzen da. Eta guk, jendeak aitortu digunez, orain arte izan garena izaten jarraitu nahiko genuke». Antzokiaren erabiltzaileek adierazi baitiete bertako arduradunei «Guggenheim izan aurretiko eta ondorengo Bilbo dagoen bezala, euskarari, kulturari eta dibertimenduari dagokionez ere badirela bi Bilbo, Kafe Antzokiaren aurrekoa eta ondorengoa». Beraz, «bide emankorra eta ona egin dugu, akatsak akats, eta guk ere lagundu dugu Bilboren izena eta irudi ona Euskal Herrian eta atzerrian saltzen», urteko berrehun eta berrogeita hamar kultur ekitaldi garatuz, «izan kontzertu, bertso saio, bazkari, haurrentzako antzerki edo elkartasun jaialdi».

Bertako bozeramaileek harro azaldu dutenez, «gaztelaniaz `saturatutako' Bilbo erdigunean, euskaldunon topagune eta euskal kulturaren erreferentzia bihurtu da Kafe Antzokia, eta erdaldun askorentzat euskal munduarekiko lehenengo hurbilketa, badirelako bisitari asko Euskal herrian Europako herririk zaharrena izan eta hizkuntza berezia dugula jakinda etortzen direnak. Izen propio izatetik izen arrunt bilakatu eta han hemenka tokian tokiko jendearen eskutik ugaldu egin den modelo bat sortu du».

Bukatzeko, «herri mailan lortu dena kinka larrian dago udal ordenantza bat dela medio, eta ez badugu lortzen dagokigun edukiera, ezin bada leku bizi honetan jendea sartu, dauzkagun hainbat dinamika desagertzeko arriskuan dira, ez direlako bideragarriak ekonomikoki», aitortu digute. Tartean, «Kurkuluxetan umeguneko ekimen guztiak, antzerki zein musika-eskola eta topaketak, Bilbo Hiria irratia eta Ondarroako kafe antzokia». Hainbat lanpostu ere jokoan dira, «berrogeita hamar lagun daude hemen lanean-eta». Mezu baikorra eman nahi izan dute bukatzean Zabala eta Monasteriok: «Jende askoren ilusioa eta ametsak daude jokoan eta defendatuko ditugu gure agintariekin edo agintariak gorabehera. Afera honek dena baldintzatzen du eta gure azterketak egiten ari gara, baina Kafe Antzokiak hamahiru urteko ibilbide luzea du, emaitza ona izan da urte hauetan eta modu batean edo bestean aportatzen jarraituko du». Beraz, otsailaren 9an, behin zigorra gaindituta, «zabaldu, saiatuko gara zabaltzen».

La seguridad es la prioridad para el ayuntamiento

Con motivo de conocer el parecer del Ayuntamiento de Bilbo, GARA también se ha puesto en comunicación con el responsable de la Concejalía de Seguridad Ciudadana, el señor Eduardo Maiz, quien obviando considerar la labor en pro del euskera que realiza el Kafe Antzokia o su actividad cultural -a pesar de ser cuestionado por ello-, nos explicó con detalle la normativa en lo referente al aforo y a las ordenanzas municipales.

En cuanto a su labor como garante de la seguridad ciudadana, «nosotros llevamos un control en todo lo referente a seguridad, incidiendo en el tema de ruidos, como en los horarios o los aforos. El aforo es un elemento de seguridad en los locales, y depende de las características a las que se dedica, de los metros cuadrados de superficie que ocupe, a sus salidas de emergencia, de cuantas tiene y cuantos metros lineales tienen esas salidas, si son horizontales o hay que subir o bajar escaleras, etc. Son normas técnicas de edificación de cumplimiento obligatorio para todo edificio que contenga personas, desde oficinas, locales industriales...».

Normas de seguridad, según Maiz, «conocidas y exigidas para cualquier profesional en el momento que quiera abrir un negocio». El primer cálculo lo hacen normalmente los arquitectos que realizan el proyecto y después es protección civil quien vuelve a recalcular, para dar el visto bueno a las licencias de apertura. «Para nosotros el aforo tiene mucha importancia. El tema de ruidos y horarios se van cumpliento en su mayoría, pero el tema de seguridad para nosotros es clave, y vamos por ello controlando las noches de los viernes y los sábados».

Respecto a las quejas del sector hostelero, «en este caso concreto, al ser el Kafe Antzokia un local muy conocido, ha sido muy mediático, el tema del aforos siempre se ha controlado. En Bilbo hay ciento treinta establecimientos, locales de copas, de los que tenemos cinco cerrados, aunque con ninguno de ellos hemos tenido un componente tan mediático, pero no existe desde este departamento un seguimiento fuera de lo normal». A. BILBAO

 

Aretoa: Kafe Antzokia (Bilbo).

Udalaren zigorra:

Bi mila euroko isuna eta hilabeteko ,urtarrilaren 9tik otsailaren 9ra, giltzarrapoa.

Arrazoia: Legezko edukiera (420 lagun) bikoiztu izana.

Elkartasun sinadurak: www.kafeantzokia.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo