GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Egitasmo «hezkidetzaile eta hezkuntza parekidearen» alde egin du Bilgune Feministak

GARA |

Matrikulazio kanpainaren erdian gauden honetan, atzo izandako prenstaurrekoan, Bilgune Feministak «hezkidetzaren aldeko hautua» egiteko deia luzatu zuen. Erakunde feministaren hizlarien ustetan, «beharrezkoa baita hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza errealitate bihur dadin». Euskal Herriko neska eta mutilek «parekidetasunean oinarritutako hezkuntza eskubidea dutela» gaineratu zuten.

Bestalde, Bilgune Feministak konpromisoa hartu zuen «parekidetasunean» oinarritutako hezkuntza sistema bat lortzeko «tresna berriak ateratzen eta eskaintzen». Matrikulazio garaian gaudela, hezkuntza komunitateak eta gainontzeko herritarrok ere «ikastetxeek hezkidetza lan dezaten eskatzeko dugun ardura».

Hezkidetzaren garrantzia

Hezkuntza sistema pertsonen sozializaziorako oinarrizkoa da, eta beraz, hein handi batean, hezkuntza sistemak eskaintzen dizkien eta «bultzatzen dituen eduki edota portaera guztien arabera jokatuko dute gure herriko neska-mutilek etorkizuenean» aipatu zuten. Horregatik, «garrantzitsua» da haurrak txikitattik hezkidetzan eta aukera berdintasunean oinarritutako balioetan haztea, azpimarratu zuten.

Ildo beretik, hezkidetza, kontzientea den prozesu hezitzailea da eta neska-mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da. Prozesu hezitzaile honen helburua pertsonen garapen integrala lortzea da sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Bilgune Feministak argi utzi zuen «elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako» jendartea sortu nahi duela.

Erakunde feministak urteak daramatza hezkuntza hezkidetzaile baten aldeko aldarrikapenaren alde lanean. Orain sei urte, Minimoen Taula kaleratu zuten eta duela gutxi Hezkidetza Gida sortu dute. Gida, bide horretan, «lagungarri» izan nahi duen tresna bat besterik izan arren, «denon konpromisoa eta lana» behar dugula nabarmendu zuten erakunde feministako kideek. «Parekidetasunaren bidean hezitzaile eta eragileek pausu praktikoa emateko erronkan laguntzeko» sortu dute azkeneko gida hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo