Seaskako guraso, ikasle eta irakasleek Akademia Ikuskaritzari: «Hitza hitz»
GARA |
40. urteurrenaren atarian, Hezkuntza Ministerioarekin behingoz harremanak normalduko zituen itxaropena zuen Seaskak, batez ere, irakasle postuetan dituzten premiei dagokienez.
Xede horrekin eta Euskararen Erakunde Publikoa lekuko, hilabeteak daramatza Akademia Ikuskaritzarekin hitzarmenaren edukiak zehazten. Elkarrekin landutako testuari Parisek oniritzia emango zain daude irailaz geroztik. Orain, ordea, Philippe Carrere ikuskariak ukatu egin du akordiora iritsi izana.
Jarrera horrek Seaskaren haserrea piztu du eta, erantzunik ez denez, mobilizatzen hasiak dira. Asteazkenean 200 bat guraso, ikasle eta irakasle Ikuskaritzaren Baionako ordezkaritzaren aitzinean elkarretaratu ziren Gobernuak emandako hitza jan duela salatzeko eta euskarari buruzko «hitz politak» aski ez direla nabarmentzeko.