GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Ohorezko maila

Premia larrian dabiltzan bi euskal talde neurtuko dira Trevijano estadioan

J.L. | DONOSTIA

Lehen itzulia nola joan zen ikusita, inork gutxik uste zuen Ampo Ordiziak eta Getxo Arteak egun bizi duten egoera bizi beharko zutenik, baina gauzak horrela dira, eta gaur arratsaldean, 16.00etatik aurrera Trevijano zelaian jokatuko duten derbiak sekulako garrantzia izango du bi taldeentzako.

Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak bolada oso txar batean daude, eta kinka oso larrian heldu dira gaurko derbira. Gipuzkoarrak sailkapeneko azken hirugarrengo postuan daude, jaitsieratik salbu, eta bizkaitarrak, berriz, postu bat atzerago, jaitsierako postuan sartuta.

Beraz, horrek neurketa beroa iragartzen du. Ordiziak irabazten badu, aurrera emango du pausoa, eta sailkapena oso estu dagoenez, oso litekeena da postu batzuk aurrera egitea. Galduz gero, berriz, egoera ikaragarri okertuko litzaieke, jaitsierako postuan sartuko bailirateke, eta beste hutsegiterik egiteko tarterik gabe geratuko lirateke.

Getxoren egoera, berriz, okerragoa da. Hori-beltzak jaitsieran sartuta daude, eta gaur galduta, gauzak oraindik eta okerrago jarriko lirateke, eta mailari eusteko aukerek gutxitzen jarraituko lukete. Irabazita, berriz, goierritarrak bidaliko lituzkete inork egon nahi ez duen postu horietara, eta beraiek une honetan handik ateratzeko modua egingo lukete.

Gauzak dauden moduan, ordea, etxekoak dira faborito. Axio Arañak zuzentzen dituen mutilek etxean lan ona egiten dute, nahiz eta azkeneko bi neurketetan nahiko okertuta ibili diren, baina gaur badakite zer duten jokoan, eta harmailetan izango den jendetzaren babesean, faborito aterako dira.

Aukera ederra

Ia orain arte okerren egon den euskal taldea, Pegamo Bera Bera, alegia, da une honetan ongien dagoena. Donostiarrek mailari eusteko urrats handia emango lukete bihar -12.30etik aurrera- Valladoliden Quesos Entrepinares taldeari irabaziko balieke.

Gipuzkoako hiriburukoek talde handia egin dute, lehen postuetan ibiltzeko asmoarekin, baina gauzak oraintsu arte ez dituzte ongi egin. Badirudi orain hasi direla eman behar zutena ematen, eta berriro okertzen ez badira, ez dute mailari eusteko arazorik izan behar, nahiz eta tarteak txikiak diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo