GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Korrika 16

Hamaika egun eta hamaika emozio Korrikan, gaur Gasteizen lehertu arte!

Gaur amaituko da korrika, aek-ren eskutik Euskal Herri euskalduna aldarrikatzen duen martxa. Atzokoan ere milaka bizkaitar ibili ziren errepideetan zehar, etenik gabe, lekukoa eskuz esku aldatuz. Enkarterriak, Meatzaldea, Txorierri, Uribe Kosta, Arratia eta Durangaldeko herrietan euskara babestu zuten bertako bizilagunek.

p018_f03_152x100.jpg

Amaia ZURUTUZA

Atzokoa, beste behin ere, benetan egun polita izan zen Korrikarena. Enkarterriko lurretan izan zen goizaldeko lehen orduetan euskararen aldeko aldarrikapena. Jarraian Meatzaldean murgildu zen, eta Ezkerraldean ondoren. Ordurik aproposenak izan ez arren, jendea gogotsu eta alai bildu zen errepide ertzean, eta ekin zion korrikaldiari. Barakaldoko azken kilometroan, 2.144an zehazki, Periko Salaberria ezker abertzaleko militante historikoak eta Kepa Bereziartua EAE-ANVko kideak eraman zuten lekukoa.

Goiza argitu ahala, Txorierrin barrena, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu zeharkatu zituen Korrikak. Zamudion, besteak beste, hamar urte bete berri dituen Lagatzu euskara taldeak eraman zuen lekukoa. Ez da, ez, Korrikan zehar kilometro baten ordezkaritza hartu duen euskara talde bakarra, Euskal Herrian barrena, hamaika eta hamaika baitira, herriko talde gisa antolatuta gure hizkuntzaren alde lanean aritzen direnak.

Larrabetzu txiki geratu zitzaion Korrikari, ehunka eta ehunka lagun, 1.800 biztanle dituen herriko kaleetan barrena, hankak astinduz ibili zirenean.

Txorierri atzean utzi eta Hego Uriben murgiltzeko ordua iritsi zen, 10.30ak pasatxo zirenean, eta Usansoloko herritarrek euskara gogoz daudela erakutsi zuten, eta nolabait, eskualde osoan esku hartu zuen jendetzaren lehen erakusle izan ziren. Ospitaleko langileek, saskibaloi, dantza, pilota nahiz euskara taldeek, ikastolek, institutuek eta AHTren aurkako asanbladak ere bai eraman zuten lekukoa.

Eta Galdakaon beste herri askotan gertatu den bezala eztanda egin zuen euskarak, eta Korrikak ere bai, herrian halako iraultzatxo bat eraginez. Herriko kaleetan gora eta behera ibili zen Korrikako furgoneta, musika lau haizeetara zabalduz, atzean jende mordoa korrika eta behin eta berriro oihuka eta oihuka: bateko «Hemen gaude euskararen alde!», besteko «Galdakaon ere euskaraz!».

Munduko euskara ikasleak

Eguerdia gertu zela, lekukoaren eramaile batzuek irudi polita eskaini zuten bertan. Herriko AEK-ko ikasleen kilometroan Guy Fayter, eskoziarra, Diana Galvez, kataluniarra, Carlos Hernandez galiziarrak eta Jimena Velasco burgostarrak eraman zuten lekukoa, laurak euskara ikasleak egun. Fayter gona eskoziarra soinean aritu zen korrika eta beste hirurak, bakoitza bere herriko banderarekin.

Galdakaon bertan ere eguneko korrikalaririk gazteenetarikoa izan zena ikusi genuen. Urtebete eskas izango zituen neskatila aitaren sorbalda gainean ibili zen, aitaren korrikaldiarekin gora eta behera.

Basauri ez zen, ez, atzean gelditu eta jendetza ibili zen korrika, eta beste hainbeste espaloietan begira. Hamaika eragilek eraman zuten lekukoa, euskarak duen atxikimenduaren adierazle. San Migel auzoko elkarteek ere hartu zuten parte. Eta Galdakaon gertatu bezala, Basauriko AEK-ko ikasleen kilometroa iritsi zenean, beste irudi berezi bat: Roberto Tananta amazoniarrak eta Cristina Stuparu errumaniarrak euskara nahi duen orok ikas dezakeela erakutsi zuten, lekukoa gogor astinduz.

Beraiei, eta azken batean, herri honetan euskaraz bizi nahi duten guztiei, eskaini die aurtengoan Korrikak bere omenaldia eta ongietorri beroa. «Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!», baitio aurten Korrikak. Helburua argia da, «Euskal Herrian euskaraz», egun hauetan milaka ahok behin eta berriro oihukatu duten bezala.

Hego Uriben jarraituz, Etxebarrin ehunka biztanle «Vive Etxebarria Bizi; 500, 1609-2009» zioten kamiseta eta banderekin aritu ziren korrika, euren herriaren 500. urteurrena ospatuz, eta aldi beren euskarari babesa azalduz. Aperribaian eta Arrigorriagan ere jende mordoa bildu zen.

Ugaoko herriak Korrikaren bisita jaso zuenean 13.30 inguru ziren. Korrikalari mordoa izan zen atzo une oro, eta hala, talde handia abiatu zen Ugaotik Zeberio aldera. Korrika jende asko, bai, eta baten bat bizikletaz, baina tarte honetan protagonista berezi batzuk ere izan ziren. Izan ere, zazpi bat zaldik ireki zioten Korrikari bidea; une ikusgarria, benetan. Eta taldea itxiz, berriz, traktore handi bat joan zen, atzean, gurdi bat lotuta zuela, eta barruan, giro ederrean, lagun talde bat, ikurrin handi bat eta kolore askotako hainbat bandera eskuetan. Kanpai handi bat ere bazeramaten, dinbi-danba.

Atzokoa larunbata izanik, nabaritu zen beste egun batzuetan baino jende heldu gehiago Korrikako tropelean. Hala, Arratia aldean, adin guztietako jendea ibili zen Korrika, eta askok benetan sasoiko zeudela erakutsi zuten, luze eta luze korrika ibili baitziren.

Arantzazu herriak suziriak jaurtiz egin zion harrera Korrikari, eta txalo eta irribarre zaparradaz herritarrek. Besteak beste, Illart Gumuzio, eskualdeko bertso eskolako ikasle gazteak eraman zuen lekukoa, baita bertsotan aritu ere, azkenean arnasestuka bukatu zuen arte. Irudi hau ere, behin baino gehiagotan ikusi duguna Korrikan zehar.

Igorre eta Lemoan ere Arratiako beste herrietan bezala giro paregabean igaro zen Korrika. Adin guztietako herritarrak batu zitzaizkion euskarari, eta aitite-amama asko ere ikusi genituen, baserriko atarian, txaloka, eta barru-barrutik zetorkien irribarre halako batekin.

Zornotzan, Camelot 97 enpresako langileak euskararen alde azaldu ziren, baita enpresak egindako 11 kaleratzeen aurka ere. «Camelot 97, despidorik ez!», zioten jende ugarik erakusten zituen kartelek, eta "Langileok borrokan gure eskubideen defentsan", zioen langileek eusten zuten pankartak. Herriko irteeran Alcoa enpresako langileak ere bide ondora irten ziren, Korrika txaloka agurtzera. Hauek ere pankartarekin, Alcoako kaleratzeen aurka. Bidean barrena iurretarrak korrikalarien artera batu, eta gertu zen Durangora iristeko garaia, 18:30 aldera. Durangaldeko herritarrak ere euskara maite dutela, eta herri euskaldun bat nahi dutela oihukatzeko kalera irten ziren. Gaua gerturatu ahala, Gipuzkoan murgildu zen Korrika Ermua pasa eta Eibartik barrena.

Gaur bukatu du bere ibilbidea Korrikak, milaka pertsonen parte-hartzearekin. AEK-ko arduradunen arabera, orain bi urte milioi erditik gora korrikalari ibili ziren euskararen alde herriz herri hankak astinduz. Auskalo zenbat izan diren aurtengoan, baina argi dago, egunero-egunero jendetza ibili dela korrika, jendetza han eta hemen.

Nabaritu zaio gainera jendeari halako emozio bat, halako poz bat. Larrabetzun, atzo, «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez!» jartzen zuen pankarta batean. Herri askotan, jendea txaloka ibili denean, «eskerrik asko!» esan diete Korrikako kideei, eta hauek «eskerrik asko zuei!» erantzun diete, emozioa, poza, irribarreak... tartean. AEK-k euskararen aldeko ekimena antolatzen du, herrietara eramaten du, eta herritarrek bat egiten dute, baietz esaten dute. Baietz, herri euskalduna nahi dutela, baietz, euskara behar dugula, herri izan nahi badugu bederen. Eta bazioen inork herria gorputza dela eta hizkuntza bihotza; bada, bihotzik gabe ez garela izango, ez duela gorputzak iraungo. Beraz, heldu beharko diogu gogor euskarari, herriari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo