GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

J. Agirre, I. Poveda, A. Salinas, M. Urrestarazu, J. Ortigosa Altsasu

«Desarrollo sostenible»... edo «pelotazo sostenido»?

Hedabide askok, agintari askok eta goi-mailako lanbideek hiztegia bihurritzen dute errealitatea ezkutatu eta jendea manipulatzeko. Adibideak ugari.

Zabalgarbi izendatu dute Bizkaiko zabor-erraustegirik handiena. Han erretzen dira bertako zaborren herenak. Kadmioa, beruna, CO2, dioxinak... isurtzen ditu «poliki».

Cementos Portland-ek erraustegi «txit garbia» eraikiko omen du (dagoeneko egina?). Duela egun batzuk «kontrolatutako amoniako isurketa» egin zuen Burunda ibaira, ehunka arrain hilez (okerreko lekuan zeuden). Azkenetan den bisoi europarra ere, «gozoa» egongo da...

Garbigune deitu ohi zaie zabor bereziak biltzeko zabortegiei.

Desarrollo sostenible SL deitu diote Gendulaingo lurretan hiri berri bat eraikitzeko sortu duten enpresa-elkarteari. 3.000.000 metro koadro estaliko dituzte porlanez.

Pasaiako «ekoportua» bataiatu zuten Gonzalez de Txabarrik-eta eraiki nahi duten portutzarra. Larrua...

Errekalde Petroleum deitu beharko genioke Kuwait enpresak estalitako Ulaiar aldeko errekari, lagun baten aburuz. Urarena baino gehiago petrolio usaina dario-eta maiz.

Badira bestelako jokabide bitxiak ere.

Arga ibaiaren ertzetako lanak bertan behera uzteko eskatu du NaBaik legebiltzarrean. Burlatan uholde arriskua gutxitu bai, baina handik behera okerrago izango omen, kalteak eragiten, etab. Bat etorri arren, harridura eragiten digu jarrera horrek... Burunda ibaiaren ertzetan makropoligonoa eraikitzeko asmoa baitu Nafar Gobernuak, NaBaiko zenbait arduradun politikoren ekimen saiatuari esker, besteak beste.

Makropoligonoak ibaiaren uholde-eremuak estaliko ditu, lehenik milaka eta milaka tona lur oparo erautsiz eta beste eremu batzuk estaliz. Ondotik, eragindako zulotzarra milaka tona harri eta lur-hondakinez estaltzeko eta lur-kota altxatzeko are gehiago sartuko dituztelarik (uholdeak ekidin ahal izateko). Txikizioa txikizioaren gainean, hitz batean.

Gaia oso-oso gertutik ezagutzen duten zenbait adituk astakeria dela aitortu dute ahapeka.

Nasuinsako ordezkariek eurek, Altsasuko udal ordezkariei, oraingoei nahiz aurrekoei, argi eta garbi esan zieten, lekukoen aurrean, Zangitun poligonoa eraikitzea zentzugabekeria zela, eta soilik interes politikoa bitarte egingo zela, egitekotan.

Jakinik, gainera, makro-poligonoak jasangarritasun-irizpiderik oinarrizkoenak ere ez dituela betetzen, horra gure galdera:

Jasangarritasunaz gogoratzen gara soilik komeni denean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo