GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kidea

Diruz lagundutako autoak, kontrako bidean

Garraio publikoaren erabiltzaileak nolabait konpentsatze aldera besterik ez bada ere, bi gobernuon mende dauden autobus edota tren-zerbitzuak aurten, behintzat, ez dira garestituko, ezta?

Zapaterok joan den astean krisiari aurre egiteko Parlamentuan iragarri zituen neurrietako bat erositako auto berri bakoitzeko 2.000 euroko diru-laguntza ematea izan zen. Hori esan eta berehala Iraunkortasun Legea ere iragarri zuen. Iraunkortasunik ezaren edo ezin eutsizkoaren sektore paradigmatiko bat baldin bada, hori autoen sektorea da. Baina, tira, egia esan, ez gintuen harritu Zapaterok gauza bat bestearekin nahasteak; izan ere, agintariek horrelakoetara ohituta gauzkate; horiek, badakizue, basoa bota eta gero bertan parke natural bat egingo dutela esateko gauza dira. Harritu gaitu, berriz, 2.000 euroko diru-laguntza horien inguruan iritzi kritikorik entzun ez izanak. Gure ustez, horrelako neurri batek gutxienezko gogoeta kritikoa merezi du, batez ere -baina ez derrigorrez soil-soilik- ezkertiar edo aurrerazaleen aldetik.

Bai, badakigu oso neurri «popularra» dela, autoarekiko sentitzen dugun tira ia-ia gure DNAn txertatuta baitago. Alabaina, egin diezaiogun geure buruari pare bat galdera: auto berri bat erostea diru publikoz laguntzea zuzena al da? Ez ote da neurri diskriminatzailea? Beste modu batean esanda: zergatik lagundu diruz auto berri baten erosketa eta ez herritarrek beharrezkotzat jo dezaketen beste edozein produktu edo zerbitzu?

Baina galdera horrek irekitzen duen gogoeta-bidea zabalegia da, beharbada. Horregatik, bide hori estutze aldera, gogoeta garraio edo mugikortasunaren arrastora ekartzea proposatzen dizuegu. Galdera honako hau litzateke: zergatik lagundu diruz auto berri baten erosketa eta, aldiz, autobus edo trenbideko zerbitzuen prezioak urtero-urtero igotzen jarraitu? Sarri KPIren gaineko igoerak dira, gainera; gogoan izan, bestela, aurten bertan RENFEko aldiriko zerbitzuena. Krisiak ez ote du eraginik garraio publikoa erabiltzen duten herritarrengan? Eta, baldin badu, zergatik diskriminatu? Krisiaren eragina txikiagoa al da garraio publikoaren erabiltzaileengan auto-ekoizleengan baino?

Autoen sektoreak pisu handia du ekonomian eta horren inguruan lanpostu pila bat dago, bai, horretaz ez dago duda egiterik. Baina krisia dela-eta edo krisiaren aitzakian hartzen diren neurri guztiak, edozein direla ere, akritikoki onartu behar al dira? Esaterako, bankuei (are) diru gehiago ematea ez zaigu zuzena iruditzen, ezta hainbat eta hainbat enpresek ERE iruzurtiak gauzatzeko aprobetxatzea ere. Bada, modu berean, ez ote genuke autoen diru-laguntzen inguruan gogoeta kritikorik egin behar?

Lakuako Gobernuak esan du bere gain hartuko duela dagokion diru-laguntzaren zatia, 500 euro, alegia. Iruñekoak, berriz, Zapaterok berak baino lehen proposatu zuen auto berrien erosketa diruz laguntzea, eta 500 euro eman beharrean 700 emango omen ditu. Gauzak horrela, eta garraio publikoaren erabiltzaileak nolabait konpentsatze aldera besterik ez bada ere, bi gobernuon mende dauden autobus edota tren-zerbitzuak aurten, behintzat, ez dira garestituko, ezta? Ez esan asko eskatzea denik!

Bukatu aurretik, aurrezteko eta, ondorioz, krisiari aurre egiten laguntzeko neurri berri baten inguruko eztabaida proposatu nahi dugu: Auto Egunari eta antzekoei begira erakunde publikoen aurrekontuetan dauden diru guztiak kentzea. Azken batean, administrazioek garraio-politika hain modu nabarmenean kontrako bidetik gidatzen dutela ikusirik, zertarako ibili dirua Autorik Gabeko Egunaren eta antzekoen propagandan xahutzen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo