GARA > Idatzia > > Kultura

Antso Jakituna Fundazioak euskarazko gramatikarik zaharrena erakutsiko du

GARA | GASTEIZ

Ostegunetik aurrera, Antso Jakituna Fundazioak orain arte ezagutzen den euskarazko gramatikarik zaharrena erakutsiko du; Pierre d´Urte lapurtarrak 1715ean idatzitakoa, hain zuzen. Lan hori osatzen duten sei aleekin enkantea egin zuten Sotheby´s-en eta Vital Kutxa Fundazioak bereganatu zituen. Idatzi horiek ezkutuan gordeta zeuden Shiburn Castle gazteluko liburutegian, Watlingtonen (Oxfordshire) kokatutako Erdi Aroko eraikinean.

Erakusketaren irekierak Antso Jakituna Fundazioaren egoitza berriaren inaugurazioarekin bat egingo du; kapera neogotiko zahar baten gainean eraiki dute, Betoñun (Gasteiz). Erakusketa irekita egongo da ekainetik aurrera, Fundazioko bisita gidatuak hasten direnean.

Britainia Handitik

Erakutsiko dituzten sei aleak larruz estalita daude eta Britainia Handiko nobleziaren armak agertzen dituzte. Ale horietan, «Grammaire Cantabrique» eta «Dictionarium Latinocantabricum» lanak biltzen dira, 1715. urte inguruan Pierre d´Urtek sortuak. Lapurtarra fraidea izan zen, baina ondoren artzain kalbinista bilakatu zen eta Britainia Handira ihes egin behar izan zuen Nantesko Ediktuaren ezeztatzearen ondorioz (1685). Londresen zela, Edward Lhwyd edo Moses Williams hizkuntzalariekin bat egin zuen. Galesaren eta euskararen arteko lotura defendatzen zuten hizkuntzalari horiek. Moses Williams Ezagutza Kristauaren Zabalkulderako Sozietateko kide zen -Macclesfieldarrek ere babesten zuten elkartea- eta uste da berak bultzatu zuela Pierre d´Urte Itun Zaharra euskarara itzultzera.

Aipatutako bi lanetan, d´Urtek garai hartan hitz egiten zen euskararen testigantza erakusten du, eta urte batzuk beranduago Manuel Larramendik egindako lanera aurreratu zen; hau da, gramatika eta hiztegi hirueledunak idatzi zituen. Antso Jakituna Fundazioaren arabera, aberastasun handiko lexikoa erabili zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo