GARA > Idatzia > > Kultura

«Lau mendetan ehunka mila emakume hil zituzten sorginkeria aitzakia hartuta»

p048_f01_194x116.jpg

Armelle Le Bras-Chopard

Ikerlaria eta «Les putains du diable» liburuaren idazlea

Versaillesko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea da. «Les putains du diable» (Plon argitaletxea) azken liburuan sorginkeria prozesuetan emakumearen tokiaren garrantzia aztertzen du. Hezkuntza Ministerio frantsesarentzat lan egiten du gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde.

Idoia ERASO | AZKAINE

Lapurdi 1609 elkarteak duela lau mende iragan ziren sorginkeria epaiketa eta erailketen gaiak mendeetan sortu duen beldurra eta lotsa gainditzeko hainbat hitzaldi antolatu ditu. Armelle Le Bras-Chopard idazlearen nahia ere hori da, ezagutzaren bitartez historian gizartean emakumeen kontra izan- dako jarrera aldatzea.

Zeintzuk dira sorginkeria prozesuen arrazoiak?

Europan, sorginen kontrako ehizak lau mende iraun zituen. Sorginkeria prozesuetan akusatuen %80 emakumeak ziren, ez da oharkabean egindako zerbait. Nik, beraz, galderak pausatzen ditut: Zergatik joan dira emakumeen bila? Zein da emakumearen irudia? Oso irudi ezkorra da, emakume guztiak sorgin potentzialak dira, denak azalutsak, gezurtiak eta ahulak dira. Ez dute gizonek duten arrazoimena eta bideratu egin behar dira. Bideratuak ez direnean sorgin bilaka daitezke eta etxetik joan, erratz baten gainean gehienetan, eta horrela imajina daitezkeen gaiztakeria guztiak egin ditzakete. Emakumeen estereotipo horrek gaur egun bizirik dirau, eta lau mendeetan zehar mantendu izana ez da kasualitatea.

Beste galdera bat da gizonek zergatik eraso zieten horrela emakumeei. Gizonak ziren magistratuak eta agintariak. Azkenean euren beldur batetik dator dena, maila eta inguru guztietan, landa ingurutik politika alorreko maila goreneraino, bestela horrelakorik gertatzea ezinezkoa litzateke. Maila guztietan konplizitatea izatea beha- rrezkoa zen. Beldurraren jatorria bilatzean ikusten da lotura dagoela boterea eta sexualitatearen artean. Boterea gizonari loturiko zerbait izan da eta garai horretako gizonak obsesionatuak zeuden antzutasunarekin, Montaigne, Rabelais eta besteek erakusten diguten bezala. Beren burua bermatzeko, zerbait gaizki zegoenean beti emakumeen errua zen.

Zergatik idatzi duzu liburu hau?

Emakumeen portzentajeaz gain, bigarren gauza batean ere interesa nuen, historian gai honi buruz ezarri den isiltasun geruza hain zuzen. Lau mendetan zehar ehunka mila emakume erail dituzte. Erabili ditudan liburu gehienak frantses zaharrean edo latinez idatziak dira, hau da, ez da jakinarazi nahi izan zer gertatu zen. Historialariek gehienetan sorginkeriaz hitz egiten dute, baina ez dute benetako gaia jorratzen. Emakumeak esaten zutenaz hitz egiten da beraiek benetan sinetsiko balute bezala, eta ez da aipatzen bortxatuak izan zirela. Kartzeletan gertatzen zena kontatzen duen testu bat erabili dut, sorginen aitor-entzule batena. Alemaniakoa zen eta sorginak bazirela uste zuen, baina bat-batean konturatu zen dena amarruak zirela, frogak sortzen zituztela, sorginak bortxatzen zituztela, lekukoak edozein gauza esatera behartzen zituztela... azkenean hori guztia salatzen du.

Bigarren ikuspegi kritikoa Jean Vierus medikuarena da. Berak dio deabrua existitzen baldin bada ere, ezin duela gorputz bat hartu. Sorginak emakume gaixoak direla esaten du eta malenkoniatsuak direla. Emakume horiek bizi izan ez zuten zerbait esaten zutela azaltzen du. Nire ustez, ez da hori ere, emakume horiek ez zuten sinesten esaten zutena, atxilotzera etortzen ziren egunean deskubritzen zuten sorginak zirela.

Liburuaren izenburuak arreta deitzen du: «Les putains du diable».

Esamolde hori ez da nirea, Luterorena da. Sorginen kontrako errepresioa egiazki XV. mendean hasi zen, lehenago ere egon zen pixka bat, baina sorginkeria orokorrean epaitzen zen eta ez zen deabrukeriarekin lotua. Erreforma gero etorri zen, eta protestanteen errepresioa ankerragoa izan zen katolikoena baino, hastapenean behintzat. Beraz, `deabruaren emagalduak', Luteroren sorginen definizioa da, eta hor ikusten da nola ikusten den sorgina. Deabruarekin prostituitzen da eta deabruak gorrotatzen du, edonori uzten baitio emakumea, akerrei eta beste deabru txikiei esaterako. Honek erakusten du emakumearen definizio sexuala prostituta gisa.

Emakumea gizartean gertatzen diren gauza txar guztien errudun bilakatu zuten.

Hori da. Lehen puntua sexualitatearekin dago lotua, emakume bat sorgin bilakatzeko deabruarekin oheratu behar da. Horretarako, deabrua hezurmamitu egin behar da, animalia, munstro, apatxak dituen gizon edota gizon eder baten gorputzean. Demonologoen doktrinetan hitzarmena sexuaren bitartez ixten da. Horren trukean emakumeak zenbait irabazi ditu; alde batetik, plazerra, argiki bere senarrarekin lortzen ez duena, eta hor gizonen arazoa ikusten dugu, bereziki De Lancrerengan. Beste aldetik, botereak eskuratzen ditu, deabruak emanak direnez gaiztoak dira. Garai honetan heriotza edo min egitea bilatzen dute, beraz, babazuza zenean edo norbait hiltzen zenean erruduna zein emakume zen xerkatzen saiatzen ziren. Horrek adierazten du ez direla antzinako sorginak bezala belarrak bilduz jendea senda zezaketenak edo maite-edariak prestatzen zituztenak.

Gizonak eta haurrak ere baziren.

Ez da ahantzi behar emakumeak ez diren %20 badela. Nire ustez, mezuak indarra galduko luke zuzenean emakumeak soilik zirela esan izan balitz, beraz, zenbait gizon ere behar ziren. Horrek ekarri duen ondorioa izan da historialariek sorginkeria orokorra zen zerbait bezala definitu dutela. Ez dute ulertu sorginkeriaren afera funtsean emakumeak harrapatzeko izan zela. Badira zenbait gizon, eta teologoek eta magistratuek gizon bat zegoenean bere emaztearen erruz izan zela esaten zuten, Evaren adibidea erabiltzen zuten. Gizonak, hala ere, ez ziren emakumeak bezalakoak, ez baitziren deabruarekin oheratzen, hori guztiz pentsaezina da garai horretan, perfekzioa ziren gizonak homosexualak izatea. Testuetan sodomiaz hitz egiten zutenean, oso ohikoa zena, deabruak emakumea atzetik hartu zuela esan nahi zuen, ez zen inoiz gizon bat gizon batekin. Deabrua inolako zalantzarik gabe gizonezkoa da. Gaiztoa izanik emakumea izan zitekeen, baina ezin da femeninoa izan jainkoaren etsai nagusia izanik, boteretsua baita, eta botereduna gizonezkoa izan behar da. Ondorioz, emakumeak egiten duen txar guztia deabruaren boterearen ondorio da. Doktrina aberrantea da, baina dena oso ongi kodifikatua zegoen.

Logika hori Europa guztian bera al da?

Bai, hori da harrigarriena. Badira aldaketa txiki batzuk, Lapurdiko kasuan bezala, bertako egoerari lotuak. Torturara pasatzen zirenean sorginen aitormenak berdinak ziren. Gaur egun gauza bera gertatzen da komisarietan, magistratuak salatzen duenari erantzuten diote akusatuek. Zerbait egin dutela esaten zaie eta azkenean torturapean baiezkoa erantzuten dute, eta zenbait gauza ere gehitu ditzakete bakean utziko dituzten itxaropenarekin. Aitorpenak oso antzekoak ziren, baina inkisidore bakoitzak bere ukitua ematen zion. De Lancrek bere fantasietan oinarritutako detaileak gehitzen zituen, gehienetan sexualak.

Garaiko eta egungo egoeren arteko antzekotasunak aipatu dituzu.

«Sorgin-ehiza» eta antzeko esapideek jada ematen dute antzekotasunaren berri; hau da, botereak leporatu nahi dituen gauzez akusatzen duenean gizarteko hainbat jende. Ez dira errudunak, baina errudunak fabrikatzen dira, eta gehienetan kategoria berezi batengana joz. Stalinen prozesua aipatzen ahal da. Horretan metodoa berbera zen, eta aitorpena lortu beharra zegoen. Metodo hori torturaren bidez egiten zen. Sorgin-ehiza izena jaso zuen macartismoak Amerikako Estatu Batuetan. Hirugarren adibidea Guantanamo da, berriz ere legetik kanpo eramaten den auzibidea da, non aplikatzen den legedia legetik kanpo egotea da.

«Torquemadaz hitz egiten da, baina De Lancreren aldean oso goxoa zen»

Zeintzuk dira Europako eta Lapurdiko sorginkeria prozesuen arteko ezberdintasunak?

Badira De Lancrek berak ezartzen dituen ezberdintasunak, bere fantasiak. Sorginkeriaren doktrinaren garapena izan zen eta De Lancreren garaiaren bukaeran kokatzen da. Sorgin emakumeez gain, baziren gero eta gizon eta haur gehiago. Denak hasi ziren salaketak egiten, baita haurrak ere.

Beste berezitasuna da lehen garaietan elizgizonak zirela ikerketa garatzen zutenak eta gero magistratuak ziren hasieratik, hori da De Lancreren kasua. Momentu batean elizarekin ongi moldatzen ziren, baina Lapurdiko epaiketen garaian botere politikoa erlijiotik autonomo bilakatu zen, eta behar izan ez zituenean eliza ere etsai bilakatu.Hala, akusatuen artean apaizak ere baziren. De Lancrek bere aitzindariak baino askoz indartsuago jo zuen elizaren kontra.

Badira Lapurdiko berezitasunak egoera soziopolitikoari lotuak. Zentralizazioa lantzen ari zen, etorkizuneko estatu jakobinoa. Lapurdik berezitasuna zuen bazterretako probintzia zelako. Duela gutxi Frantziari lotua zen eta gainera Frantziak arazoak zituen bestaldean zen Espainiarekin, beraz, erregearen boterea finkatu behar zen, eta hau izan zen bideetako bat.

Europan non aurkitzen ditugu prozesu horiek?

Denean. Rhin ibaian zehar zabaldu zen, pasabidea zen tokietan, Lapurdin bezala, aski indartsuak ez diren herrialdeetako mugetan. Baziren toki batzuk hain bortitzak ez zirenak, Ingalaterra kasu. Han tortura gutxiago erabili zuten.

Espainiar erresumako inkisizioa ere oso ezaguna da.

Bestelako kontua da hori. Botere politiko espainola oso amarrutsua izan zen. Estatu inkisizioa sortu zuten, erresumen menpe zeuden kontseiluak, non elizgizonak onartzen ziren, baina botere zentralak zuen eskumena. Beste bereizgarrietako bat da beraien arazo nagusia arabiarrak eta juduak zirela. Prozesuak izan ziren, baina gehienbat heresia kasuak ziren. Ezberdintasuna deabruaren sorginkerian datza, azken hau kristautasunaren barnean kokatzen da.

Beti Torquemadaz hitz egiten da baina, nire ustez, De Lancreren aldean oso goxoa zen. De Lancre begiluzea izateaz gain bere liburua idaztean irakurlearen plazerrerako egiten zuela esaten zuen, eta hor alderdi sadikoa ikusten da. Gainera, oraindik Freuden esanetan atzematen dena aipatzen du, emakumea masokista dela, jo dezaten maite duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo