GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Hornbein espedizioa

Everesteko gailurra zapaltzeko aklimatazio fasea amaitu dute hiru mendizaleek

p039_f02_97x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Gailur garai batera igo nahi duen mendizale orok aklimatazio prozesu bat behar du, eta horretan aritu dira, bost egunez eta herenegun arte, Naturgas Hornbein espedizioko Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza mendizaleak Everesten, 7.500 metrora.

Hala, «Collado Norte» alpino eran gainditu eta ekaitz gogor bati aurre egin ostean, kanpamentu nagusira itzuli ziren herenegun. Bertan, abenturazaleek sabela betetzeko aukera izan zuten, tortilla eta guzti.

Orain, jomuga Hornbein korridorean dute jada kirolariek, baina egun batzuk itxaron beharko dituzte, eguraldiaren iragarpenak zer esaten duen jakiteko.

Shisha Pangma

Beste bi mendizale euskaldunak, Edurne Pasaban eta Juanito Oiarzabal, beste mendi batean dabiltza euren helburua lortu nahian. Biak Tibeteko Shisha Pangman (8.046 m.) daude, baina bide eta espedizio ezberdinetan ari dira.

Pasabani dagokionez, gaur bertan, aipatutako mendiaren ondoan dagoen 6.200 metroko gailur batera igoko da, aklimatazioa egiteko. Horren ondotik, Shisha Pangmara igotzen saiatuko da, eta 2010ean Annapurna lortuz gero, Lurreko hamalau «zortzimilako»etara igotako lehen emakumea izango da.

Oiarzabali dagokionez, Lurreko hamalau «zortzimilako»ak errepikatu nahi ditu Gasteiz izena mendietara eramanez. Shisha Pangman dago hau ere eta, 6.300 metroko altueran aklimatazio prozesua pasa ostean, gailurrera igandean iritsi nahi duela adierazi zuen gasteiztarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo