GARA > Idatzia > Euskal Herria

Orain urtebeteko operazioak funtsezko eskubideak urratu zituela salatu du Batasunak

Urtebete igaro da Le Vert epaileak berak Batasunaren kontra zuzendu zuen operaziotik. «Oinarrizko eskubideak urratu zituen erasoa Parisek daraman lerro errepresibo orokorraren baitan» eman zela salatu zuten.

Arantxa MANTEROLA

Ipar Euskal Herrian iaz Batasunaren aurka burututako operazio polizial eta juridikoak «oinarrizko eskubideak urratu» zituela salatu zuten, atzo, Baionako subprefektura aitzinean, indar abertzaleko zenbait kidek.

Operazio hartatik urtebete betetzen den honetan, Estatuko ordezkaritzaren aurrean gogorarazi zuten, besteren artean, hamalau kide atxilotu eta Baionako egoitza hiru egunez miatu zutela orduan. Xabi Larralde mahaikideak «eraso hura lerro errepresibo orokor baten baitan» kokatu zuen: «Gerora izan ziren gazte-mugimenduaren aurkako operazioak edo, berrikiago, Jon Anzaren desagertzea bezala, hura ere ez zen ekintza puntual eta solte bat izan».

Justu aste batzuk lehenago giza-eskubideen alorrean jarduten duten nazioarteko bi erakundek «Estatu frantsesak prozedura antiterroristetan daraman jokabideak funtsezko eskubideak urratzen dituela zioten txosten bana argitaratu» zutela gaineratu zuen Larraldek.

Gutxiengoak errespetatu

Zehazki, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakunde amerikarrak eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak kaleratu zituzten, 2008ko uztailean, aipatu txostenak. «Gainera -jarraitu zuen Larraldek- NBEkoak gogoratu zion Gobernu frantsesari gutxiengo nazionalek ere eskubideak badituztela eta munduko gainerako herrialdeek, Estatu frantsesak barne, errespetatu behar dituztela. Bistan da, ez dela horrela gertatzen».

Batasunaren aburuz, «adierazpen askatasunaz gain, pertsona eta talde orok edozein proiektu politiko defendatzeko eta aitzinarazteko duen eskubidea zangopilatzen du Parisek horrelako jokabideekin».

«Salbuespenezko prozedura hauek gure eskubideak egikaritzeko oztopoak jartzen dizkigute» salatu zuen Larraldek. Are, zenbait militanteren aurka hartutako baitezpadako neurriak oraindik orain indarrean daudela esan zuen: «Gutako zazpik kontuak blokeatuak dituzte oraindik, hau da, eguneroko bizimoduan eragiten dituen eragozpenak pairatzen segitzen dute zergatia jakin gabe.»

Ipar Euskal Herriko esparru politiko eta sozialean hautsak harrotu zituen operazio hartaz geroztik, Batasunak berak ere ez du inongo berririk: «Ez digute ezer esan. Ez dakigu zer leporatzen diguten, eta gure abokatuek behin eta berriz saiakerak egiten dituzten arren, gaur da eguna ez digutena ezer itzuli, ez egoitzatik eraman zituzten ordenagailuak, materialak, dokumentuak, ezta objektu pertsonalik ere».

Estatuaren jomuga

Mahaikideak argi dauka Estatu frantseseko «Poliziak eta Justiziak beren jomugan» dutela Batasuna baina, beren «borroka» segitzeko prest daudela ziurtatu zuen: «Gure eskakizunak zuzenak dira eta gure borroka determinazio osoz jarraituko dugu. Ez gaituzte isilduko, ezta geldiaraziko ere».

2008ko irailaren 24an, Laurence Le Vert epaileak zuzendu zuen Baionatik bertatik Batasunaren kontrako operazioa. Goizean goiz, hamalau militante atxilotu zituzten, gehienak beren etxeetan. Miaketetan DNAren laginak hartu zituzten, zenbaitetan baita atxilotuen senideenak ere. Orduan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere «Batasuna ilegalizatzeko saiakeratzat» jo zuen indar abertzaleak operazioa.

BI TXOSTEN

2008ko uztailean, operazioa egin baino bi hilabete lehenago, giza eskubideen alorrean jarduten duten bi erakundek Estatu frantseseko «prozedura antiterroristek eskubideak urratzen» zituztela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo