GARA > Idatzia > Ekonomia

Uraren kalitatea izango da aurtengo Lurrama erakustazokan jorratuko duten gai nagusia

Arantxa MANTEROLA

Urriaren 30etik azaroaren 1era Lurramaren laugarren edizioa izango da Baionan. Laborantza iraunkor eta herrikoiaren erakusleihoa izatea xede duen ekimenak, aurtengoan ere egitarau aberatsa prestatu du, nekazaritza esparrua hirira eramateko. Maryse Cachenautek, Bixente Eiherabidek eta Felix Nobliak aurkeztu zuten atzo, eta programaren eta berrikuntzen berri ematean, aurten Glain gunean kokatuko dela nabarmendu zuten.

Lehen aipamena, halere, azokaren bitartez hedatu nahi duten laborantza mota zertan datzan argitzeko izan zen. Elikadura beharrak asetzeko, eta espekulazioaren logikatik at, kantitatearen eta kalitatearen arteko oreka erdiestea du helburu laborantza herrikoiak. Horrez gain, sozialki zuzena, ekonomikoki eraginkorra eta naturarekiko adeitsua izan behar lukeela adierazi zuten.

Egitarau zabala

Gai horrekin lotutako arloak sakonago lantzen dituzte urtero, azokak irauten duen hiru egunetan. Aurtengoan, ordea, laborantzarekin ez ezik, era orokorragoan bizi kalitatearekin ere zerikusia duen gaia izango dute hizpide, alegia, ura. Ikuspuntu anitzetik aztertuko dute eta mintzaldietako gai nagusia izanen da. Gaian aditua den Marc Dufumierek «Laborantza sistema ezberdinak, uraren laguntzaile edo suntsitzaile?» izenburuko hitzaldia eskainiko du larunbatean, 17.00etan, bezperan 18.00tan egitekoa den «Ura Euskal Herrian» mahai-inguruari segida emanez. Dufumier izango da, bestalde, aurtengo edizioaren «aitabitxia» eta bere presentziarekin, eta nekazaritza iraunkorraren arloan duen ezagutza eskainiz, babestuko du erakustazoka.

Mintzaldiez gain, urtero bezala, hamaika animazio eta ekimenekin osatuko dute programa. Ostiralean, esaterako, haurrei zuzendutako ekimenak izango dira nagusi. Besteak beste, urari buruz edota zirkuari buruzko tailerrak, jokoak -Xiba elkartearen eskutik-, puzgarriak, pottokak eta astoak izango dituzte eskura. Larunbatean berriz, Lurraman parte hartzen duten hainbat elkarteren eskaintzak, hala nola: Baiona Kantuz-en abestiak, Dantzazpi, Errobi ibaian Ibai-alde elkartearen traineruen erakustaldia...

Bereziki gazteei zuzendutako gaualdiak ere antolatu dituzte. Janariak ere bere lekua izango du. Horrela, Hego Euskal Herriko platerez osatutako menua eskainiko dute ostiralean; hurrengo egunerako, zikiroa; eta igandean, berriz, Ipar Euskal Herriko sukaldari profesionalek prestaturiko bazkaria izango da. Baserriko ekoizpenen azoka, kabalen txokoa, erakusketak, pintxo lehiaketa eta ohiko ekimenak ez dira faltako. Egitaraua www.lurrama.com gunean eskura daiteke. Sarrera 3 eurokoa izango da (doakoa, 15 urtetik beherakoentzat).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo