GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Ez gaituzte kikiltzen, are gutxiago beldurtzen

Herria eraikiz joan gara. Batzuetan borborka, besteetan pittinka, baina beti aurrera eginaz zailtasun guztien gainetik. Izan ere, ez ditugu makaleko etsaiak! Espainiako eta Frantziako botere zaharkituak eta zaharkeriaz blai direnak

Espainiako ziegetan hezurretarainoko hotza, bakardadearen samina, zer gertatuko ote den ez jakite krudela sentitzen ari zareten kide abertzale eta ezkertiarroi muxu goxo bana bidaltzen dizuet bihotz-bihotzez. Zuekin gaude! Eta zuen maiteekin, bai familia, zein lagun minekin. Eutsi gogor, etorkizuna gurea da-eta!

Milaka gara zuekin bat egiten dugunok Euskal Herria bera izan dadin; etorkizuna bere eskuetan izan dezan. Bide latza dena bestalde, baina, ederra ere bai.

Askatasunaren helburura heltzeko bide errazagorik balego uko egingo ote genioke bada? Masokistak garelakoan? Edo aberastasunaren iturri ote ezker abertzaleak daramatzan bidezidor neketsuak? Bada bai, sakela meharraz, lanaren truke dirua ez delako inoiz helburu izan; baina emankortasun zabalaz, egina dago ezker abertzaleko militantzia, oparoa, aberatsa, beraz.

Ez ginateke inorengatik aldatuko, eta harrotasunez diot hori. Nahiz inbidia sanoa sentitzen dugun beren buruaren jabe diren herriengatik, haien bizimoduengatik: hezi, ikasi, lan egin, eta bizi asaben hizkuntzan, herriarenean; alderdi politikoen jarduera askea, eta herritarrek bozkatzeko aukera anitza izatea; erakunde, alderdi, edota giza-talde eta talde politikoek antolatzeko berme guztiak izatea; biltzeko eta manifestatzeko arazorik eza... hau da, giza eskubideen jabe izatea herri burujabean.

Ezker abertzalearen 50 urte hauetako borrokak, eta jarduerak, garbi erakutsi digu, Espainiako agintean daudenek maneiatzen dituztela Estatuaren oinarriak: ekonomia eta politika. Hauekin batera, legegintza ere bai, beren menpe izateko Estatu osoko lurraldeak eta jendea. Beren eran arnasteko, pentsatzeko, eta bizi izateko azken batean.

Euskal Herria da geratzen zaien eremu garaiezina, ezker abertzalearen borroka tinkoarekin topo egin dutelako. Ez dugulako aberria saldu diru, lanpostu edota besaulki baten xarmarengatik. Gogor eutsiz jasaten ari garen errepresio andanari, garrantzizko pausoak eman ditugu nor garen eta zer nahi dugun hainbat eratan adieraziz: Konstituzio espainolari ezetza emanaz; Baskongadetako Estatutuak -hilaren 25ean beteko ditu 30 urte- eta Nafarroako Foru Hobekuntzak eskaintzen ziguten zatiketari aurre eginaz; NATOri ezezko borobila esanaz.

Herria eraikiz joan gara. Batzuetan borborka, besteetan pittinka, baina beti aurrera eginaz zailtasun guztien gainetik. Izan ere, ez ditugu makaleko etsaiak! Espainiako eta Frantziako botere zaharkituak eta zaharkeriaz blai direnak.

Hala eta guztiz, ez dut inongo zalantzarik, oraingo honetan ere, maltzurkeriaren operazio errepresibo honen aurrean diot, tinko erantzungo diogula geure lanarekin; bakoitza bere postuan, bere tokian. Denon artean, gorputz bat eta bihotz bat bagina legez jarraituko dugu borrokan tinko Euskal Herrian autodeterminazioa gauzatuz. Egunen batean, agian laster, independentzia lortu eta sozialismoa eraikiko dugu.

Borrokak soilik, eguneroko lan etengabekoak eramango gaitu helburuak lortzera. Beste herrietako garaipenak, eta Euskal Herriaren historia berak horixe erakusten baitigu.

Jokinek, Gorostidik hau idatziko luke bukatzeko: «Euskal Herriak ez du etsiko!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo