GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Garaileen arauak apurtzeko isiltasuna apurtu

Herri xeheak, bizitzan aurrera egingo badu, ezarrita dauden legeak apurtu behar ditu, eremu debekatuak mugatzen dituzten hesiei salto egin behar die halabeharrez

Asteazken eguerdi batean, San Inaziotik Getxorako bidea metroz egitea suertatu zitzaidan. Halako batean, Erandion oker ez banago, hegoamerikar bi alboko bagoian sartu ziren, batak charango bat zeramala eskuan, eta besteak, aldean poltsa bat. Azken hura euren kultur ondare aberatsetik hautatutako kantu bat abesten hasi zen, lagunak musika tresna harekin laguntzen zion bitartean. Ezin ukatu une hartan bidaiaren aldarte grisari kolore apur bat eman ziotela, baina inguruko jendearen aurpegietan ez zirudien horrek efektu berezirik eragin zuenik.

Etorri ziren, bada, gure bagoira, eta bertan joko ez zutela pentsatuz txanpon bat eman nien. Handik minutu batera, ostera, bertan beste pieza bat jotzen hasi ziren, eta halako batean gure ondoan zegoen adineko gizon bat isiltzeko eta beste leku batean jotzeko esaten hasi zitzaien oihuka. Sarri, adin nagusikoek adin nagusia izateak eragindako errespetuak isiltzera behartzen gaitu, baina esandakoa zuzen iruditu ez-eta, haren aurka egin nuen, esanez ea bikote hark zer kalte egiten zuen, eta zergatik ez zuten jo behar. Agurearen arabera, trenean ezin zen musika jo eta arauak errespetatu egin behar ziren. Bere ondoan zegoen andreak ere aurre egin zion, neure alde jarriz, eta biok agurearen jazarpen hura etetea lortu genuen.

Alabaina, egoera hartan konturik larriena ez zen izan agurearen jarrera, azken batean halako agerraldi baten aurren protesta egitea bidaiari batengandik espero litekeen zerbait baita, gainerako bidaiarien isiltasuna baino. Bagoi hartan gure inguruko eserleku guztiak jendez beterik zeuden, eta inork ez zuen bizitza aurrera ateratzeko ahaleginean zeuden bi gazte haien alde ala kontra txintik ere esan. Zorionez metroko zaintzaileak ez ziren agertu, baina zer gertatuko ote zen pertsonaia horiek umore garratza erakutsiz, mutil gazteak trenetik bota edo salaketa ipini baliete guztion begien aurrean?

Gure herriko garaileek ere arauak jartzen dizkigute horiek bete ditzagun, eta bete ezean, Zigor Kodea eskuan gure aurkako neurriak hartzen dituzte. Hala ere, jada ez da inolako sekretua arau horiek mandatariek ezartzen dituztela, betiere komeni zaien neurriak ezarriz, eta bertan, neurri horiek apurtzeko bururatu adina tranpa tartekatzen dutela. Jokabide hori ez da berria, jakina baita antzinako denboretan ere sarritan elikagaiak faltan zituen herri xehea barau egitera beharturik zegoena, baina abadeak inoiz ez zuen txuleta mahai gainean falta.

Mutil gazte haiek euren bizimodua aurrera ateratzeko metroan abestea beste erremediorik ez zuten, horretarako inon agerian ez zegoen metroko balizko arau hura apurtu behar bazuten ere. Herri xeheak, bizitzan aurrera egingo badu, ezarrita dauden legeak apurtu behar ditu, eremu debekatuak mugatzen dituzten hesiei salto egin behar die halabeharrez, ezpabere oraindik ere hurbileko jauntxoaren esklaboak izango ginateke-eta. Argi dago, besteoi legez, mutil haiei inork jana emango badie euren lana izango dela, eta ataka hartan bizitzaren legea haustea izango zen bekaturik larriena. Zaintzaileek ohartarazi egingo zieten, etorriz gero, baina ez gizalegearen aurkako arau-haustea egin barik.

Eta batek esan dezake arauak errespetatzeko egiten dituztela, denon erantzukizuna dela horiek betetzea eta zaindari haiek gure segurtasuna bermatzeko lanean ari direla. Baina nork babestuko gaitu garaileek inposatutako arautegi antzuen eta faltsuen indarretik? Azalean baliabide gutxi dugu horri buelta emateko, baina lehenik eta behin isiltasuna apurtzea abiapuntu polita izan liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo