GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zientzia eta teknologiarekiko irudi baikorra agertu dute herritarrek

Elhuyar Fundazioak eta Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak elkarlanean egin duten azterketak oro har herritarrek zientzia eta zientzialarien lana beharrezkotzat jotzen dutela ondorioztatzen da. Zientzia-politikaren inguruko iritzia, ordea, ez da horren positiboa.

p014_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Lakuako Gobernuko Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eta Elhuyar Fundazioak elkarlanean egindako «Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian» ikerketaren ondorioak aurkeztu zituzten atzo Usurbilen. Hiru ataletan banatua dago lana: lehenengoan bi alor nagusion gainean euskal herritarrek duten irudikapen eta iritzia batu nahi izan dituzte, eta horretarako, Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu zuen moduan, elkarrizketa sakonak eta talde-eztabaidak baliatu dituzte. Zientzia adituak, unibertsitateko ikasleak eta oro har herritarrak elkarrizketatu dituzte.

Bigarren atalak, «Zientzia eta teknologiaren gizarte pertzepzioari buruzko inkestak», Hego Euskal herriko herritarren iritziak jaso ditu zenbakitan. Hirugarren atal batean, berriz, iaz aurkeztu zuten «Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren tratamendua eguneroko prentsan» ikerketa jaso dute.

Ikerketa kualitatiboaren emaitzetan sakondu zuten Andoni Eizagirrek eta Eguzki Urteaga EHUko irakasleak. Adierazi zutenen, «herritarrek goraipatu egiten dute zientzia eta teknologiaren funtzio soziala», uste baitute «ikerketa eta garapena funtsezkoak direla herri baten garapen eta ongizaterako». Ildo berean, herritarrek «zientzialariekiko konfiantza» dutela ondorioztatu dute; ez, ordea, «zientzia politiken» inguruan, «herritarrek modu kritikoagoan hitz egiten» baitute, zientziaren alderdi sozialak eta instituzionalak hizpide bilakatu ahala.

«Gobernuen lehentasuna»

Zientzia eta teknologia alorrek Euskal Herrian duten egoeraren gainean ere galdegin diete herritarrei azterketa honetan eta, oro har, herritarrek politika bateratu eta koordinatua falta dela uste dute eta, halaber, «aho batez esan dute ikerketa zientifiko eta teknologikoak gobernuen lehentasuna izan behar dutela».

Ikerlarien lanaren inguruan uste dute «lehiakortasunak ikertzaileen autonomia erabat menderatu duela». Zientzia eta teknologia arloan jorratu behar diren gaien inguruan lehentasunak argi jarri dituzte: «Ikerkuntzan ahalegin nagusiak gaixotasunak ikertzera bideratzea nahi lukete, eta, ikerketa guztietan ingurumenaren gaineko ardura txertatzea».

Nagusiki ikuspegi baikorra izan arren, zientzia eta teknologia alorreko kezkak ere nabarmendu dira ikerketan sakondu ahala, besteak beste, herritarrek uste dutelako ikertzeke uzten direla aurrerapenaren zehar-kalteak eta gogokoak ez diren ondorioak.

Mesfidantza gainditzeko, hezkuntza da ikerketan parte hartu dutenen iritziz bidea eta honek zientzia alorra modu integral batean jaso behar duela uste dute.

«Zientzia eta teknologiaren gizarte pertzepzioari buruzko inkesta»-ren datuak Lakuako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko Iñaki Martinez de Lunak aurkeztu zituen. Metodo kuantitatiboaren mugak aipatuta, ohartarazi zuen zientziak beste alor batzuk baino interes gutxiago pizten duela eta gazteenak, 15 eta 29 urte bitartekoak, direla interesik handiena agertzen dutenak.

Telebista da ikerketa honen arabera, zientzia eta teknologiaren inguruko informazioa jasotzeko herritarrek nagusiki erabiltzen duten bitartekoa; atzetik datoz eguneroko prentsa ordaindua, irratia eta Internet. Hala ere, kritiko agertzen dira hedabideek eskaintzen duten informazioarekin oro har, «ez baitute askitzat jotzen».

Hain zuzen ere, ikerketaren hirugarren atalean komunikabideek zientzia eta teknologiari buruz ematen duten informazioaren gaineko ikerketa jaso dute. Iaz egin zen eta, besteak beste, ondorioztatu zen teknologia, osasuna eta informatika direla egunkariek gogokoen dituzten gaiak eta zientzia eta teknologiaren inguruko berriak gehiago argitaratzen direla garrantzi handia ematen ez zaien tarteetan, garrantzi handia eskaintzen dien tarteetan baino.

aurrerantzean

Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak, Itziar Nogerasek, adierazi zuenez, gisa honetako ikerketak egiten jarraituko dute aurrerantzean, bai eta alor zehatzetakoak ere. Egun zientzia eta teknologiari buruzko informazioa telebistan emateko modua aztertzen ari dira.

Webgunean

Azterketa bere osotasunean

http://laborategia. elhuyar.org

webgunean dago eskuragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo