GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaituko dituzten bi altsasuarrei elkartasuna adierazteko gose greba egin dute hainbat gaztek

p012_f03.jpg

GARA

Altsasuko Gazte Asanbladak gaur emango du bukatutzat ostegunean abiatu zuen sei eguneko baraualdia. Zazpi gaztek hartu dute parte ekimen honetan, Altsasuko Labadero gimnasioan. Beren helburua, gutxi barru epaituko dituzten Joseba Garmendia eta Ramon Lopez Cid Makana altsasuarrei elkartasuna adieraztea zen.

Lopezek bihartik aurrera eseri beharko du Auzitegi Nazionaleko aulkian, beste hamabi gazterekin batera, «atxiloketa prebentibo» direlakoei dagokien azken epaiketan. Manifestazioa ere egin zuten Sakanako hiriburuan duela hamar egun, eta mobilizazioa iragarri dute Iruñean hurrengo larunbaterako.

Garmendia, aldiz, Udalbiltzaren aurkako auzian ageri da inputatu gisa. Oraindik ez da epaiketa abiatzeko eguna finkatu, baina laster izango dela aurreikusten da.

Gazte Asanbladatik elkartasuna adierazi nahi diete bi herritar hauei. «Epaiketa hauek guztiz politikoak direla eta Audientzia Nazionala `gerra tribunala' dela salatu nahi dugu», adierazi dute.

Egunotan hainbat ekimen burutu dituzte gose grebalariek. Elkarretaratzeak egin dituzte, eskuorriak banatu dituzte herrian zehar, ur-poteoak antolatu dituzte tabernaz taberna, pegadak egin dituzte...

Atzoko, barau eguna proposatu zuen Gazte Asanbladak. Giza-katea egitekoak ziren udaletxe aurrean eta jende gehiago bildu nahi zuten gaua pasatzeko. Gaur 20.00etan egingo den ekitaldiak itxiko du baraualdia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo