GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilen inkomunikatuta dago ostiralean Gorlizen atxilotutako gaztea

Grande-Marlaska epailearen aginduz eta gazte mugimenduaren kontrako operazioarekin lotuta Polizia espainolak Gorlizen atxilotutako gaztea Madrilera eraman dutela jakinarazi zuten atzo. Inkomunikazioak iraun bitartean egunero ekimenak izango dira bere herrian.

GARA |

Ostiral gauean Grande-Marlaskaren aginduz eta gazte mugimenduaren kontrako operazioarekin lotuta Polizia espainolak Xabier De la Maza atxilotu zuen Gorlizen, bere etxearen inguruetan. 21 urteko gaztea inkomunikatuta dago.

«Kalez jantzita» zihoazen bi poliziak atxilotu zuten gaztea bere etxetik gertu, ostiralean 22.40an. Xabier De la Maza gaztearen lagunak hura atxilotzen ari zirela jakin eta zer gertatzen ari zen galdetzera abiatu ziren; orduan, «poliziek atxilotuaren lagunak pistola batekin apuntatu zituzten».

Xabier De la Maza gaztearen atxiloketa salatzeko helburuarekin, atzo 152 lagun bildu ziren Gorlizen goizean izan zen manifestazioan. Ertzaintzak parte hartu zutenak grabatu zituen.

Gainera, aditzera eman zutenez, De la Maza Audientzia Nazionaleko epailearen aurretik igaro bitartean, egunero burutuko dituzte mobilizazioak. Gorlizeko elizaren parean den enparantzan izango dira mobilizazioak, 20.00etan. Plentzian ere, arratsaldean 225 lagun mobilizatu ziren.

Dagozkien eskubideen jabe

Bestalde, Azpeitiko hainbat eragilek prentsa agerraldia egin zuten larunbatean, une honetan espainiar nahiz frantziar espetxeetan euskal preso politikoek bizi duten egoeraren aurrean «benetako kezka» agertzeko.

Gaixotasun larriak dituzten eta zigorra beteta duten presoen «kaleratzea» aldarrikatu zuten, eta eskubide guztien jabe euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea ere eskatu zuten.

Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte. Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea, «inolako zalantzarik gabe», oinarrizko giza eskubideen aurkako neurria dela nabarmendu zuten.

«Euskal preso politikoen %99 beraien etxeetatik ehunka kilometrotara sakabanatuta daude», salatu zuten. Ildo horretan, sakabanaketa politikak presoak urruntzea eta isolatzea dakarrela gogorarazi zuten. Horrez gain, 20 urteotan sakabanaketa politikak hamabost hilabetetik behin senide bat hil duela gogoratu zuten. Azken hilabeteotan elkartasuna bera ere jazarria eta zigortua izaten ari dela ikusita, Azpeitiko herritar guztiei dei egin zieten abenduak 24an, 19.30etatik aurrera, herriko plazan egingo den kontzentrazioan eta urtarrilaren 2an Bilbon izango den mobilizazioan parte hartzeko.

Bestalde, euskal preso politiko eta errepresaliatuen eskubideen alde 40 bat lagun bildu ziren herenegun Hondarribian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo