GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Olentzeroren zain egonezinez

Zer-nolako ilusioa, irrika, ezinegona eta beldurra. Olentzero iritsi, alboan bizi den lehengusuari opariak utzi, eta gero nire etxeko balkoitik barrena sukaldera sartu eta opariak utzi behar zizkidala pentsatzeak ezinegona eragiten zidan.

Ezagutzen nuen, nire modura behintzat, Olentzero Gabon garaian ere urtero-urtero etortzen zelako ikastetxera gure gutunen bila. Jakin banekien, gainera, edateko ardoa zuela gustuko eta jakien artean gozoak zituela nahiago; horiexek jartzen baikenizkion mahaian platertxoaren gainean eta hura garbi-garbi uzten zuen beti. Bere modura hark ere ezagutzen ninduen ni, beti hutsik egin gabe asmatzen zuelako opariekin, urtero asetzen ninduelako; ez eskatutako guztiak ekartzen zizkidalako, ekartzen zizkidan guztiak gustatzen zitzaizkidalako baizik.

Bere itxura zarpailaren gainetik miretsi egiten nuen, sinesgaitzak sinetsi; baina mirak mira, nire etxean barrena ibiliko zela jakiteak urduritu egiten ninduen eta horregatik trakets egiten nuen lo; aldrebes eta gutxi, opariak ikusteko irrikak argitu aurretik esnarazten ninduelako gehienetan.

Nire loa ez galarazteko eta horrekin batera Eguberri egunean argitu baino lehenago nire gurasoak ohetik jaiki ez zitezen, Olentzerok nire etxetik hasten zuen banaketa. Eta nik eta nire gurasoek, batez ere, asko eskertu keinu hura. Nirera Olentzero iluntzean etortzen hasi zen, eta afaldu, kantuan egin, aitak mus partida eta amak kontuak amaitu eta etxera itzultzen ginenerako, han egoten ziren opariak txukun-txukun mahaiaren gainean. Hura burrunba eta algara goizaldeko ordu txikietan atetik sartu orduko; hura paperak puskatzeko kemena, hura ikusteko eta ukitzeko grina.

Goxo gogoratzen ditut komeria haiek guztiak eta berritu egiten ditut urte guztian egin ez dituzten zintzo plantak egiten azken egunetan bereak eta bi ematen ari dien haurren begietan edota begiak zabaldu eta parean jarritako hura ez ikusteko ahaleginetan dabiltzanetan. Panpina, puzzlea, arraina, anaiatxoa edota ahizpatxoa ere bai bateren batek... Eskatzea libre da eta ilusioa eta imajinazioa mugarik gabeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo