GARA > Idatzia > Kultura

Aniztasuna eta kultur mestizajea, Bunpada Sound-en lehen diskoan

Rapa dute abiapuntu baina urrutirago joan nahi izan dute. Kultura ezberdinetako doinu eta hitzek osatzen dute Bunpada Sound talde bizkaitarraren proiektu berria. «Anitzak hitzak» deituriko diskoan, Euskal Herria Anitzak Kolektiboa osatu dute. Jatorri ezberdineko lagunen ekarpenekin, testu tradizionalak inprobisazioekin nahastu dituzte, euskal hitzak arabiar edo irlandarrekin eta hip hop doinuak trikiti, rock zein flamenkoarekin.

p040_f01_199x116.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Aniztasuna, nahasketa, fusioa... Horiek guztiak batzen ditu Bunpada Sound taldearen lehenengo lanak. Asier Ercilla, David Nanclares eta Endika Abella dira hiru taldekideak, baina Euskal Herria Anitzak Kolektiboa hori baino zabalagoa da. «Parte-hartzaile guztiak hartzen ditugu kolektiboko kide bezala. Ez dira kolaborazio soilak izan, proiektuaren parte dira: bai diseinatzaileak, bai zuzenekorako irudiak egin dituena, break dantzariak... guztiak», esan zuen Nanclaresek. Korrika kulturaletik jasotako zuzeneko enkargu batetik hasi ziren lanean eta atzo aurkeztu zuten emaitza.

«Anitzak hitzak» lanean (Babel msk/Radiation), anitzak dira hizkuntzak eta anitzak, aldi berean, erritmo eta melodiak. Diskoa osatzen duten hamar kantuek rapa dute oinarri, baina parte-hartzaile bakoitzak bere jatorriko kulturaren ukitua eman dio. Euskal Herriko, Marokoko, Angolako, Kantabriako edo Irlandako lagunek rock, folk edo chill out doinuak erantsi dituzte. «Etorri denak barruan zeukana, bere kultura, islatu du», esan zuen Abellak.

Estudioan sortuz

Diskoa sortze prozesuagatik bereizten da batez ere. Balea Musika Ideiak-ek Bilbon duen grabaketa estudiotik pasatuz joan dira hiru taldekideen lagunak. «Gure lagunak dira, ez dira musikari profesionalak. Eguneroko bizimoduan jendearekin partekatzen dugun hori islatu nahi izan dugu diskoan ere».

«Estudiora etorri aurretik ez zuten inongo erreferentziarik eduki», azaldu zuten, «gure proposamena pare bat aldiz entzun eta kantuaren gaineko euren ikuspuntua eskaini digute. Jendeak egin zezakeen ekarpenaren lehenengo toma hori harrapatu nahi izan dugu».

Emandako askatasunaren ondorioz, doinuetan bakarrik ez, hitzetan ere sekulako barietatea topatuko dugu. Hizkuntzen aldetik, euskara eta gaztelania dira nagusi, baina badira arabiarra, ingelesa, portugesa eta frantsesa ere. «Bada bere amarentzat kantu bat egiteko aprobetxatu duenik, beste batek Kolonbiako sehaska kantak aukeratu ditu, Gaztelako kopla batzuk ere aurkituko ditugu...», esan zuen Ercillak. «Sentsazio horiek izan dira bilatu ditugunak. Harritu gintzaten nahi genuen. Ustez erdi itxita geneukan kantu bat jarri, aurretik entzun ez duen bat etorri eta ordura arte buruan geneukan guztia aldrebesten zigun».

Asier Ercilla grabazio eta nahasketa arduraduna izanik, estudioan inprobisatzeko lasaitasuna eta denbora izan dute. Prozesu honek ondoren ekarri dizkie, ordea, lanak, postprodukzioa dezente luzatu behar izan baitute. Hala ere, «estudioan lortzen zaila den freskotasuna lortu dugula uste dugu», esan zuten.

BAT-BATEAN

«Parte-hartzaileek estudiora etorri aurretik ez zuten inongo erreferentziarik eduki. Gure proposamena pare bat aldiz entzun, eta kantuaren gaineko euren ikuspuntua eskaini digute», esan zuten.

Fitxa

Taldea: Bunpada Sound.

Diskoa: «Anitzak hitzak».

Diskografia: Babel msk/Radiation.

Kontzertuak:

Bergara (urtarrilaren 23an), Zornotza (urtarrilaren 29an), Pasaia (otsailaren 6an) eta Usurbil (otsailaren 27an).

Zuzeneko «gordinagoak», breaker eta bertsolariekin

Diskoa bukatuta, zuzenekoetan dute orain burua Euskal Herria Anitzak Kolektiboko kideek. Diskoan islatu ezin diren elementu artistiko ezberdinek osatuko dute dagoeneko prestatuta daukaten ikuskizuna. «Formatu gordinagoan joango gara. Gu hirurok izango gara batetik, beat box-arekin joango da Rufoh eta abeslariak ere eramango ditugu, baina baita break dantzariak, DJak, egunaren arabera bertsolariak, kanta bakoitzaren irudiak...», aurreratu zuen Ercillak. Irudiek «aniztasuna eta euskal nortasuna» izango dute ardatz. Bestalde, trikiak ere diskoan baino pisu handiagoa izango du.

Break dantzariei indar handia eman nahi diete ikuskizunean. Txino, Malaka eta Ethan arituko dira lan horretan. «Ez dira erakustaldi puntualak izango, eskaintza osoan integratuta egongo dira», esan zuen Abellak.

Dagoeneko lau emanaldi dituzte lotuta. Larunbat honetan bertan Bergaran izango dira Zabalotegi aretoan. Hilaren 29an, berriz, Zornotzan arituko dira eta, datorren hilean, otsailean, Pasaian izango dira 6an, eta Usurbilen, 27an.A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo