GARA > Idatzia > Euskal Herria

Agudo eta Peñaren kontrako euroaginduei buruzko erabakiak berriz atzeratu dituzte

p014_f01_199x112.jpg

GARA |

Informazio gehiago eskatzea erabakita, berriro atzeratu dituzte Ibai Peña eta Joseba Agudoren kontrako euroaginduei buruzko erabakiak. Errenteriar abokatuaren kasuan, urtarril hasieran euroagindu epaiketa errepikatzea erabaki zuen Kasazio epaitegiak, defentsak jarritako helegitea dela medio.

Agudo urriaren 28an atxilotu zuten Hendaian, eta azaroaren 10ean haren kontrako euroagindu eskaera aztertu zuen Paueko epaitegiak. Haren abokatu Maritxu Paulus-Basurkok salatu zuen ez zirela euroagindua onartzeko baldintzak betetzen, baina epaitegiak Estatu espainolera bidaltzea onartu zuenez, helegitea aurkeztu, eta urtarrilaren 7an berriz egin zuten epaiketa, Bordelen. Erabakia atzo hartu behar zuen Bordeleko auzitegiak, baina Parisko instrukzio epaitegiari informazio gehiago eskatzea egokitzat jo, eta otsailaren 4ra atzeratu du erabakia.

Ibai Peñaren kontrako euroagindu eskaerari dagokion erabakia ere atzo hartu behar zuen Paueko epaitegiak. Epaileak ordea, Estatu espainolari informazio gehiago eskatzea erabaki du eta otsailaren 2ra atzeratu du ebazpena. Gasteiztarra joan den urtarrilaren 8an atxilotu zuen Polizia frantsesak.

Auzitegi Nazional espainolak iazko ekainean eman zuen Peña bilatzeko eta atxilotzeko agindua, epaiketa batera agertu ez zenean. 2006an Ertzaintzak atxilotu zuen «kale erasoak» egin izana leporatuta, eta bi hilabete espetxean igaro ostean, aske utzi zuten fidantzapean. 2007an Madrileko Auzitegi Nazionalean aurkeztu zen eta aske utzi zuten epaiketaren zain.

Bestalde, Harriet Agirre, Alberto Garmendia eta Idoia Mendizabal euskal preso politikoak Parisen epaituak izan ziren atzo goizean. Agirrerentzat hamar urteko zigorra eskatu zuten, Garmendiarentzat sei urtekoa eta Mendizabalentzat zortzikoa.

Asteartero bezala, presoen aldeko elkarretaratzea egin zen atzo gauean Bilboko Arriaga Plazan. Atzokoan jende gehiago erakarri zuen ekimenak, 200 lagun inguru bilduaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo