GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Bi urte, giltzapean

 

Aranjuezko espetxea «kanpotik» baizik ez dut ezagutzen. Kartzela horretan, «barruan» zegoen lagun bat ikustera joan ginen duela urte gutxi batzuk. Kanpotik, Aranjuezko espetxeak ez du oso itxura txarra -beste batzuekin alderatuta, behintzat- berria baita, eta «moderno» samarra eta, gu joan ginenean behintzat, garbi zegoen harrera-lekua.

Bisitariak hartzeko gunera helduta, urdinez jantzitako funtzionario bat zegoen, kristal berezi baten atzean. Leihatilara hurbildu eta funtzionarioak, nortasun agiriak eskatu eta gero, ea nor bisitatu behar genuen galdetu zigun, esku arteko zerrenda bati begira. Gure lagun presoaren izen-abizenak eman genizkionean, begiak zerrendatik jaso eta, bekainak goraturik, hauxe esan zigun: «Pero ése es de la ETA». Alferrik hasiko gintzaizkion ETAko kide izateaz akusatuta baizik ez zegoela eta hilabete asko zeramala gure lagunak behin-behineko kartzelaldian.

Orduko hartan arazo handirik gabe egin genuen bisita kristal -nahikoa garbi- lodi bat tartean genuelarik. Bisitatik ateratzean, lehengo funtzionario berak nortasun agiria itzuli zigun disimulatu ezinezko erdeinuzko keinu batekin. Guk, diosal modura, gure irribarrerik zuriena eskaini genion. Irribarrea ez zigun kenduko kartzelero triste batek. Umorerik gabeko iraultza, gorringo gabeko arrautza.

Esan dezadan, bidenabarkoan, gure lagun horrek bi urte oso-osorik eman zituela giltzapean, «bigarren soldadutza», berak ironiaz dioen gisara. Epaiketara joan gabe, aske atera zen gure laguna, fiskalarekin bi urteko zigorra -ordurako beteak zituenak jada- «adostu» eta gero. Gure laguna ez zen ETAkoa, beste asko eta asko bezala ETAko kidea izateaz akusaturik egonik ere, bere argazkia albistegi guztietan agertu bazen ere, bortizki torturatu zuten arren, eta Aranjuezko jagoleak esandakoa gorabehera.

Lagun hori deblauki utzi zuten kale gorrian, Aranjuezko espetxeko atarian, beste kideei agur esateko aukerarik eman gabe: «Kartzela la ostia duk. Nahi zutenean hartu ninditean eta, bi urte barruan emanda, bat-batean, a la puta calle: bertze kideei agur erraten ere ez zidatean utzi. Hori miserablea izatea duk. Gutxienez, bazitean agur esateko aukera ematerik... ez?». Arrangura hori du nire lagun horrek, kartzelan egon ez denak nekez uler dezakeena.

Pernando Barrena Arzak ere beste bi urte eman ditu giltzapean eta Aranjuezko kartzelatik atera berri da lerrook idazterakoan. Duela bi urte, Santa Ageda bezperan, Pernando eraman zuten polizia nazionalek Garzon epailearen aginduz. Orain, ez dakit agur esateko aukerarik eman dioten Pernandori beste kideak agurtzeko. Aranjuezko espetxean baino lehen, Duesokoan egon da, eta lehenago, Leongoan: dispertsioaren lilura, beraz, pairatu du berak, baita bere familiak ere. Dirutza baten bermeaz utzi dute behin-behineko askatasunean, baldintza gogor batzuk jarrita: «Bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan» parte hartzea debekatuta. Ez dakit legezkoa den, baina argi dago ez dela zilegi. Alabaina, jadanik inozo batek baino ezin lezake espero ezer onik Espainiako Justiziatik.

Debekatu diote politikan jardutea badakitelako Pernando Barrena irmo eta sendo engaiaturik dagoela benetako aldaketa ekar dezakeen prozesu politiko demokratikoaren alde, badakitelako ez duela sekula amore emanen eta, finean, mugimendu independentistaren beldur direlako. Zorionez, alkohola edatea debekatu ez diotenez, eskailerapean gorderik dudan botila bat Bushmills whisky irlandarra emango diot.

Bederatzi urteko alabak galdetu dit ea Santa Ageda eta Inauterien kalejiran parte hartzea debekatu dioten. Absurdoaren erresuman bizi garenez, ez da galdera txarra. Nolanahi den ere, aurtengo Santa Ageda bezpera berezi-berezia izanen da Berriozarren: «Santa Ageda bezpera dugu/ Euskal Herriko eguna/ zeren gurekin berriro dugu/ gure Pernando Barrena».

Santa Ageda bezpera, Nafarroan, tximinia garbitzeko eguna omen zen antzina, eta tximinia orotan burdinazko kate kakodun bat izaten da, laratza. Nafarroa Beherean gertaera on bat ospatzeko laratzari koska bat egiten omen zitzaion: Pernando kalean dela-eta, koska bat eginen diogu gure gogoaren laratzari. Ongi etorri, Pernando, eta besarkada bero bana senide guztiei.

Dagokionari: duela bi hilabete Pernando Barrenari igorri nion postala berehala itzultzeko eskatzen dut. Honezkero, bi hilabete igaro dira eta uste dut denbora izan dutela euskarazko nire mezua itzultzeko. Era berean, dagokionari jakinarazi nahi diot postalean agertzen zen euskarazko hitz bakarrak, «goraintziak» hitzak, gaztelaniaz recuerdos esan nahi duela. Epaile txit agurgarri baten ahotik dakit Espainiako Justiziak ez duela piperrik ulertzen euskaraz, «no entiende ni papa» alegia, baina uste dut bi hilabeteko epea nahikoa dela hitz bakar hori Cervantesen hizkuntzan emateko.

Eskatutakoa kontuan hartuko ez duelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo