GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Kutxak Kultur Zirkuitua aurkeztu du, apirilean Irunen abiatuko dena

GARA | DONOSTIA

Kutxak kultur egitasmoa aurkeztu zuen atzo, «Gipuzkoako sortzaile berrientzat adierazpen-plataforma bihurtzeko bokazioarekin» sortutako Kultur Zirkuitua.

Plataforma berritzaile, elkartzaile eta bertikal gisa aurkeztua, diziplina anitzeko izateko asmoz jaio da, eta bere baitan bilduko ditu musika, zinema, diseinua, pintura eta beste makina bat adierazpide.

Kultur egitasmoa Irunen abiatuko da apirilean, eta Tolosan (maiatzean), Zarautzen (ekainean), Donostian (urrian) eta Oñatin (azaroan) izango da gero. Aipatu bost kokaguneetan azokak, gaztelekuak, antzokiak, plazak hartuko ditu, gipuzkoar artista berriak ezagutzera emateko.

Fito & Fitipaldis

Kultur Zirkuituaren lehen geltokia Irun izango da, datorren apirilaren 16tik 18ra, eta Fito & Fitipaldis izango du izar nagusi musikari dagokionez, asmoa artista ezezagun, gazte eta hasiberriak sona handikoekin elkartzea baita.

Egitarauari begira, apirilaren 16an, ostirala, Singular Food jatetxea paratuko dute Ficobako Hallean, eta Expo Kultur azoka inauguratu. Gainera, toki berean jokatuko da Oppenning Hip Hop 100% Gourmet, AllinBeats & Yanu eta Hatch etxekoen partaidetzarekin. Eta irekiera ekitaldia bukatzeko, Dizebik graffiti erakustaldia egingo du.

Ostiralarekin jarraituta, «Irungo Zinema eta Bideo Gaztearen Lehiaketa»ko film laburrak emango dituzte Amaia kultur zentroan, 20.30ean hasita: Paco Caballeroren «Bienes Comunes», Paco Cabezasen «Carne de Neon», Enrique Gatoren «Tadeo Jones», Raul Lopezen «Portal Mortal», Nacho Vigalondoren «Marisa», Albaro de la Hozen «Crisis en el preludio», Luis Albero Fabraren «A Gay´s life» eta Eva Ungriaren «No se preocupe». Amaitzeko, zuzeneko musika, Mamut, Sin Star, Transistores 50 eta The Inductions talde lokalen eskutik, 21.30ean hasita.

Larunbatean, Singular Food jatetxeak eta Expo Kultur azokak ateak irekita izango dituzte goizetik hasita. Eta iluntzean, Musikene Orkestrak kontzertu klasikoa emango du Amaia kultur zentroan, 20.00etan.

Gero, ekimeneko hitzordurik beroena izango da Ficobako aparkalekuan, La Cabra Mecánica eta Fito & Fitipaldis taldeen zuzenekoarekin. Kontzertua 21.00etan hasiko da eta sarrerak salgai dira www.kutxa.net atarian, 24,5 euroren truke.

Ekimenaren lehen txanpa igandean itxiko da Ficoban, bost urtetik gorako haurrentzako Platillo Pop lantegi plastikoarekin (11.30ean) eta Guille Milkiwayren kontzertuarekin (12.30ean); eta Yllanaren «Hermanos de sangre» antzerkiarekin, Amaia kultur zentroan (20.00etan).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo