GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Blindajea blindatzea

Azken egunotan bada hitz bat leku guztietatik asaldatu egiten nauena, komunean ere. Blindajea. Horra, kasurako, hemengoa omen den multinazional elektriko baten goi mailako botere borrokaren kontu hori. Nork-non-zenbat. Edo nork-nori-zer. Itxura batean hemengoa ez den batek, horkoa edo hangoa izan behar beraz, EEP areriotsua egin nahi dio hemengoa omen den horri, Erosteko Eskaintza Publikoa egin nahi ere. «Hostil», bakearen alde diren burtsa-zaleen hitzetan esanda. Eta berea arriskuan ikusita administrazio kontseilua blindatu nahi izan du hemengoa omen denak. Total, ez naiz enteratzen siglen gizarte honetan. P horrek berdin balio du publikoa edo pribatua adierazteko. Eta E horrek berdin ere eskaintza edo eskaria adierazteko, ezkerra edo eskuina, euskara edo erdara. Euskadi, Euskal Herria, Espainia, Europa... dena hartu dezake letra horrek bere baitan, Etiopia bera ere; baina Trebiño ez, bistakoa denez. Kolpea ere elektrika hori hemengoa izatea! Multinazionala izan eta «vasca»! Lehenengo kasua izan liteke munduan gurea, nazioa izan ez baina multinazionala eduki bai! Ene, ene! Egoitza hemen izanda omen da hori hemengoa. Logika berari jarraituta hemengo gobernua hangoa da, beheko estatuaren hiriburu hartan baitu egoitza. Badakit ez diodala inori ezer berririk esan baina logikak bultzatu nau honetara, eta ez dut neure burua blindatu.

Tira, harira! ez da egunotako blindaje bakarra, ez eta urrik eman ere. Horra, beheko Gobernuak bere alderdi-legea blindatzeari eutsi berri dio, ustez aurretik izan zitzakeen zirrikituak behin betiko zigilatzeko. Hasieratik bertatik hatsa bazerion lege-antzeko horri kontuak atera zer ez zaion jarioko airebide guztiak zerratu ondoren. Nazka. Kasu honetan ere, berea arriskuan ikusita hartu du beheko horrek blindatzerako bidezidorra, hemengo independentistek EEA areriotsua egin ez diezaioten. Baina lasaitu daitezela, hemengo burujabeok ez dugu euren hango enpresatzarraren administrazio kontseiluan sartu nahi, ezetz ba! atera egin nahi dugula, enpresatzarretik bertatik atera ere, behingoz, behin betiko, atoan! Blindajea ere Vatikanoak bere enpresarentzat nahi duena, Kristok esan omen zuen hura, «utzi umeak nigana hurreratzen», bide okerretik ulertu dutenenak arriskuan jarri ez dezan. Blindajea ere Ekialde Hurbileko desertuetan diren marineen autoentzat. Eta dena Kontzertuarekin hasi zen...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo