GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxiku Irisarri, Ainara Maia eta Josu Iratzoki Etxalar, Arantza eta Berako alkateak, hurrenez hurren

Bortziriak bizirik nahi ditugulako

Bizi dugun krisi instituzional, ekologiko, industrial, sozial eta, finean, krisi estrukturalari aurre egiteko modu eraginkorrena guztion arteko bateragune bat sortzea da

Legealdi hau hasi genuenetik gaur arteraino, gutun hau sinatzen dugun alkateak harremanetan egon gara gure eskualdearen inguruko gaiak aztertzeko helburuz. Gai aunitz hizpide izan baditugu ere, Bortzirietan jasaten ari garen egoera sozio-ekonomikoa izan da iraunkorki elkarlanera bultzatu gaituena.

Hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditugu eta bertze hainbatetan parte hartu ere bai, bertzeak bertze: hiru alkateon ekimenez antolatutako manifestazioa, «Ez gaitezen engaina, sistema da balio ez duena» lelopean 500 lagun bildu zituena, ELAk eta LABek antolatutako bilera eta mobilizazioetan, hautetsien artean erreka guztian buruturiko bileretan, ingurumenaren alde herri mugimenduak antolatutakoetan (Erdiz).

Ezbairik gabe, Bortzirietako egoera sozio-ekonomiko larriaren aitzinean, erantzun jendetsu eta «bateratuak» emateko gai izan gara, gure akats guztiekin. Bertze aldetik, kasu batzuetan nahikoak ez izan arren, azpimarratzekoak dira egindako lanaren bitartez izandako lorpenak. Hala ere, egoera egunen joan-etorrian zailtzen ari den neurrian, erantzuteko bitartekoak ere egokitu beharrean gaudela konturatu gara.

Azken hilabete hauetan eragile politiko, sozial eta sindikalen artean buruturiko bilerek eta gogoetek egoera bere gordintasunean aztertzeko parada emateaz gain, gure eskualdearen defentsan guztiak elkarrekin lan egitea gauzagarria dela ikusarazi digute, gauzagarria eta beharrezkoa. Gure ustetan, alderdi zein norbanakoen interesak alboratu eta gure eskualde nahiz herritarren eskubideen bermea izan behar duen mugimendu indartsua antolatzea izan behar da orain helburua.

Gauzatzen ari garen elkarlanaren bitartez, apirilean ekimen garrantzitsu bat antolatzeko oinarriak jartzen ari garen honetan, ekarpen berri eta xume bat egin nahi dugu. Aitzinean aipatutako norabidean, hurrengo apirilaren 14an Lesakako Kasinon «indarrak biltzeko batzarra» antolatzea deliberatu dugu.

Batzar hori helburu bikoitza lortzeko asmotan antolatu nahi dugu. Batetik, aitzinean aipatu bezala, arlo eta pentsaera ezberdinetako pertsonek hausnarketa bat burutzeko. Hots, bizi dugun krisi instituzional, ekologiko, industrial, sozial eta, finean, krisi estrukturalari aurre egiteko modu eraginkorrena guztion arteko bateragune bat sortzea dela pentsatzen dugulako. Bertzetik, berriz, egun Bortzirietan bizi dugun egoera larriak erantzun eta iniziatiba bateratuak behar dituelako eta batzar horrek aurrerantzean antolatu beharreko ekimenak dinamizatzeko lan talde bat sortzeko beta eskain dezakeelako.

Gure ekarpen berri hau aipatu norabidean dago kokatuta, hau da, bizi ditugun eskubide murrizketa amaigabeen aitzinean guztiontzat lekua egonen den gune bat sortzea. Azken boladan hainbat adituren ahotik egunerokotasunean ezagunak egiten zaizkigun esaldiak aditzen ari gara: «Inposatu nahi diguten morrontzaren aurrean, demokrazia irabaztea izanen da hurrengo urteetako borroka nagusia, feudalismo garaietara itzultzeko arriskuan egonen baikara».

Aipatutako guztiagatik, dei berezia egin nahi dizuegu apirilaren 14an «indarrak biltzeko batzarrean» parte hartzeko. Gure eskualdea bizirik mantendu nahi dugulako, bil gaitezen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo