GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Bihar jokatuko du Mallorcan

Mailari eusteko helburua «lehen baino lehen» ziurtatzea espero du Vadoczek

GARA | IRUÑEA

Helmugatik gertu dago Osasuna, baina futbolean ere badaude makalaldiak eta gorritxoek ez dute horrelakoren baten ondoriorik sufritu nahi. Bezperan Miguel Flañok aitortu zuen bezala, Kristian Vadoczek ere, taldearen asmoa mailari «lehen baino lehen» eustea dela nabarmendu zuen atzo.

«Argi dago egoera ez dela txarra, baina helburua lortzeko puntuak lehen baino lehen eskuratzen baditugu, munduko pertsonarik zoriontsuena izango naiz», esan zuen. Zorionez, ez da gehiegi falta. Izan ere, «garaipen batekin helmugara iritsi gaitezke, baina bat baino gehiago lortzen badugu, askoz hobeto», esan zuen erdilariak.

Eta Vadoczen ustetan, zaila bai baina ez litzateke harrigarria izango Ono Estadin lortzea Osasunak behar duen garaipen hori. «Egia da etxetik kanpo eta gure zaleak urrun izanda ez garela hain sendoak izaten -onartu zuen-. Baina kontzentratuta bagaude eta ate aurrean asmatzeko gai bagara, irabazteko aukera izango dugu».

Erdilariak, bestetik, hamaikakoan jarraitzea espero du; «denboraldiaren amaierara arte, ahal badut». Bihar, behintzat, badirudi horrela izango dela, Javad Nekounamek ez baititu arazo fisikoak gainditu eta deialdian ez baita sartuko. Josetxok ere bere postuari helduko dio, Sergiok zigorra bete behar baitu.

Hutsune garrantzitsuekin ekingo dio partidari Mallorcak ere. Hamaikakoan ohikoak diren Chori Castro (zigortuta) eta Mario Suarezentzat (min hartuta) ordezkoak aurkitu beharko ditu Goyo Manzanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo