GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarabideak euskara defendatzen eta sustatzen duela dio Catalanek

Euskararen aldeko ekintzei eta aurrekontuei buruzko azalpenak eskatu zizkion atzo NaBai-k Alberto Catalan Hezkuntza sailburuari Nafarroako Parlamentuan. Euskarabideak eta Foru Arauak euskararen erabilera eta ezagutza bermatzen dutela erantzun zuen berak.
p014_f01.jpg

GARA |

Euskarabidearen, euskara «sustatzeko» Nafarroako Gobernuak osatutako erakundearen, jardunak Nafarroan euskararen garapena «erabat» bermatzen duela defendatu zuen atzo Parlamentuan Alberto Catalan Hezkuntza sailburuak, baina, horrek ez duela D eredua herrialde osora zabaltzea esan nahi gehitu zuen.

Gainera, Euskarabidera bideratutako aurrekontuaren inguruan, departamentu guztietako partida edo kontu-sailetan egokitzapenak izan direla esan zuen sailburuak, eta hori krisiagatik izan dela. Gaia atzo arratsaldean Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean eztabaidatu zuten, eta bere jarrera agertu ez bazuen ere, bertan izan zen Euskarabideko zuzendari Xabier Azanza. Catalanen ustez, «egiten dena eginda ere, batzuei beti gutxi iruditzen zaie».

Izan ere, NaBai-ko parlamentari Maria Luisa Mangadok Euskarabideak oinarri duen plan estrategikoan aurreikusten ziren bi jarduera-lerro nagusiak ez direla bete esan eta azalpenak eskatu zizkion sailburuari. Batetik, herritarrek euskara jakitea eta erabili ahal izatea bermatzen duten tresnak oraindik ez direla definitu gogorarazi zuen, eta bestetik, euskara indarberritzeko eta garatzeko ez dutela ahaleginik egin leporatu zion. Bide horretan, NaBaiko parlamentariak Euskarabideak zituen hainbat helburu nagusi aipatu zituen: euskararen aldeko politika garatzea, euskarari prestigioa ematea edo administrazioetan erabilera bermatzea. Helburuak ez betetzea borondate politiko ezari egotzi zion.

Catalanek baina, eskari horiek «errealitatetik aldentzen» direla erantzun zion, eta NaBaik defendatzen duen elebitasunarekin ez dagoela ados esan zuen. Hala, euskarari dagokion gaietan NaBaik bere irizpideak «inposatu» nahi dituela uste du sailburuak eta eztabaida hasi orduko oroitarazi zion UPNk parlamentari gehiago dituela.

Hala, Alberto Catalanek Euskarabideak esku artean dituen proiektuak hartu zituen ahotan: ikastaroak, EGA egiteko prestakuntza edo euskaltegi zein gau-eskolei laguntzak. Bestalde, Euskarabideak Administrazioko langileei euskara erakusteko 22 funtzionario dituela azaldu zuen Catalanek eta horrelakorik «beste inon» ez dela ikusten esan zuen.

Aurrekontuak eztabaida gai

Nafarroako Gobernuak Euskarabidera zuzendutako aurrekontuari dagokionez, iaztik %1,44 hazi dela azaldu zuen Hezkuntza sailburuak. NaBaiko Mangadok zehaztu zituen kopuruak, eta onartu zuenez aurrekontua 45.000 euro gehiagokoa da. Hala ere, atzean «iruzurra» dagoela salatu zuen, igoera hori Catalanek aipaturiko 22 langileak ordaintzera bideratzen omen delako eta ez euskararen sustapen edo garapenera.

Bestalde, NaBaiko parlamentariak gogoan izan zituen Euskarabideak euskara sustatzeko asmoz iragarritako politika aktiboak, eta ez dela euskara indartzeko nahikoa kanpaina egin leporatu zion sailburuari.

Tokian tokiko administrazioetan euskararen erabilera bermatzeko hartu beharreko neurrien gainean, berriz, Arartekoaren txostenera jo zuen Mangadok, esanez, bertan jasotako 901 salaketetatik 136 administrazioetan euskaraz moldatu ezin izateagatik direla. Catalanek orduan, euskararen inguruko kexa horien %80-90 Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eginak zirela esan zuen, eta Paula Kasares NaBaiko parlamentaria erakunde horretako kide izan zela aipatu zuen. Arrazoiketa horrekin Behatokian jasotako erreklamazioei «egiazkotasuna» kendu nahi izatea egotzi zion Kasaresek. Gainerako taldeek sailburuaren jarrera goraipatu zuten.

Iruńeko Zaldiko Maldiko elkarteak, bestalde, urteroko sariketa baten berri eman zuen. «Euskararen kontrako lanean ahalegindutakoei» zuzendutako Asto Masto saria Xabier Azanzari emango diote aurten. Euskarabidea sortu zenean itxaropena piztu zela diote, baina Azanzaren jarrerak denak itzali dituela.

Sortzen Ikasbatuaz, euskal irakaskuntzaren alde

Kontseiluak larunbaterako Iruńean antolatu duen manifestaziora joateko deia egin zuen atzo Sortzen Ikasbatuaz elkarteak. Atxikimenduarekin, Nafarroako D ereduko 35 ikastetxetako zuzendaritzek, 33 klaustrok, 24 eskola kontseiluk eta 47 guraso elkartek eta gehiagok azaldu zuten ez datozela bat Gobernuaren politikarekin.

Atzo, nagusiki «Nafarroako Gobernuak euskarazko irakaskuntza publikoan egin dituen murrizketak» salatzea zuten helburu. Hala, «euskaraz ikasteko eskubidearen zonifikazioa» bidegabetzat jo zuten, eta kasu «adierazgarriak» gertatzen direla azaldu zuten, Noaingoa esaterako. Izan ere, bertan euskaraz ikastea posible da gune «ez-euskaldunean» badago ere; beraz, «zergatik ez Mendigorria, Lezaun edo Kortesen?», galdegin zuten.

Era berean, «trikimailuak» erabiliz hezkuntza eredua «deskafeinatu» izana egotzi zieten administrazioei. Horretarako, langile ez euskaldunak sartu, euskarari irakaspen orduak kendu edo eskolaz kanpoko jarduerak «gaztelera hutsean» egiten direla salatu zuten. Bestelako murrizketak kalitatearekin loturikoak direla azaldu zuten, eta «horiek zuzenean euskarari eragin ez arren, eredua kaskartzen dute». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo