GARA > Idatzia > Kultura

Umida Ahmedova, bere herria irudietan jasotzeagatik jazarria

Uzbekistango argazkilaria Bilbon izan da hilabetez, 2008an abian jarri zen artista zentsuratuen aldeko bekari esker. Gurean, Bizkaiari buruzko argazki sorta eta «gerrako haurrei» buruzko lan bat gauzatu du.

Anartz BILBAO | BILBO

«Zein gaiztakeria egin dut? Hiltzaile bat al naiz ba, edo gaizkilea? Negarretan jarri ditut guztiak, nire herriaren edertasuna erakutsita». 1958an Literatura Nobel saria jaso zuen Boris Pasternak -besteak beste, «Zhivago doktorea» idatzi zuen- sobietarraren hitzak dira, hain zuzen ere, «Nobel saria» poematik ateratakoak; Tomas Nuñok aspaldi itzuliak eta atzo Bilbao.Arte aretoan irakurriak.

36ko Gerran Euskal Herritik Errusiara jo zuten haurretako bat dugu Nuño, «gerrako haurra». Atzo honela laburbildu zuen berak erbestealdi hori: «Zazpi urte nituenetik 30 bete arte bizi izan nintzen Errusian, eta orain 50 urte bueltatu Euskal Herrira». Nuñok, ogibidez ingeniari aeronautikoa izana bada ere, 30 liburuxka inguru emanak ditu errusiar olerkarien lanak gaztelerara itzulita.

Olerkiak hunkitu egin zuen Umida Ahmedova, ia-ia negar anpuluka hasteraino. Uzbekistango argazkilari ezaguna dugu Ahmedova, bere herrian jazarria, eta atzo agertu zuenez, bere burua Pasternaken olerkian islatua ikusten du».

Ahmedova (1955, Parkent) Asia Erdialdeko argazkilari interesgarrienetarikoa da eta Oleg Karpov zinemagile errusiarrarekin ezkonduta dago -iraungitako Sobietar Batasunean Zinematografian titulatu zen lehen emakumea da-. «Uler dezaket Gobernua zergatik haserretu den», aitortu zuen atzo. Ahmedovaren esanetan, «Uzbekistanen oraindik birjintasunaren froga egiten zaie emakume ezkongaiei, eta berak, senarrarekin batera, aipatu gaiari buruzko lan bat burutu zuen, askorentzat asaldagarri edo polemiko gertatu zena. «Herritarren gogamena ireki nahia izan genuen, eta askori mingarri egin zitzaien. Azken batean, pertsonak izaten jarraitzen dugu, eta ez gara oso libreak». Eta uzbekistandar artista beldurraren aurka ari da borrokan; «nire beldur propioari aurre egin nahian».

Erantzukizuna

Atzoko agerraldian, Ahmedovak esker ona agertu zion Bilbok egindako harrerari, baita bere ondoan edozertarako laguntza emateko prest izan duen orori ere -Bilbao.Arteko Aitor, Olga itzultzailea, Serrano Ekoizpenak taldeko Luis...-. Izan ere, jazarpena eta zentsura pairatu duten artistak laguntzen dituen bekak ekarri du uzbekistandarra gurera, egitasmo artistiko bat gauzatzera.

Behin Bilbon, gainean zituen beldurrak astindu eta erantzukizun handia sentitu zuen artistak. «Ez nituen argazki turistiko batzuk soilik egin nahi». Eta Bilboko alde zaharrean argazki saio bat egin bazuen ere -Artxandara ere igo zen argazkiak egitera, eguraldi lainotsu eta euritsu «zoragarri» batean-, «gerrako haurrei» buruzko film bat egitea deliberatu zuen -Pasternaken itzultzaile Tomas Nuño eta gurean lagun izan duen itzultzaile Olgaren gurasoak lekuko ditu, esaterako-. «Badakit gaiari buruz lan ederrak egin direla, teknikoki gurea baino hobeak, baina `nire' herri eta kulturako partaide sentitzen nituen. Gainera, jada oso nagusiak dira `gerrako haurrak' -gero eta gutxiago dira-, baina oso lekukotza zintzoak izan ditugu, eta zintzotasunak ematen du fruitua».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo