GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Nakba», amaitu ez den hondamendia

Gaur Estatu israeldarrak bere sorreraren urteurrena ospatuko du, alegia, ehunka mila palestinarren exodoa eta garbiketa etnikoaren hasiera. Palestinarrek ere oroituko dute urteurren hori, baina ez ospatzeko, hain zuzen, beren hondamendiaren eta umiliazioaren hasiera, oraindik bukatu ez den holokaustoaren hasiera deitoratzeko data baita. Eta borrokatzen jarraitzeko borondatea agertzeko ere bai, nakba edo hondamendia oroitzea Estatu sionistak debekatua duen arren.

Gaur, halaber, bada mugagabeko bidegabekeria hori jasaten duten palestinarrekiko elkartasun eguna. Maiz sarraskitu egin dituzte, baina eraso gogorrenen ondoren munduak ahanzturan abandonatu izan ditu, haien aurkako errepresioa egunerokoa den arren. Eta ez Gaza eta Zisjordanian, baizik eta Estatu israeldarreko mugen barruan ere, bertako palestinarrek dioten moduan, hura ere lurralde okupatua baita. Izan ere, beren lurretik inoiz alde egin ez dutenek ez dituzte Estatu horretako gainerako biztanleen eskubide berberak, bigarren mailako herritarrak dira. Milioi eta erdi palestinar horiek ere existitzen dira, ahaztuta dauden arren. Badira 62 urte palestinarren hondamendi etengabea hasi zela, eta bere horretan ez jarraitzeko funtsezkoa da munduko herrien elkartasuna, sionismoaren larderia eta nazioarteko komunitate delakoaren hipokrisia amaitzeko presioa izan behar duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo