GARA > Idatzia > Kultura

«Eskolak euskara libratuko zuelakoan, apur bat moteldu dugu militantzia»

p039_f01_119x116.jpg

Patxi Uribarren

Euskaltzain osoa

Patxi Uribarren Leturiaga Aramaion jaio zen 1942ko urriaren 31n. Filosofian, Teologian eta Linguistikan lizentziaduna, euskararen alde lanean aritu izan da beti. Karmeldarra, Santutxuko gau eskolen sortzailea izan zen, Bostak Bat lan taldearen sortzaile, eta Euskaltzaindiko kide urgazle 1969tik. Egindako lanen artean ditu «Euskarazko hiztegia», «Sinonimoen hiztegia» eta «3000 hiztegia».

Ane ARRUTI | BILBO

Bere herrian, Aramaioko Ibarra elizateko San Martin elizan, egin zuen atzo Patxi Uribarrenek euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia. Arabarrak Henrike Knörrek utzitako tokia beteko du modu honetan. Asier Agirre Aramaioko alkatearen ongi etorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ostean, «Zirelako gara, garelako izango dira» deituriko sarrera-hitzaldia eskaini zuen Uribarrenek. Jose Luis Lizundiak erantzun zion, «Ganbarruetatik Araba euskaldunera» mintzaldiarekin, eta euskaltzain berriari domina eta diploma emanez bukatu zen ekitaldia.

Herriko semearen izendatzea ospatzeko, bestalde, Euskaltzaindiak bihar arte ikusgai egongo den erakusketa bat antolatu du Sastiñan. Erakusketak bi atal ditu: batetik, liburu eta aldizkariak daude ikusgai eta, bestetik, «Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina» deitutakoan, Pirinioetako hizkuntzen ezaugarrietako batzuk eta horien historiaren adierazpen garrantzitsuenetakoak biltzen dira.

GARAk bazkalorduan hitz egin zuen berarekin, Aramaion bertan egindako osoko bilkuraren ostean; «oraingoz ondo; ez dakit gero urduriago jarriko naizen ala ez», adierazi zuen.

Orain arte euskaltzain urgazle izan zara. Zertan aldatuko da zure lana hemendik aurrera?

Ni oraintxe urte eta erdi dela izendatu ninduten eta epe baten barruan sarrera hitzaldia prestatu behar izaten dugu. Euskaltzain urgazle izan naiz 1971tik hona. Euskaltzaindiaren barruan berregituraketa bat egin zuten ni izendatu ninduten garai hartan eta orain lau batzordetan nago. Horietatik bi nahiko garrantzitsuak eta nahikoa denbora eskatzen digutenak. Hizkuntzaren normalizazio arloan nabil lanean.

Dagoeneko erretiratuta zaude. Euskararen aldeko lanean ez al dago erretirorik?

Euskararen alde ari garenok ez daukagu erretiratzeko astirik edo gogorik behintzat. Erretiratu nintzenetik ibili naiz lehen genituen hiztegiak berriztatzen Bostak Bat taldean, Euskaltzaindiko batzorde horietan... Baina horrek ez digu eskatzen egun osoan lan egitea. Orain arte egin ditudan lanetako bat lexikologia hiztegia martxan jartzea izan da.

Normalizazioaren arloan, datuek diote euskararen ezagutza mailak gora egin duela, ez, ordea, erabilerak. Non dago akatsa?

Uste dut inguruko hizkuntzen eta gizarte modernoaren eragina oso handia dela. Guztiz bonbardatuta gaude, batez ere, erdararekin. Guk pausotxo bat ematen dugunerako, ingurukoek hamar ematen dituzte. Guk telebista bat lortu orduko, begira zenbat erdaldun dauden, eta berdin prentsa kontuan. Gogor egin beharko dugu. Horrek guztiak eragina du gazteengan eta beharbada euskaldunen artean ere bai. Uste dut eskolak euskara libratuko zuela pentsatuz apur bat moteldu egin dugula militantzia.

Nola ikusten duzu egoera hori Araban?

Aramaion orain pauso batzuk ematen ari dira. Atzerakada behintzat gelditu eta aurreraka egiteko badaude argibide batzuk, ikusten dira. Uste dut horrek indarra hartuko duela. Gasteiz inguruan, zer esanik ez. Hor euskaldun berriak eta Euskal Herri osotik joandako jende asko ere badago. Euskaldun berrien kopurua gora doa, euskararen aldeko apustua ere badirudi baietz, gurasoak A eta B eredutik D eredura egiten ari dira. Hala ere, ez dugu ahaztu behar erdal munduan bizi garela. Aramaion ez, baina Gasteiz inguruan bai. Eta hori berreskuratzeko, urteak joango dira.

Susperraldi bat badagoela esan daiteke, beraz?

Susperraldi handia beharko litzateke, Euskal Herriko hiri handietan bezala. Hiri handietan, euskaldun asko egon arren, gero, bizitzeko aukera gutxi dauka euskaldunak inguru guztia erdalduna baldin bada. Oraindik uste dut iraupen garaian gaudela. Ari gara errekuperatzen lehen galdutako lurraldeak, baina ezin da kanpai joka hasi euskara salbatuta dagoela pentsatuz.

Normalizazio prozesu horretan, erremintak -zuk landutako hiztegiak kasu- gaur egunera moldatzeak garrantzia izango du. Teknologia berrien garai honetan, nola ikusten duzu Euskaltzaindia?

Nire ustez, Euskaltzaindiak berak teknologikoki oso aurreratuta ditu programak eta horrek asko errazten du lana eta ikerketa. Hori ikusten ari naiz. Baina euskara kontuan, eta gu ere hor ahalegindu gara, zortzi urte dela inkesta bat egin genuen gehien erabiltzen diren hitzak, beharrezkoenak, jendeari eskaintzeko. Oraintxe atera berri dugu «Motxilako hiztegia», asmo horrekin. Gertatzen dena da teknologia berriak mutuak direla eta horrek kezka handia sortzen dit. Interneten eta ordenagailuekin gazteek gero eta ordu gehiago sartzen dituzte, baina horiek ez dute hitz egiten. Eta hizkuntzaren oinarria hitz egitea da, hitz eginez, harreman bidez transmititzen da. Entzutearekin bakarrik ezin da hizkuntza bat menperatu. Gero eta hobeto egiten dituzte ikasleek lanak, badirudi euskara gehiago dakitela, baina hitz egitean nahiko zailtasun dituzte. Uste dut hortxe egin behar dugula, aztertu, nola lortu erabilera hori.

Horixe izango da orduan zuen erronketako bat?

Euskaltzaindiarena eta denona. Ikastolena eta euskaldun ororena da erabileraren arazoa. Euskal gizarte guneak sortu behar dira eta hor gazteek dakiten euskara erabili. Hizkuntza batean erraztasuna galtzen denean, utzi egiten zaio erabiltzeari. Euskara erabiltzea nekeza egiten bazaizu, erdarara joko duzu. Hortxe dago arazoa eta uste dut fase horretan gaudela momentu honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo