GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Uzkudun ESAITeko kidea

Iratiko tourra

Urrakiko maldetan, bi zikloturistak bat egin eta atzetik datorrena aurrekoaren parean jarri eta nor den ikusi duenean, zur eta lur geratu da, inoiz ez zuelako pentsatuko Pello bizikletaren gainean ikusiko zuenik, eta are gutxiago Urrakiko malda gogorrak igotzen. Erritmoa lasaitu eta Pellorekin solasean lasaiago joatea erabaki du. Baina jakin-mina ase nahian, bizikletan noiztik dabilen galdetu dio Pellori, eta honek Iratiko tourra zikloturista proba prestatzen ari dela esan dio, eta uztailaren 3an eta 4an izango dela Maulen.

-A, Maulen, Frantzian? -Patxik.

-Maule Zuberoa duk, Euskal Herria, motel!

-Bai, bai, Euskal Herria. Badakik, ohitura. Eta zer esan duk bi egunetan izango dela proba?

-Bai, eta, gainera, Euskal Herrian horrelako zerbait egiten den lehen aldia duk. Orain arte ez duk bi eguneko probarik izan. Hori dela-eta hasi nauk bizikletan. Gainera, aurten bigarren edizioa izango duk, eta iaz parte hartu zuen jendeak oso ondo hitz egin zidak berari buruz. Probaren zatirik handiena neutralizatua omen duk eta ez omen duk hemengo zikloturista proben antzekoa, hasi eta bukatu ziztu bizian. Hori bai, probaren tarte bat kronometratua eta maldan gora, eta egurra eman nahi duenak hor izango dik aukera, baina nahi ez duenak bere martxan igo eta kitto. Hori amaitzean berriro proba neutralizatu egiten omen duk, eta zerbait jateko eta edateko denbora hartu ondoren, berriro denak elkarrekin abiatzen omen dituk.

-Hi, eta bi egun izanda, lo egiteko, nola egin behar duk?

-Ni furgonetan niak, baina aukera gehiago ere bazeudek, baina onena www.iratikotourra web orrian sartzea duk eta lo egiteko eta probari buruzko beste xehetasun guztiak bertan dituk. Sar hadi eta ikusiko duk. Asteburu ederra Euskal Herriko parajerik zoragarrienetako batean. Gainera, larunbat arratsaldean euskal festa txiki bat ere izango duk, dantzariekin eta abeslariekin. Eta lasaiago ibili nahi baduk, berriz, beti zegok inguruko leku zoragarriren bat ezagutzeko aukera. Eta horrelako aukerak ez dituk asko izaten. Hi, Pello, Urrakin gaudek. Ez nian uste hain erraz igoko nuenik. Horrela, lasai-lasai errazago igotzen dituk mendateak, ez zaik iruditzen? Ni hemen geratuko nauk, mokadu bat jaten eta paisaiaz gozatzen.

-Ni baniak, baina, kasik seguru, han ikusiko diagu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo